Etxebizitza Sailak Bilboko Gotzaintzari 14 etxebizitza erosi dizkio alokairu sozialean jartzeko (Gobernu Bilera 2020-12-15)

2020-12-15

Gobernu Kontseiluak baimena eman dio Etxebizitza Sailari Bilboko Gotzaintzaren jabetzako 14 etxebizitza erosteko. Helburua da horiek lurzoru-ondare publikoan sartzea eta Alokabideren bitartez alokairu sozialean jartzea.

Etxebizitzak Bilboko Begoñako Andra Maria kaleko 6. eta 8. eraikinetan daude, eta erosketak, 40 metro karratuko lokal bat barne, 1.716.000 euroko kostua du, zergak zenbatu gabe. Alokabide sozietate publikoak kudeatzen duen alokairu sozialeko parkean sartu aurretik, etxebizitzetan birgaitzeko eta egokitzeko obrak egingo dira.

Erosketa-eragiketa hori Iñaki Arriola sailburuak zuzentzen duen Sailaren politikaren barruan sartzen da, alokairuko parke publikoa handitzeko, etxebizitza berriak sustatuta, Bizigune programaren bidez hutsik dauden etxebizitzak bereganatuta edo eskari handiko herrietan aukera dagoenean (kasu honetan bezala) haiek eskuratuta. Bilbon, gaur egun, alokairuko etxebizitza baten 16.772 eskatzaile daude, Etxebideren erregistroaren arabera, eta horietatik 12.941 udalerrian erroldatuta daude. 

Azpeitian eraikin bat onartzea 48 alokairuko zuzkidura-bizitoki (AZB) eraikitzeko 

Bestalde, Gobernu Kontseiluak erabaki du Azpeitiko Udalaren aldetik Mirabeen komentu zaharraren ekialdeko hegala hartzen duen partzela lagatzea onartzea, Etxebizitza Sailarekin 2017an sinatutako hitzarmena aplikatuta. Erabiltzen ez den eraikin horretan 48 alokairuko zuzkidura-bizitoki (AZB) eraikitzea du helburu, batez ere gazteentzat. 

Eraikuntza-proiektua adjudikazio-prozesuan dago gaur egun, eta, aurreikuspenen arabera, 2021. urtearen hasiera aldean gauzatuko da, obra bigarren seihilekoan hasi ahal izateko moduan. Alokabidek etorkizunean kudeatuko dituen aldi baterako erabilerako 48 bizitokiak gaitzeko eraikinaren hegaleko 7.951 metro karratuen egokitze-lanetarako 6 milioi euroko aurrekontua dago, inguruaren urbanizazioa barne dela.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko