Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailaren aurrekontua % 8 handitu da eta sektoreari eusteko ezohiko neurriak gehitu ditu

2020-12-23

Javier Hurtado Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuak euskal turismo-sektoreari eusteko beste laguntza-programa baten berri eman du. Programa hori urtarrilean ezarriko da eta ezohiko baliabideak izango ditu.

47,2 milioi euroko aurrekontuak —% 8 handitu da— COVID programa bana jasotzen du Turismoaren eta Merkataritzaren arloetan.

Javier Hurtado Turismo, Merkataritza eta Kontsumo sailburuak gaur aurkeztu die aurrekontu-aurreproiektua Eusko Legebiltzarreko Batzordeko kideei. “Ziurgabetasun-esparru honetan”, adierazi du, “COVID premietara egokitutako aurrekontuak dira, kontingentzietarako berariazko funtsekin osatzen direnak. Badakigu ezohiko egoerek ezohiko neurriak eskatzen dituztela”.

Ildo horretan, jakinarazi du urtarrilean ezohiko baliabideekin garatuko duten lehen neurrietako bat euskal turismo-sektoreari eusteko laguntza-programa izango dela. Programa horretan pisu handia izango dute zuzeneko laguntzek, baita sektoreari laguntzeko beste neurri batzuek ere. Programa berri hori dagoeneko tramitatzen ari diren 2 programei batuko zaie eta sektorerako ezohiko laguntzetan inbertitutako aparteko 55 milioiekin ordainduko da.

Krisialdiaren irteera 2 fasetan jorratuko da: erresistentzia eta erreaktibazioa. Erresistentzia fasea bat dator, hein handi batean, ezohiko neurri horiekin. Bigarren fasera, erreaktibaziora, zuzentzen dira aurrekontu-ildoetako gehienak. Hain zuzen ere, turismoaren, ostalaritzaren eta merkataritzaren sektoreak suspertzera, sektore horiek lehengora daitezen.

Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailaren aurrekontu-proiektuak 47,2 milioi euro ditu, hau da, 3,5 milioi euro gehiago, % 8ko igoera. Turismo Zuzendaritzak 17,1 milioi euroko aurrekontua du, eta zenbateko horretatik 8,3 milioi Basquetour Turismoaren Euskal Agentziari transferitzen zaizkio. Merkataritza Zuzendaritzak, berriz, 18,5 milioi euroko partida du. Eta Kontsumobidek 7,1 milioi euroko aurrekontua du.

Turismo eta Ostalaritza Zuzendaritza

Aurrekontuak 3,1 milioiko COVID programa bat du. Programa horrek barnean hartzen ditu, batik bat, sektoreari laguntzeko partidetako 2 eta pizgarri-programa berria: Turismo Enpresen Lehiakortasunaren Hobekuntzarako Laguntzak, turismo-ekintzailetzarako laguntzak, 1,1 milioirekin; Turismoa Merkaturatzeko eta Sustatzeko Laguntzen Programa, 257.000 € dituena; eta, COVID programa horren hirugarren zutabe gisa, turismo-sektorea sustatzeko eta laguntzeko programa berria, 1,8 milioi euroko partida duena.

Laguntzez gain, Lurralde Proiektu Turistikoen Programa ere hartu behar da kontuan, 1,5 milioi eurorekin. Era berean, sektorea prestatzera eta profesionalizatzera bideratutako diru-laguntzak daude, baita Euskadi Basque Country herri-marka finkatzen laguntzen duten ekitaldiak bultzatzera bideratutakoak eta ostalaritza-elkarteentzako diru-laguntzak ere.

Laburbilduta, Turismo eta Ostalaritza Zuzendaritzak 5,2 milioi eurotik gorako inbertsioak egiten ditu, laguntzen eta diru-laguntzen bidez. Beste 1,4 milioi zuzentzen dira sustapenera eta informaziora.

Bestalde, Basquetourrek 8,3 milioi euroko aurrekontua du, eta partida orokor hauetan antolatzen da. Pisu nagusia marketinaren eta helmuga sustatzearen arloak du, 3 milioi eurorekin.

1 milioi euro bideratzen dira lehiakortasun, prestakuntza eta gobernantzako programetara. Produktura zuzentzen den ildoak 1,5 milioi euro ditu. Euskadiko Behatoki Turistikoak (Enfokatur), berriz, 471.196 euro ditu, merkatuen inteligentziara, azterketetara edo Inteligentzia Turistikoko Sistemara  bideratuta.

Merkataritza Zuzendaritza

Merkataritza Zuzendaritzako aurrekontua 2 ikuspegiren inguruan egituratzen da: batetik, pandemiaren inpaktuarekiko erresistentzia, saltokietara, kontsumoa sustatzera eta zonako kaleko elkarteei laguntzera zuzendutako neurriekin. Bestetik, proiektuen dinamizazioa eta, merkataritza-sektoreko plataformen, federazioen eta agenteen bidez, ekintzen sustapenera.

Merkataritza Zuzendaritzak ia 18,5 milioi euroko aurrekontua du. Hau da, % 8,8ko igoera, 1,5 milioi gehiago. Merkataritza Zuzendaritzaren aurrekontua bi programatan egituratzen da: COVID programa, aurrekontuaren % 64rekin (12 milioi euro) eta MERKATARITZA programa, aurrekontuaren % 35rekin, 6,5 milioi euro.

COVID programak 7 milioiko partida aurreikusten du aurrekontuan, tokiko saltoki txikiak suspertzeko plan baterako eta kontsumorako pizgarriak emateko.

Merkataritza-programak 6,5 milioi euro inguru ditu, eta 1,5 milioi euro bideratzen ditu proiektu estrategikoak abian jartzera eta 4,4 merkataritza-sektoreko asoziazionismoari laguntzera eta berariazko programak kudeatzera. 

Sailak, Merkataritza Ganberen bidez, garatutako programa espezifikoek 2,1 milioi euroko aurrekontua dute, eta, hartara % 13,7 murriztu dira. Hor barnean hartzen dira eus-commerce programa, 1 milioi eurokoa eta Retail Euskal Eskola, 750.000 eurokoa. Horrez gain, Merkataritza Banaketaren Behatokira bideratutako partida 240.000 eurora arte handituko da, krisiaren jarraipenari buruzko berehalako informazioa izateko.

 

Kontsumobide

Kontsumoko Euskal Institutuak 7,1 milioi euroko aurrekontua du. Aurrekontua % 2,7 hazi da, hein batean, kontsumitzaileak sentsibilizatzeko eta kontzientziatzeko azterketetan eta kanpainetan izandako gorakadaren ondorioz.

Kontsumobideren aurrekontuaren % 52, 3,7 milioi euro, bideratuko da erreklamazioen eta kontsulten aholkularitzara, tramitaziora eta ebazpenera. Era berean, gatazkak bitartekaritzaren eta arbitrajearen bidez konpontzera eta kontsumo-ikuskaritzara zuzenduko da.

Funtzionamendu-gastuen barruan (1,7 milioi), prestakuntza-proiektua da garrantzitsuena, 895.000 €-rekin, eta proiektu horren helburua da prestakuntza-eskaintza zabalagoa, malguagoa eta gaur egunera egokituagoa txertatzea.

Informazioak eta sentsibilizazioak 222.800 €-ko zuzkidura du, eta zuzenduko da arlo hori indartzera eta komunikazio-esparru berriak eta kontsumitzailearengana iristeko modu berriak bilatzera. Kontsumobidek 1,3 milioi euroko partidari eusten dio, Kontsumoko Udal Bulegoetarako eta kontsumitzaileen elkarteetarako.

Esku hartzeari amaiera emateko, sailburuak aditzera eman du ez dela “ez da garaia batzuek aurreko krisian izan zuten austeritate hedakorraren diskurtsoan erortzeko. Eta orduan gogor kritikatzen baziren gozamena aukeratzen zuten gobernuak, gaur egun harro nago Gobernu honek inbertsioaren bidea hartu duelako.”.

 “Izan ere, krisiari aurre egiteko modu hori sozialdemokraziaren garaipena da. Alderdi sozialistak urte askoan defendatu dituen eta orain beste ahots asko batzen zaizkion tesiei erantzuten die. Eta pozten naiz, ziur bainago ziurtasunik gabeko krisi berri eta global honi aurre egiteko biderik egokiena hartu dugula” adierazi du.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak