Berriak Hezkuntza

2021eko Aurrekontu Lege Proiektuaren aurkezpena: Hezkuntza Saila

2020-12-22
  • Hezkuntza Sailak 3.108,1 milioi euroko aurrekontua aurkeztu du; aurreko aurrekontuan baino 168,9 milioi euro gehiago esan nahi du horrek, %5,7ko hazkundea
  • Hezkuntza-ekitatea eta aukera-berdintasuna bultzatzeko helburuz, 105,5 milioi euro bideratuko dira beka eta laguntzetara
  • Digitalizazio Plana: 106,3 milioi 3 urtean. 2021ean 35 milioi euro inguru erabiliko dira, besteak beste, ikastetxe publikoetako Lehen Hezkuntzako 5. mailatik Batxilergoko 2. mailara bitarteko ikasle guztiek beren ordenagailu eramangarria izan dezaten
  • Lanbide Heziketan, trantsizio berdea, adimen aplikatua eta 4.0 inguruneak
  • 65,5 milioi bikaintasuneko ikerketa-politiketarako; gehikuntza handia Ikerbasqueren aurrekontuan; eta 4 milioi Medikuntza eta Erizaintza Fakultaterako

Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak, bere lantaldeko sailburuordeak lagun zituela, Eusko Legebiltzarrean aurkeztu du gaur goizean bere Sailak 2021erako prestatutako aurrekontua.

Eusko Jaurlaritzak egindako Aurrekontuen Lege Proiektuak 3.108,1 milioi euroko partida aurreikusten du Hezkuntza Sailarentzat, hau da, aurreko aurrekontuarekin alderatuta, % 5,7ko igoera. Kopuru hori Eusko Jaurlaritzak datorren urterako egindako aurrekontu osoaren % 25 da.

Hezkuntzarako sarbidean berdintasuna, ekitatea eta bikaintasuneranzko bidea egiteko konpromisoaren barruan, Hezkuntza Sailak 105,5 milioi euro baino gehiago bideratu ditu bere aurrekontuetan beka eta laguntzetarako.

Halaber, aniztasunari eta Hezkuntza Premia Bereziak dituzten ikasleei arreta emateko 25,5 milioiko partida dago aurreikusita. Arlo honetako ekintzen artean, premia ekonomikoak zein emozionalak dituzten ikasleei erantzuna ematea helburu duten ekimenak nabarmentzen dira, 3,4 milioi euroko aurrekontuarekin.

Haurreskolak Partzuergoak datorren ekitaldirako aurrekontua handituko du. Hala, aurtengo aurrekontuak aurreikusten zituen 53,7 milioietatik, 2021erako kontuak handitu egin dira, 57,7 milioi eurora iritsi arte. Igoera honen bidez, milaka familiak jasotzen duten zerbitzuaren kalitatea indartu nahi da.

Benetako gizarte-kohesioa hezkuntzan inklusio eraginkorra eta ausarta bermatzetik hasten da, baina, era berean, Eusko Jaurlaritzari dagokio sistemaren emaitzak hobetzea, goranahi handiagoz aritzea eta autoexijenteagoak izatea. Bikaintasunerantz urratsak egiten jarraitzeko, lehiakortasuna sustatzeko eta etengabeko hezkuntza-hobekuntzan aurrera egiteko, 2,8 milioi euro jaso dira hurrengo urterako.

Hizkuntzei dagokienez, Hezkuntza Sailak honako hauek bultzatuko ditu: hizkuntza-proiektu berritzaileak diseinatzeko programak, irakurketa sustatzeko eta ulermena hobetzeko proiektuak eta atzerriko hizkuntzaren kalitatea hobetzeko ekintzak, bereziki ingelesez azken hauek. Hezkuntza sistema eleaniztun baterantz aurrera egiten jarraitzeko helburuak 6,25 milioiko aurrekontua izango du.

Azpimarratzekoa da, era beran, Hezkuntza Sailak datozen urteetarako digitalizazio-estrategia sendo bati bultzada emateko egin duen apustua ere. Zeharkako plana da hau Sailean, hezkuntza-etapa guztiak ukitzen dituena, eta Sailaren funts propioetako 106,3 milioi euroko inbertsioa aurreikusten duena datozen 3 urteetarako. Helburua, gainera, EB-ko Next Generation funts gehigarriak eskuratzea da, Next 2021-2026 Euskadiko Programa propioaren bidez. Estrategia horren bidez, ikastetxeen alfabetizazio digital integralean aurrera egin nahi da, profesionalen eta ikasleen trebakuntza indartuz. Horretarako, kalitatezko prestakuntza-prozesua erraztuko duten azpiegiturak eta tresnak izango dira, teknologiaren eremuan ekitateari eta aukera-berdintasunari erantzungo diotenak. 2021ean 35 milioi euro inguru erabiliko dira, besteak beste, ikastetxe publikoetako Lehen Hezkuntzako 5. mailatik Batxilergoko 2. mailara bitarteko ikasle guztiek beren ordenagailu eramangarria izan dezaten.

Era berean, zeharkakoa da STEAM Euskadi Estrategia ere, sailburuordetza guztiek sustatzen dutena. Adin guztietako ikasleak –bereziki neskak- zientzietara, matematiketara edo teknologietara hurbiltzeko helburuarekin, Hezkuntza Sailak 3,2 milioi euro bideratuko ditu bere ekintza-planean jasotako hainbat ekintzatara.

Lanbide Heziketari dagokionez, erronketan oinarritutako elkarlaneko ikaskuntza bultzatzearen aldeko apustuari eutsiko zaio. Gainera, beharrezkoa da pandemiak eragindako lan-prestakuntza eguneratzeko beharretara egokitzea. Krisiak gehien kaltetutako gazteak lan-merkatura azkar itzultzeko aukerak areagotzearen aldeko apustua egingo da. Ildo horretan, bi lan-ildo berri ireki dira, milioi bat euroko inbertsioarekin: jarduneko langileentzako eskaintza modular malgua, eta Gaitasuna Egiaztatzeko Prozedurara bideratutako partida handitzea.

Era berean, Lanbide Heziketako ikastetxeetan ekipamendu espezializatuak eguneratzeko eta modernizatzeko beharrak 5,4 milioi euroko inbertsioa izango du.

Berrikuntzari dagokionez, Tknika zentroak erreferente nagusi izaten jarraituko du, eta horren bidez, besteak beste, Enpresa Txiki eta Ertainekin (ETE), mikro-ETEekin eta autonomoekin lankidetza sustatuko da. Berrikuntza aplikatuaren arloan horiei laguntzeko apustuak 1,8 milioi euroko partida izango du.

Adimen aplikatua eta 4.0 inguruneak lehentasunezko elementuak izango dira berriro ere: Big-data, Zibersegurtasuna, Konektibitatea, elkarlaneko robotika edo 3D inprimaketak, besteak beste, 2,6 milioi euroko ahalegin ekonomikoa beharko dute.

Trantsizio berdea eta garapen iraunkorra ere protagonista izango dira. Lanbide Heziketa hainbat proiektu garatzen ari da, Nazio Batuen garapen jasangarriko 17 helburuekin lerrokatuta. Proiektu horiek energia-eraginkortasuna, ekonomia zirkularra, elikadura jasangarria, etxe adimendunak edo zahartze osasuntsua dituzte ardatz. Horretarako, milioi bat euroko inbertsioa aurreikusi da. Gainera, garrantzitsua da azpimarratzea irakasleen prestakuntzara bideratutako partidak, lantokietan edo atzerrian, Erasmus Plus programaren bidez. Bi partidak 2 milioi euro ingurukoak dira.

Unibertsitateei eta ikerkuntzari dagokienez, Hezkuntza Sailak urratsak ematen jarraitzen du Euskal Unibertsitate-ekosistemaren bikaintasunerantz. Helburu horren barruan, 2021eko aurrekontuari begira, 335 milioi euroko finantzaketa jasotzen da UPV/EHUren funtzionamendu eta hornidura-gastuetarako. Horrek esan nahi du 12,5 milioi euro gehiago aurreikusi direla 2020ko aurrekontuekiko.

Aipatzekoak dira, halaber, Euskampus Bikaintasun Campusari egindako ekarpenak, Unibertsitatea + Enpresa Estrategiari bultzada, Europako unibertsitateekin osaturiko  partzuergoak eta Euskadiko urrutiko unibertsitate-prestakuntza indartzea. Jarduera horiek 2 milioi euro inguruko kopurura iristen dira.

Datorren urteko aurrekontuan 4 milioi euroko partida jaso da UPV/EHUren Medikuntza eta Erizaintza Fakultate berria lizitatzeko eta eraikitzen hasteko. Partida horrek erreferentziazko azpiegitura batean aurrera egitea ahalbidetzen du, eta bikaintasuneko irakaskuntza eta ikerketa indartuko ditu eremu estrategiko batean: osasunaren eremuan.

Euskal Zientzia Politikak talentua sortzea, erakartzea eta atxikitzea indartuko ditu, eta baita bikaintasun-programak ere. Helburu horretara 65,5 milioi euro bideratuko dira bikaintasuneko ikerketa-politiketarako, orain arteko aurrekonturik handiena.

Ildo horretan, aipatzekoa da Ikerbasque Zientziarako Euskal Fundazioak izan duen hazkundea. 26,1 milioi euroko finantzaketa jasoko du guztira, aurreko urtearekin alderatuta, % 42 gehiago. Hezkuntza Sailak 7,8 milioi eurotan handitu du Ikerbasquerentzako diru-kopura, goi-mailako ikerketa-talentuak mantentzeko, aberriratzeko eta biltzeko, bai eta azpiegitura handiak edo bikaintasuneko ikerketa bultzatzeko ere, horiek guztiak ezinbestekoak baitira zientziaren aurrerabidean laguntzeko. Legealdi honetarako helburua da nazioarteko erreferentziazko 100 ikertzaile berri hartzea, Ikerbasque taldean 400 profesionaletara iritsi arte.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak