Berriak Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoa
Eu

Euskadik 195 milioi euroko itzulkina lortu du I+Gko Europako VII. Esparru Programaren lehen lau urteetan

2011.eko ekainak 20

Euskal Autonomia Erkidegoak, Espainiako BPGaren % 6,2 biltzen duenak, herrialde osoaren diru-sarreren % 16,16ko itzulkina lortu du.

Euskadik aurreko laurtekoan baino diru-sarreren % 49 gehiago lortu du Esparru Programaren lehen lau urte horietan.

Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoko sailburu Bernabé Undak, Zientzia eta Berrikuntzako ministro Cristina Garmendiak eta Europako Batzordeko Ikerketa Arloko zuzendari Octavi Quintanak gaur inauguratu dute Donostian EBren I+Gko VII. Esparru Programaren 5. Konferentzia, Espainian ospatzen ari dena. 

Euskadik gorantz berrikusi ditu bere helburuak datozen bi urte eta erdietarako, eta egungo Esparru Programatik 220 milioi lortzeko helburua du.

I+Gko europar finantzaziotik diru-sarrera gehien lortzen duen Espainiako erkidegoetako bat da Euskadi. Gaur inauguratu dute Donostiako Kursaalen EBren Esparru Programaren Konferentzia, datozen bi egunetan I+Gko Europako Erkidegoko esparruan Espainiako enpresa eta ikerketa-agenteen parte-hartzearen aurrerapausoak ezagutzera emango dituena, eta kasu arrakastatsuak eta jardunbide egokiak aztertuko dira bertan.

Zientzia eta Berrikuntza Ministerioak hautatu du Euskadi 2011. urte honetan mila parte-hartzaile inguru izaten dituen urteroko elkarraldi honetarako, eta gure autonomia-erkidegoak 195 milioi euroko itzulkin ekonomikoa lortu du I+Gko VII. Esparru Programaren lehen lau urteetan.

Zifra hori esanguratsua da, izan ere, Euskadik Espainiako BPGaren % 6,2 biltzen baitu, eta azken lau urteetan, aldiz, herrialde osoaren diru-sarreren % 16,16ko itzulkina lortu du.

Euskadik Europako finantzaketa duten I+Gko proiektuen arloan Espainiako panoraman duen indar handia nazioartean ere islatzen da. EBren esparruan Euskadik BPGaren % 54 biltzen du, eta lehen lau urteetan, aldiz, Batasuneko 27 herrialdeetan esleituriko guztiaren % 1,22 lortu du, eta hori horrela, % 34 hobetu du bere errendimendua aurreko Esparru Programarekiko.

Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoko sailburu Bernabé Undak gaur parte hartu du Konferentziaren inaugurazioan Zientzia eta Berrikuntzako ministro Cristina Garmendiarekin eta Europako Batzordeko Ikerketa Arloko zuzendari Octavi Quintanarekin batera. Azpimarratu duenez "gure agenteak benetan dira aktiboak, kalitatezko I+Ga egiten dute eta Europar Batasunak eskaintzen duen finantzaketaren diru-sarrera handiak erakartzeko gai dira".

Gainera, 2007-2011 aldian lortutako datuei dagokienez, honako hau gogorarazi du: "2006an aldi horretarako ezarri genuen helburua, 180 milioi euroko itzulkina alegia, gainditu dute nabarmen".

Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko agente, unibertsitate, zentro teknologiko eta enpresen bitartez parte hartzen du Euskadik programa horretan. Oro har, aurreko lau urteetan (VI. Esparru Programaren aldia) baino % 49,4 diru-sarrera gehiago erakarri dituzte.

Guztira 606 euskal agentek parte hartu dute proiektuetan, eta Euskadiko parte-hartzaileak 134 proiekturen buruan egon dira. Hala, itzulkinari dagokionez 2006an Euskadiren Europako Koaderno Estrategikoan ezarritako helburua % 8,8an gainditu du Euskadik.

Nabarmentzekoa da enpresek lortutako % 22ko itzulkina, baita korporazio teknologikoek bete duten zeregina ere, Euskadiren itzulkinaren % 51 erakarri baitute, hain zuzen ere 97 milioi euro 289 parte-hartzetan, 65 proiekturen buruan egon direlarik.

NMP (Nanoteknologiak, Materialak eta Prozesuak) jarduerak dira Euskadirako itzulkinei dagokienez ondoen jarduten ari direnak, eta, jarraian IKTak eta Energia eta Garraioa, hurrenez hurren. Zenbait arlotan, Euskadi oso emaitza onak lortzen ari da. NMP jardueretan, esaterako, Espainiak eremu horretan dituen itzulkin guztien % 24 lortu du Euskadik. Ildo beretik, Energia, Garraioa eta IKTak Espainiako % 21, % 20 eta % 9,3 dira, hurrenez hurren.

Bernabé Undak ziurtatu duenez, Saila lanean ari da Euskadik honako helburu hau bete dezan: "diru-sarrera gehien lortzen dituen erkidegoetako bat izatea". "Gure proiektuak Espainiako eta Europako onenen artean daude", erantsi du.

Goranzko helburua 2013rako

Sailburuak aurreratu duenez, Euskadik azkenaldian berrikusi egin ditu bere helburuak zazpigarren Esparru Programatik geratzen diren bi urte eta erdietarako (2013ko amaierara arte dago indarrean programa). Eta gorantz zuzendu dira 2006an egindako aurreikuspenei dagokienez.

Horrela, 2011-2013 aldian 210 milioi euro lortzea zegoen aurreikusita, eta berrikuspen berriarekin, aldiz, 220 milioi euroko itzulkina finkatu da helburutzat, 10 milioi gehiago. Gauzak horrela, urtean 70 milioiko itzulkina gainditzen dute aurreikuspenek, eta orain arte lortutakoa, aldiz, urtean 50 milioiko kopuruaren zertxobait azpitik zegoen.

Euskadi lanean ari da jada bere posizioa definitzeko 8. Esparru Programarako, hau da, Ikerketa eta Berrikuntzako Estrategia Erkiderako (ESFRI-European Strategy For Research and Innovation). Eusko Jaurlaritzak bere ekarpenak gehitu nahi dizkio CDTI prestatzen ari den Espainiaren posizioari.

Sailburuak bere hitzaldia amaitu du I+G+B+Naren garrantzia azpimarratuz, hau da, berrikuntzaren, ikerketaren eta garapenaren baturarena, nazioartekotzearekin batera, "Euskadiren, Espainiaren eta Europaren aurrerapena ziurtatzeko".

Berrikuntzako idazkari orokor Juan Tomás Hernanik gaur arratsaldean itxiko du lehen jardunaldia zenbait sariren banaketarekin, eta 2010. urteari dagozkion deialdietan Europako proiektu handiak koordinatu dituzten Espainiako hainbat erakundek jasoko dituzte sari horiek, hain zuzen ere.

Zientzia eta Berrikuntza Ministerioak eta Eusko Jaurlaritzaren Industria, Merkataritza, Berrikuntza eta Turismo Sailak antolatu dute konferentzia, lehenengoak Garapen Teknologiko Industrialerako Zentroaren (CDTI) bidez, eta bigarrenak Eraldaketa Lehiakorrerako Sozietatearen (SPRI) bidez

  

Donostia-San Sebastian, 2011ko ekainaren 20a

 

Iruzkin bat
  • @IDELabs
    2011.eko ekainak 20

    Comentario de Twitter:
    Euskadi logra 195 millones de euros de retorno en los primeros cuatro a ños del VII Programa Marco europeo de I+D http://t.co/qeKFSUo

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan