Berriak Segurtasuna

Jaurlaritza 2021ean hasiko da grabazio-sistemen erabilpena Gasteizko, Bilboko eta Irungo herritarren segurtasunerako patruiletara hedatzen

2020-12-21

Vitoria-Gasteiz, 2020ko abenduak 21

  • Proiektu pilotu horri esker grabazio-sistemen funtzionalitateak zehaztu, ezarri eta doituko dira, eta helburu batekin: patruila guztiek izatea integratuta grabazio-sistemak
  • Gasteizko Ertzain-etxeko atxiloketa-zentro bateratua eraikiko da, Laudioko, Guardiako, Arabako Trafikoko Lurralde Unitateko eta Arabako Ikerketako Lurralde Zerbitzuko atxiloketak kudeatzeko, eta Miñoiei eta udaltzaingoei ere eskainiko zaie zerbitzua, nahi badute erabil dezaten
  • Jaurlaritzak 2021ean “Burbuila taktikoak”, larrialdietako une kritikoetan datuak eta ahotsa transmititzeko eremu seguruak sortzeko telekomunikazio-ekipamenduak, izango ditu.

 

Lehenengo lehendakariorde eta Segurtasuneko sailburu Josu Erkorekak gaur aurkeztu du Legebiltzarrean Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailaren 2021erako aurrekontua. Guztira 691,8 milioi euro dira, aurreko urtean baino % 3,1 gehiago (+20,9 Mill/€). Bestalde, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiak 2021ean 24,5 Mill/€-ko aurrekontua izango du, hau da, 2020an baino % 15,3 gehiago (+3,2 Mill/€).

 

Hauek dira aurrekontuetako aldaketa nagusiak, 2020koarekin alderatuta:

  • kapitulua % 5,1 igo da (+25,7 Mill/€) langileen lansarian % 0,9ko igoera izan delako eta gora egin duelako Itzarri BGAEren ekarpenak. Horrez gainera, 2021ean ertzainen karrera profesionalaren osagarria ere barne hartuko da, eta 15 Mill/€ dira.

 

  • Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiaren transferentziak % 13,9eko igoera izango du (+2,8 Mill/€), Promozioaren prestakuntza amaitzeko eta 30. Promozioko 700 plaza berrien hautaketa-prozesua egiteko. Batez ere 2021ean elkartuko diren bi promozioetako ikasleen lansariak ordaindu behar direlako igo da kontu-saila: hilean, batez beste, 911,62 euro kobratzen dituzte.   

 

  • 3,9 Mill/€ COVID-19ak eragindako gasturako:

 

  • Norbera babesteko materiala, gel hidroalkoholikoa, egoitzen eta ibilgailuen ohiz kanpoko garbiketak, mediku-arreta indartzea eta beharrezkoa den guztia, etab.
  • Akademiaren “Ikasberri proiektua”, 2021ean formakuntza-eskaintza berritu ahal izateko, teleirakaskuntzarako gelak egokitzeko, ikasleentzat eta irakasleentzat ordenagailuak erosteko, etab. 000 euro dira.
  • Polizia-simulatzaileak erostea 150.000 euroan, formakuntza birtuala sustatzeko eta aurrez aurreko formakuntza mugatzeko, pandemiaren hedapena geldiarazteko prebentzio-neurri moduan.

 

  • % 67 gutxituko da (-11 Mill/€) hauteskunde-gastua: ez da hauteskunde-gasturik izango, ez eta hauteskunde-kanpaina egin ahal izateko alderdi politikoen finantzaziorik ere.

 

Aurrekontua 7 programatan banatzen da, eta % 95 (655,3 Mill/€) “Ertzaintza Zerbitzuan” programari dagokio eta % 5 (36,5 Mill/€) gainerako programei: “Trafikoa”, “Larrialdiei aurre egitea”, “Meteorologia”, “Jokoa eta Ikuskizunak” edo “Hauteskunde-prozesuak”, eta abar.

 

ERTZAINTZA ZERBITZUAN

“Ertzaintza Zerbitzuan” programa % 4,5 igo da (+28,4 Mill/€). Ertzaintzaren giza eta material baliabideen gastu guztiak barne hartzen ditu. Horien artean:

 

  • 23,8 Mill/€ “lurreko, itsasoko eta aireko” ibilgailuen parkerako: autoak, motorrak, furgonetak, ibilgailu bereziak, berezigarridunak, helikopteroak, droneak, itsasontziak, lantegiak, erregaia, etab.
  • 31,6 Mill/€ Ertzaintzaren 43 zentroak mantentzeko: ertzain-etxeak, herritarren arretarako bulegoak, egoitzak, etab.
  • 36,5 Mill/€ telekomunikazioetako gailuetarako eta gailu elektroniko eta informatikoetarako, finkoetarako nahiz mugikorretarako.
  • 20,6 Mill/€ agenteen ekipamendu osorako: postuaren araberako uniformeak, kaskoak, armak, munizioa, agenteentzako aseguruak, unitate berezientzako materiala, hala nola buzoak, mendiko eta erreskateko ekipamendua, etab.

 

BERDINTASUNA ETA EMAKUMEEN AURKAKO INDARKERIA

2021ean 12,1 Mill/€-ko aurrekontua izango da berdintasunaren eta indarkeria matxistaren aurkako borrokaren ardatz estrategikorako. Indarkeria-mota honen oinarrian emakumeen eta gizonen arteko desberdintasuna dago, eta, horren aurrean, Segurtasun Sailak bi arloak landuko ditu:

 

  • Biktimen babesa: 7,8 Mill/€ genero-indarkeriaren eta etxeko indarkeriaren biktimak babesteko. Azken zifren arabera, 781 emakumek dute Ertzaintzaren nolabaiteko babesa salaketa bat jarri ondoren eta Ertzaintzak biktimaren egoeraren berri izan ondoren. Emakume horietatik 3.344k epailearen aginduz dute babesa eta gainerako 1.437k biktima bakoitzaren arriskua aztertzen duten polizia-protokoloak kontuan izanda.

 

  • EBA – Emakumeen eta Etxekoen Babesa proiektua: 216 euro genero-indarkeriaren edo etxeko indarkeriaren arloetako Ertzaintzaren eta udaltzaingoen delitu-espediente guztien kudeaketa partekatzeko aukera emango duen sistema digital hori sustatzeko. Proiektu handinahiko horrek honako hauek egitea ahalbidetzen du: emakumeen aurkako indarkeriaren arloko espediente guztiak formatu berean sortzea eta partekatzea; emakume bakoitzaren eta bere seme-alaben arrisku-ebaluazio guztiak homologatzea, salaketa zein polizia-kidegotan jartzen den kontuan izan gabe; diagnostikatzen den arriskuaren araberako babesa ezartzea, etab.

 

  • Bortxa aplikazioa: telefonia mugikorrerako aplikazioa biktimaren mugikorrean integratzen da, eta Ertzaintzarekin eta SOS Deiak zerbitzuarekin azkar komunikatzeko aukera ematen dio. Aplikazio horri esker biktima berehala jar daiteke harremanetan Eusko Jaurlaritzako 24 orduko arreta-zerbitzuko 900 840 111 telefono-zenbakiarekin, eta GPS lokalizazioa duen alarma aktibatzeko aukera ere ematen du, besteak beste. Gaur egun 334 emakumek dute euren telefono pertsonalean integratuta aplikazio-mota hori.

 

  • Erasotzaileen kontrola: kasu batzuetan, eta epailearen aginduz, erasotzaileari eskumuturreko elektroniko bat jartzen zaio urruntze-agindua betetzen duela ziurtatzeko. Ertzaintzak kudeatzen ditu gailu horien alertak koordinazio-zentroen bidez.

 

  • Berdintasuna lantzea: Bigarren arlo honetan aipatzekoa da Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademian sortuko den Berdintasunerako Unitatea, eta, horrez gainera, Segurtasun Sailaren eta Akademiaren berdintasun-planak eta Ertzaintzan emakumea sustatzeko planak landu eta inplementatuko dira.

 

BERRIKUNTZA ETA DIGITALIZAZIOA

Beste ardatz estrategiko bat prozesuen digitalizazioarena eta teknologiaren berrikuntzarena da, eta 13,2 Mill/€ izango ditu segurtasunaren erronkari erantzuteko erreminta aurreratuak eta egokiak izateko:

 

  • Grabazio-sistemak Ertzaintzako unitate guztietara hedatzea: 000 euro bideo grabazio eta kudeaketako sistema integralak finantzatzeko. Sistema horiei dagokienez, azpimarratzekoa da grabazio-kameren erabilpena Ertzaintzako unitate guztietara hedatzeko konpromisoa. 2021ean hiru proiektu pilotu jarriko dira abian Gasteizen, Bilbon eta Irunen, herritarren segurtasunerako patruilek jarduketak grabatzeko eta irudiak biltegiratzeko kamerak erabil ditzaten. Hiru proiektu pilotu horiei esker grabazio-sistemen funtzionalitateak zehaztu, ezarri eta doitu ahal izango dira, helburu nagusia betetzeko: patruila guztiek integratuta izatea grabazio-kamerak. Une hauetan hiru proiektu pilotuak diseinatzen ari dira, eta, besteak beste, honako xehetasunak erabakitzen: agente-kopurua, kamera-kopurua, hiru hiri horietan izango duten kokapena, irudien kudeaketa eta tratamendua, etab.

 

  • Mugikortasunerako irtenbideak: 2021ean irrati bidezko telekomunikazio-sistema mugikorrerako irtenbideak lizitatuko dira. Ertzaintzako larrialdietako ekipamenduei eta patruilei tablet edo smartphone erako dispositiboak hornituko zaizkie, egoitzetatik kanpora daudenean informazio osoa online eskura izan dezaten. 000 euro trafikoko eta herritarren segurtasunerako unitateetan behin betiko hedatu aurretik proiektu pilotu bat gauzatzeko. Horrek bi helburu ditu:

 

  • Larrialdietako zerbitzuak eta Ertzaintzak informazio osoa izatea gorabehera bat gertatzen denean, era horretara dokumentazio osoa izanda baloratu eta jardun ahal izateko.
  • Herritarrekin elkarreragina hobetzea lortu nahi den helburura iristeko: herritarrek ertzain-etxe batera joan beharrik ez izatea kalean gertatutako gorabehera batengatik salaketa jartzera, eta salaketa ertzain-etxe mugikorretan jarri ahal izatea.

 

  • 500 euro “Burbuila taktikoak” proiektu berrirako materiala erosteko: mugikortasunaren arloko proiektu estrategiko berria datorren urtean jarriko da abian. Berebiziko garrantzia duen proiektua da; izan ere, burbuila taktiko horiei esker telekomunikazio-eremu propioa eta segurua sortu ahal izango da larrialdi bat gertatzen den edozein lekutan. Une kritikoetan telekomunikazio-sareak blokeatu egiten dira, eta ez dute erantzuten. “Burbuila taktikoak” goi-mailako irtenbide teknologikoa dira ahotsaren eta datuen telekomunikazio-eremu seguru bat sortzeko, ohiko sareen gaitasunaz kanpo. Burbuila horietan polizia eta larrialdi zerbitzuek bermatuta dute komunikazio kritikoa, jarduteko eta bizitzak salbatzeko.

 

  • Morphobis: Identifikazio biometriko automatizaturako Europako proiektu bat da. Datorren urtean Segurtasun Sailak Europako polizien datu-baseetara egokitu eta lotuko ditu pertsonak identifikatzeko sistemak. Horrela, Ertzaintza denbora errealean sartu ahal izango da ikertzen ari den pertsonen identitatera, hatz eta esku markak erabilita.

 

  • Pemea: Europa osoko larrialdietako 112 aplikazioetan gertatzen ari den disfuntzio bat eragozteko 2021ean garatuko den Europako beste proiektu bat da. Pertsona batek telefonoan 112 zenbakia markatzen duenean, dagoen lekuko larrialdietako zerbitzuak erantzuten dio. Baina telefonoan jaitsita duen aplikaziotik markatzen duenean, deia aplikazioaren zerbitzarira joaten da, ez pertsona dagoen lekura.

 

  • Trafikoko sistema adimendunak: 000 euro ibilgailuak zenbatzeko eta sailkatzeko ekipamendu berriak instalatzeko. Jauzi teknologiko handia izango da, eta trafikoko datuen kalitatea eta kopurua hobetuko ditu. Instalatuko diren datuen tratamendurako eta analisirako sistema berriek trafikoko ohiko ingeniaritza-teknikak erabiltzen dituzte, baina baita adimen artifizialean oinarritutako teknika berriak ere. Hiru urteko proiektua da, eta garrantzizkoa da informazioa hobetuko delako eta trafikoaren kudeaketa planifikatu ahal izango delako behin eta berriz errepikatzen diren pilaketa egoeren eta gertaeren aurrean.

 

 

JASANGARRITASUNA

2021ean 5,5 milioi euroko inbertsioa egingo da Nazio Batuen 2030 Agendako jasangarritasunaren arloko konpromisoak betetzeko bidean aurrera egiteko azpiegiturak hobetzeko.

Datorren urterako aurrekontuetan jasotako proiektuen artetik, honakoak dira aipagarriak:

 

  • 3,4 Mill/€ Getxoko, Zarauzko eta Sestaoko ertzain-etxeak zaharberritzeko, eta horietako isolamendu termikoak hobetuko dira eta energia aurrezteko neurriak ezarriko dira.

 

  • Segurtasuneko ibilgailuen parkea jasangarritasunaren eta efizientzia energetikoaren eskakizun berrietara moldatzeko Zeregin konplexua da kidegoaren ibilgailu-motak direla-eta: lurrekoak, itsasokoak eta airekoak.

 

  • Azpiegitura fotovoltaikoak instalatuko dira, galdara efizienteak erosiko dira eta hondakinak kudeatzeko sistema garbietan aurrera egingo da Segurtasun Sailaren eta Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiaren instalazio guztietan.

 

  • MugiArkaute proiektua: 000 euro izango dira jasangarritasunari begira ikasleen garraio kolektiboa kudeatzeko.

 

  • Related proiektua: Renewable Low Temperature District proiektua Ertzaintzaren Iurretako egoitzan. 631 euroko kontu-saila izendatu da aurrekontuan egoitza osatzen duten 13 eraikinetan berokuntza, ur bero eta hozketa sistema aitzindaria instalatzeko. Tenperatura ultra baxuko sareen kontzeptu berria da, eta gradu baxuko bero iturriak kostu baxuan izatea ahalbidetzen dute. Lan berezi hori EEErekin batera garatuko da, eta Europako punta-puntako hainbat herrialde, hala nola, Estonia, Serbia eta Danimarka, dira erreferentzia arrakastatsuak.

 

  • Gasteizko Atxilotegi Arrunta zentro bateratua: 000 euro izango dira Gasteizen Atxilotegi Arrunta zentro bateratuaren eredua moldatzeko eta ezartzeko. Segurtasun Sailak Bilboko Ertzain-etxeko proiektu pilotua jarri zuen abian 2019an. Proiektuaren ebaluazioak egiaztatu du giza eta material baliabideen efizientzia hobetzeak kostuak aurrezten dituela eta sistema fiskalarekin eta judizialarekin koordinatuta jarduteak aurrerapausoa suposatzen duela, atxiloketa-zentro bateratuak barne hartzen duen eremuko atestatu guztiak talde berak egiten baititu. Horrek dakar dagokion barruti judizialarekin irizpideak eta prozedurak bateratzea. Horrez gainera, nabarmen hobetuko ditu atxilotutako pertsonei ematen zaien tratua eta atxiloketa batean parte hartzen duten agenteen segurtasun-neurriak. Hori guztia dela eta, 2021ean hasiko dira eredua Gasteizen ezartzeko lanak:

 

  • Hamar bat ziega jarriko dira, eta ziega bakoitzak bere bideozaintza-sistema izango du, Arartekoaren gomendioei jarraituz.
  • Ziegak zaintza-postu batetik monitorizatuko dira.
  • Bandalismoaren aurkako komunak.
  • Honako unitate hauei emango die zerbitzua: Laudio, Guardia, Arabako Trafikoko Lurralde Unitatea eta Arabako Ikerketako Lurralde Zerbitzua. Eta instalazioak erabiltzeko aukera emango zaie Miñoiei eta nahi duten udaltzaingoei.

 

 

PREBENTZIOA

 1 Mill/€-tik gorako kontu-saila trafikoaren, joko arduratsuaren eta elkarbizitzaren arloan jarduteko:

 

  • Trafikoa: 920 euro ikasleekin eta irakasleekin ikastetxeetan lanean jarraitzeko. Materialak prestatuko dira eta bide-segurtasunean prestakuntza emango da. Horrez gainera, kolektibo zaurgarriekin, hala nola, motorrean bidaiatzen duten pertsonekin, txirrindulariekin eta adinekoekin, sentsibilizazio-kanpainak egitea ere aurreikusten da. Azkenik, kontu-sailak izendatu dira bide-hezkuntzako eta lan-esparruko prebentziorako formakuntza emateko.

 

  • Joko arduratsua: 100 euro dira Jokoaren Euskal Behatokiaren lanak diruz laguntzeko eta joko patologikoaren arloko informazio eta prebentzio jarduerak diseinatzeko, Euskadiko irabazi asmorik gabeko erakundeekin batera.

 

  • Elkarbizitza: 2021erako hainbat ekintza planifikatu dira gorroto-delituei eta erradikalizazio yihadistari aurrea hartzeko, gutxiengo etnikoekin lan egiteko, etab.

 

EUSKALDUNTZEA

Azkenik, 2021ean Segurtasun Sailak 2,3 Mill/€ izango ditu hizkuntza-normalizazioaren ardatz estrategikoa lantzen jarraitzeko.  

 

  • ELEBI programa gauzatzea, langileen HABEko matrikulak finantzatzea, Segurtasun Sailaren eta Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiaren Hizkuntza Normalizaziorako Planeko ekintzak inplementatzea, etab.

 

  • Segurtasun Sailak “Euskara Eskolak” proiektua du Saileko lan-kontratudun langileei lan-zentroan bertan eskolak emateko irakasleak kontratatu ahal izateko. Sistema eguneroko lan-jardunarekin integratzen da, eta langileen formakuntza errazten du.

 

  • Ardatz honi amaiera emateko, azpimarratu behar dira prestatzen ari diren eta 2021ean sustatzen jarraituko diren polizia-terminologiako hiztegi espezifikoak, funtsezko erremintak izanik polizia-agirietako polizia-terminologia estandarizatzeko.

 

 

2 iruzkin
  • 2020-12-21

    Ondo grabatuta, ez fidatu soilik langilearen borondate onarekin, laneko langileak barne.

  • 2020-12-21

    Bien profesionalidad grabación no fiarse sólo de la buena voluntad de la persona incluido personal de trabajo.

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak