Berriak Hezkuntza

Jokin Bildarratzek Soraluzeko institutua bisitatu du

2020-12-18
  • 2020-2021 ikasturtean DBHko 151 ikasle ari dira Soraluze BHIn (12-16 urte bitartekoak)
  • Hezkuntza Sailak 820.000 euroko inbertsioa egin du Soraluzeko institutua birgaitzeko lanetan; igogailua ere jarri da, eta frontoia estali

Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburua Soraluzeko Bigarren Hezkuntzako Institutuan izan da gaur goizean, eta bertako zuzendaritza-taldearen eskutik ezagutu du ikastetxe horretan garatzen ari diren hezkuntza-proiektua. 2020-2021 ikasturtean 151 ikasle ditu matrikulatuta Soraluze BHIk. Institutu honek Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako etapa eskaintzen du (12 eta 16 urte bitarteko ikasleak).

Bisitan, sailburuak bertatik bertara ikusi ahal izan du nola geratu den Soraluze BHI, Hezkuntza Sailak bere instalazioetan egin dituen birgaitze-lanen ondoren. Hezkuntza Sailak, guztira, 820.219,05 euroko inbertsioa egin du (BEZa barne) duela gutxi amaitu dituen lanak burutzeko. Funtsean, erabateko birgaitzea egin da eraikinean, bai barnealdean bai kanpoan, eta horrez gain igogailua jarri da eta frontoia estali da.

Eraikina birgaitu, irisgarritasun lanak eta frontoiari aterpea

Soraluzeko institutuaren eraikina birgaitzeko lanak udan hasi ziren, uztailean, 2019-2020 ikasturtea amaitu ondoren, eta abenduko lehen egunetan eman dira amaitutzat. Neurri handi batean, ikastetxearen funtzionamenduarekin eta eskola-jarduerarekin batera egin ahal izan dira obrak, ikastetxeko zuzendaritzaren eta obrako zuzendaritzaren artean etengabe izan den koordinazio egokiari esker.

Soraluzen egindako lanen emaitza, institutuko eraikina erabat birgaituta gelditu da, honako arlo hauetan egin baitira lanok:

Eraikinaren barnean egin diren lanak:

  • Igogailua ezartzea
  • Komun irisgarriak egitea
  • Barnealdeko arotzeria guztia aldatzea
  • Instalazio elektrikoa berritzea: instalazio orokorra aldatu, distribuzio-koadroak aldatu, argiteria berritu eta entxufe-puntu berriak sortzea
  • Barneko zenbait espazioren erabilera eta banaketa aldatzea
  • Barneko horma guztiak margotzea
  • Erradiadoreak ordeztea edo konpontzea

Eraikinaren kanpo aldean egin diren lanak:

  • Kanpoko arotzeria guztia aldatzea: leihoak eta kanpoko ateak
  • Fatxada margotu eta tratamendua ematea
  • Teilatuan konponketak
  • Urbanizazio lanak eta sarbideak: kanpoko zoladurak aldatzea eta sarbideetan arrapalak egitea

Frontoian egin diren lanak:

  • Frontoiari aterpea egitea
  • Horma biak margotzea

Bost hilabeteko exekuzio epea izan duten lan hauek egiteko, Hezkuntza Sailak 820.219,05 euroko inbertsioa (BEZ barne) egin du Soraluzeko institutuan.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak