Berriak Herrizaingoa
Eu

Aresek gutun bat helarazi dio Andoaingo alkateari esanez ez datorrela bat bizkartzainak udaletxera sartzen ez uzteko erabakiarekin

2011.eko ekainak 17

Udalak legez pertsona guztien segurtasuna bermatzeko beharra duela gogoratu dio

Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo sailburuak, Rodolfo Aresek, gutun bat bidali dio gaur Andoaingo alkateari, Ana Carrereri. Bertan, jakinarazten dio ez dagoela ados udaletxera zinegotzien bizkartzainak sartzen ez uzteko hatutako neurriarekin. Horrez gain, Udalak legez pertsona guztien segurtasuna bermatzeko beharra duela gogoratu dio.

Herrizaingo sailburuak gutunean gogora ekarri ditu Andoainen terrorismoak eragindako atentatu eta hildako mordoa eta baita azken urteotan Alderdi Popularreko eta Sozialistako herriko zinegotziek jasan behar izan dituzten mehatxu eta irainak. Sailburuaren esanetan, horrek "argi erakusten du Andoainen badela oraindik jarrera onartezinak dituen jendea, sistema demokratiko baten baitan bizitzeko eramangaitzak direnak".

Aresek gutunean gehitu du Ertzaintzako, Guardia Zibileko eta Poliziako kideek edo zaindari pribatuek ez dutela "segurtasunik eza sortzen, guztien askatasunak babesten" dituztela. Era berean, alkateari gogoratu dio Udalaren betebeharra dela bere baitan dauden egoitza guztietan segurtasuna bermatzea.

Sailburuak alkateari gaineratu dio legearen arabera bera dela, "Udaltzaingoaren arduradun nagusia" eta ondorioz, "Udalaren baitan dauden instalazioetan segurtasuna eta askatasuna bermatzeko erantzukizuna" berea dela. Hori dela eta, egoitza horietara doan edozein pertsonak edota Udaleko zinegotziek inolako mehatxu eta bhortxaketarik jasango ez dutela ziurtatzeko "beharrezko segurtasun neurriak" hartzeko eskatu dio.

Alkateari gogoratu dio baita kargua hartzean eman zuen hitzaldian "hala aukeratu dituztelako Andoaingo herritarren ordezkari izan eta beren ideia politikoak defendatu nahi dituztenen alde lan egiteko" konpromisoa hartu zuela, "horien eskubideak defendatuz, elkarbizitza eta normaltasun politikoa lortzeko".  

 "Nolanahi ere, bakea, askatasuna eta elkarbizitza bermatzeko ETA behin betiko desager dadin lortzea ezinbestekoa da. Hortaz, espero dut ETAri berari hala egiteko eskatzeko behar besteko balentria izango duzula", gaineratu du Aresek idatzia bukatzeko.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)
Beste gonbidatu batzuk
  • Herrizaingo Sailburua