Berriak Segurtasuna

Hondarribia, Ertzaintzak 6.300 euro atzeman dizkio atxilotu bati billete faltsutan

2020-12-18

Ertzainek 45 urteko gizon bat atxilotu zuten atzo, osteguna, Hondarribian, substantzia sorgorgarriekin trafikatzea eta dirua faltsifikatzea leporatuta. Atxilotuaren autoa miatu zutenean, 100 gramo haxix, kokaina zuen poltsatxo bat eta billete faltsutan 6.300 euro aurkitu zituzten.

 

Polizia-jarduera atzo, osteguna, goizeko 10:00etan burutu zuten. Herritarrak babesteko lanetan ari zen Ertzaintzako patruila batek auto baten datuak egiaztatu zituen, agenteei deigarria egin baitzitzaien Hondarribiako Mendelu-Amute inguruko aparkaleku batean ikusi zutenean.

Autoaren gidaria aparkalekutik irteten saiatu zen, baina ezinean abiatu eta ia-ia polizia-autoa jo aurretik gelditu zen. Pertsona identifikatzera zihoazela, ertzainek ikusi zuten haxix zati bat ezkutatu nahian ari zela, eta, horrez gainera, diru-kopuru esanguratsua ikusi zuten billetetan eserleku gainean, ateetako zuloetan eta gordelekuan.

Legezko billeteen oso antzekoak izan arren, ertzainek egiaztatu zuten ez zituztela hainbat segurtasun-neurri betetzen eta ez zirela, beraz, benetakoak. Guztira, 6.300 euro ziren, gehienak 50 eta 20 euroko billeteak, nahiz eta bazeuden 100 eta 200 euroko bi kopia ere. Faltsifikatutako dirua Ertzaintzako Polizia Zientifikora igorri dute aztertu eta analizatzeko.

Prebentziozko miaketa egin ziotenean, inplikatuari, adierazitako 100 gramo haxix horiez gainera, ustez kokaina zen dosi bat, telefono mugikorrak, bi datafono, hirugarren pertsonen kreditu-txartelak eta dokumentazioa aurkitu zizkioten, eta kasuaz arduratu diren agenteek horiek ikertzen jarraituko dute. Autoa miatzen Ertzaintzako Txakur Unitateko baliabide batek parte hartu zuen.

Aurkitutako ebidentzietan oinarrituta, agenteek atxilotu egin zuten gizona, osasun publikoaren aurkako delitua eta dirua faltsifikatzea leporatuta. Ertzain-etxean izapideak egiten amaitu ondoren, atxilotua Irungo Guardiako Epaitegiaren esku jarriko dute.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko