URAk Elorrioko Toloto ibaiaren 300 metroko estaldura kentzeko lanak amaitu berri ditu
- Ibaizabalekin bat egin aurretik, estalitako ibai-tartearen ordez, beste ibilgu-tarte bat egin da: 240 metrokoa, aire zabalean
- Ibaiaren ibilgu berriak 18 eta 14 metro argiko bi zubi eraikitzea egin du beharrezko, hiriko bideei jarraitasuna emateko: inbertsioa 1,6 milioi eurokoa izan da
URA-Uraren Euskal Agentziak —Eusko Jaurlaritzaren erakunde publikoak—, lanak amaitu ditu Toloto errekaren ibilgu estaliaren 300 metroak aire zabaleko 240 metroko tarte berri batez ordezkatzeko, non eta Elorrioko hiri-bilbearen parean, Ibaizabalekin bat egin baino lehenxeago: Ibaizabaleko aurreko bokaletik, ibaian gora.
Halaxe egiaztatu izan ahal dute URAko zuzendari nagusi Antonio Aizek eta Elorrioko alkate Idoia Buruagak, bertatik bertara, Elorrioko obretara gaur egin duten bisitan. Ibilgu berri horrek, era berean, 18 eta 14 metroko argiko bi zubi eraiki beharra ekarri du: ibilguan euskarririk ez dutenak, uren joan-etorri askea errazteko, eta egungo ibilgailu- eta oinezkoen mugikortasunari eusteko.
Jarduketa osoaren helburua Elorrioko hiri-bilbearen segurtasuna areagotzea izan da, Tolotoko ur-goraldiei aurre eginez. Horretarako, estaldura bat kendu eta aurreko ibilgutik ekialderago, eta aire zabaleko ibilgu berri bat eraiki da. Hau da, oso degradatuta dagoen ibai-tarte bat naturalizatu da — biodibertsitate handiagoa hartzen duen landareztatutako ezponda etzanekin —, eta jabari publiko hidraulikoaren zortasunaren 5 metroko tartea gorde da. Jarduketa konplexua izan da, eta 1,6 milioi euroko inbertsioa egin behar izan da guztira
Toloto ibaia aire zabalean
Toloto erreka Ibaizabal ibaiaren adar bat da, eta 3 km inguruko luzera du. Ibaizabalekin bat egin aurretik, 300 metrotan Elorrioko hirigunetik igarotzen zen estaldura baten barrutik, kaleen zoladuraren azpitik. Egoera horrek zaildu egiten zuen ur handien joan-etorri askea, eta uholdeak eragin zitzakeen, bai estalduraren ahalmen hidrauliko txikiagatik, bai flotatzaileek (enborrak, urak eraman ditzakeen deposituak) buxadurak sortzeko aukeragatik.
Gainera, tarte horren aurreko egoerak ez zituen betetzen indarrean dauden arau-xedapenak: ez baitute estaldurarik onartzen, ez eta ibilgu-ertzak urbanizatzea ere. Estalkia kendu eta ibilgua ibilgu berarekin mantentzeko proiektuak arazo ugari zituen, estalkiaren gainean eraikinak zeudelako eta errekaren zabalera nahikoa lortzea ezinezkoa zelako, hainbat oztopo baitzeuden.
Toloto errekaren zati berriak ezponda etzanak ditu, ezpondaren oinarrian sahats-aldaxkak landatu dira, eta ezpondaren goiko aldean zuhaitzak eta zuhaixkak landatu dira.
Lanok 21 m3/s-ko (Toloton, 100 urteko errepikatze-denbora) emaria husteko gaitasun hidrauliko nahikoa sortu dute, eta Elorrion uholde-arriskua nabarmen murriztu da (Toloto eta Ibaizabal ibaien uraldiek eraginda).
Argazki gehiago: https://www.flickr.com/photos/uraagentzia/albums/72157711447476317