Berriak Lehendakaritza

Lehendakariak egiaztatu du eLankidetza lankidetza deszentralizatuaren munduko erreferente gisa finkatu dela

2020-12-18
  • Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren egoitza berria bisitatu du eta garapenerako lankidetzako erakundeetako ordezkariekin elkartu da
  • Lehendakariak nabarmendu duenez, “euskal lankidetzak inor atzean utzi gabe giza duintasuna erdigunean jartzen duten jardueren alde egiten du”

Iñigo Urkullu lehendakaria eta Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Berdintasuneko sailburua Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren (eLankidetza) egoitza berrian izan dira. Bisitan, elkartasunezko ekimenei buruz hitz egin ahal izan dute zenbait euskal GGKErekin —garapenerako gobernuz kanpoko erakunderekin—, eta India, Senegal eta Kolonbiako erakundeekin.

José Antonio Rodriguez Giza Eskubide, Memoria eta Lankidetzako sailburuordea eta Paul Ortega eLankidetzako zuzendaria ere izan dira topaketan. Sailburuaren agurrarekin hasi da topaketa, eta horrek adierazi du Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentzia (eLankidetza) sendotu egingo dela plantillaren gehikuntzarekin eta egoitza berri batekin, “garapenerako lankidetzaren arloan ditugun erronka berriei bermeekin aurre egiteko”; izan ere, “giza garapen jasangarriarekin dugun konpromisoak komunitate behartsu eta kalteberenekiko elkartasunaren erronka planteatzen baitigu”.

Bestalde, lehendakariak nabarmendu du Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentzia —eLankidetza— “munduko aurrekontu handieneko lankidetza-agentzia deszentralizatua” dela, eta berretsi du eLankidetzak “harreragune eta topagune izaten jarraituko duela euskal gizarte solidarioarentzat, GGKEentzat eta euskal lankidetzak lan egiten duen Hegoaldeko herrialdeetako erakundeentzat”.

Halaber, nabarmendu duenez, “gure erronka da Euskal Autonomia Erkidegoak giza garapen jasangarriaren zerbitzura jartzeko duen potentzial guztia zabaltzea”; izan ere, “gure lankidetzak mundua gauza txikietatik abiatuta eraldatzea du helburu”. Horretarako, “gure elkartasun-sareak zabaldu eta eredu ugaltzaile eta jasangarri berri bat sendotu behar dugu”, azpimarratu du Iñigo Urkulluk.

Topaketa GGKEekin

Lehendakariak bertatik bertara ezagutu ahal izan du Euskal Autonomia Erkidegoko, Senegalgo, Kolonbiako eta Indiako lankidetza-erakundeen lana. Hala, Patricia Bárcena CEAR-Euskadiko presidenteak hitz egin du migratutako pertsonekin eta salerosketaren biktimekin Euskal Autonomia Erkidegoan izandako esku-hartzeen inguruan, eta Josu Urrutia Mundukideko zuzendariak nabarmendu du kooperatibismoaren inguruan Euskal Autonomia Erkidegoan eta Brasilen egiten ari den lankidetza.

Bestalde, hiru parte-hartze izan dira bideokonferentzia bidez. Mamadou Dia-k azaldu ditu “Hahatay Gandiol” elkarteak Senegalen egiten dituen proiektuak eta euskal lankidetzarekin duten harremana, eta pertsonen bizitzak aldatzeko lankidetzak duen garrantzia azpimarratu du.

Claudia Alejandra Sepúlvedak Kolonbiako bake-prozesuari Euskal Autonomia Erkidegotik lagundu izana goraipatu du, eta Hego Amerikako herrialde horretan bizi den indarkeria-egoeraren berri eman du.

Azkenik, Vicente Ferrer fundazioak Indian egiten duen lanaz hitz egin du Sheeba Baddi-k, eta emakumeek aldaketarako eragile gisa duten garrantzia nabarmendu du.

Amaieran, lehendakariak eta Berdintasuneko sailburuak bulegoak bisitatu eta eLankidetzako taldea agurtu ahal izan dute.

2020rako funtsak

Eusko Jaurlaritzak, eLankidetza Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren bitartez, 38 milioi euro eman ditu 2020an garapenerako lankidetzako ekimen berrietarako. Ekimen horiek bereziki bideratuta daude emakumeak eta erakunde feministak ahalduntzera, giza eskubideen defendatzaileak babestera, eta gatazkan eta beste indarkeria-egoera batzuetan dauden lurraldeetan lan humanitarioa egitera (horien artean daude, besteak beste, Palestina, Venezuela edo Kongoko Errepublika Demokratikoa).

Halaber, Euskal Autonomia Erkidegoan gauzatuko diren proiektuak babestuko ditu, hala nola balioetan oinarritutako hezkuntza, feminismoa, giza eskubideak, migrazioa eta babesa, betiere Hegoaldeko errealitateekin lotuta.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak