Javier Hurtado sailburua: "Erakundeok neurri koordinatuak hartu behar ditugu turismoari, ostalaritzari eta merkataritzari laguntzeko"

2020-12-21

Radio Euskadiko “Boulevard” programan, Javier Hurtado sailburuak nabarmendu du erakundeek neurri koordinatuak hartu behar dituztela turismoaren, ostalaritzaren eta merkataritzaren sektoreei laguntzeko. “Administrazio publikook ahaleginak areagotu behar ditugu eta krisiaren ondorioak arintzeko laguntzak eta neurriak koordinatzen saiatu behar dugu, ezein gobernuk ezin izango baitie sektore jakin baten galerei aurre egin” adierazi du.

Hain zuzen ere, “merkataritza-alokairuen” arloan, aditzera eman du krisiaren ondorioak ezin direla soilik errentariaren gain egon, ahalegin partekatua egin behar dela. “Administraziook —erantsi du— batera aztertu behar dugu Euskadiko alokairuen benetako egoera, eta neurri koordinatuak ezarri behar ditugu. Soluzioa ezin da soilik errentariaren gain egon”.

Plataforma digitalek tokiko merkataritzan duten eraginari dagokionez, adierazi du plataforma handiak orainaren eta etorkizunaren parte direla, baina hiru baldintza bete behar dituztela: bidezko tributazioa, langileen eskubideen errespetua eta tokiko enpresa txiki eta ertainak dinamizatzen laguntzea. “Horixe da egon behar duen bizikidetza; guk hurbileko merkataritza babestuko dugu, zergak hemen ordaintzen dituena eta gure osasunari eta hezkuntzari laguntzen diona.”  

Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuak jakinarazi du, halaber, sailak dagoeneko tramitatu dituela ostalaritzaren sektoreak eskatutako 9.800 laguntzetatik 2.000 baino gehiago. “2.000 eskaera baino gehiago horien tramitazioa egin da eta lehen ordainketak ere tramitatuta daude, laguntzak abenduaren 31 baino lehen jasotzeko konpromisoa betez”.

Turismo-sektorearen egoerari buruz, ohartarazi du datuak oso kezkagarriak direla eta gaurko Turismo Mahaian aztertuko direla. “Oso egoera zailean daude, eta administrazio guztion artean neurriak ezartzen jarraitu behar dugu; laguntza eta sostengua eman behar diogu lan handia egin duen eta Euskadi helmuga paregabea izatea, turismo-lehiakortasun onenarekin, lortu duen sektoreari”.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak