17 erakundek jaso dute aurten Bikain euskararen kalitate ziurtagiria Euskalduna Jauregian egin den ekitaldian

2020-12-15
  • Bederatzi erakundek goi-mailako ziurtagiria jaso dute, lauk erdi-mailako eta beste lauk oinarrizkoa
  • Bingen Zupiriak ekitaldian azpimarratu duenez erakunde hauek egiten duten bikaintasunerako bideak laguntzen du euskara bizirik mantentzen

Bilboko Euskalduna Jauregiak Bikain euskararen kalitate ziurtagiriak banatzeko ekitaldia hartu du gaur arratsaldean. Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua eta Eusko Jaurlaritzaren bozeramailea izan da ekitaldiaren buru. Bertan izan da Hizkuntza Politikako sailburuorde Miren Dobaran ere. Aurtengoa Bikain ziurtagiriak banatu diren hamabigarren urtea izan da eta guztira 17 erakundek jaso dute; horietatik bederatzik goi mailako urrezko Bikain egiaztatu dute, lauk erdi mailakoa den zilarrezkoa eta beste lauk oinarrizkoa. Euskalduna Jauregian egin den ekitaldian ziurtagiria jaso duten erakundeetako ordezkariak eta Bikain prozesuaren jarraipena egiten duen Artezkaritza kontseiluko kideak egon dira. Gainontzekoek streaming bidez izan dute ekitaldia jarraitzeko aukera.  

Euskara lan munduan sustatzea helburu duen proiektu honek enpresa eta erakundeetan euskararen presentzia, erabilera eta kudeaketa egiaztatzen ditu. Aurten osasun egoeraren ondorioz, ebaluazio prozesuak online egin dira lehenengoz. 

“Paleta bizia” lemapean egin da gaurko ekitaldia, hain zuzen ere, hizkuntzen kudeaketak duen kolore aniztasuna adierazteko: ahaleginarena, gozamenarena, konpromisoarena, ardurarena. 

Lorpen eredugarriak 

Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu eta Eusko Jaurlaritzaren bozeramaile Bingen Zupiriak Euskalduna Jauregian egindako ekitaldian azpimarratu duenez, “eguneroko jarduera sozioekonomikoetan, gure eguneroko lan- eta antolakuntza-jardueretan euskarak bere lekua izan dezan, elkartez-elkartez, enpresaz-enpresa, erakundez-erakunde zailtasun eta eragozpen askoren gainetik egindako lana, ahalegina eta lorpenak eredugarriak izaten ari dira”. Zupiriak gaineratu duenez, “bikaintasunaren aldeko jarrera horri esker, enpresa eta zerbitzu horietan bizirik dago euskara, mugimenduan, hornitzaileekin edo herritarrekin izaten dituzuen eguneroko harremanetan eta ekoizpen-prozesu eta erabakiguneetan”.

Hala ere, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak aurretik dauden zereginak ere azpimarratu ditu “gauza asko dago – daukagu - oraindik eginkizun, euskarak lan-munduan dagokion ezarpen eta erabilpen-maila lortu arte. BIKAIN-Sarion eragiletzak eta aitorpenak eragozpen asko gainditu beharko ditu oraindik ere, baina, zailtasunak-zailtasun,  jarrera izango da beti aurrera egiten lagunduko diguna. Bikaintasunaren jarrera.” 

17 ziurtagiri

Aurten guztira 17 erakundek jaso dute Bikain euskararen kalitate ziurtagiria. Hamaika erakunde pribatuak dira eta sei publikoak. Tartean daude udalak, osasun arloko erakundeak, kirol arlokoak, kultur elkarteak, merkataritza alorrekoak…). Honakoak dira aurten Bikain ziurtagiria jaso duten erakundeak: 

  • Goi mailako Bikain:
    • Bitoriano Gandiaga Fundazioa
    • Artxara
    • Eusko Ikaskuntza-Sociedad de Estudios Vascos
    • Isladak Aholkularitza Kooperatiba Elkarte Txikia
    • Bergarako Udala
    • Emakunde
    • Markina-Xemeingo Udala
    • Berbaro
    • Mondragon Korporazio Kooperatiba 
  • Erdi mailako Bikain:
    • Armeria Eskola LHII
    • Errota Arratiako Garapen Sozioekonomikorako Fundazioa
    • Basque Team
    • Osatek S.A (Zumarraga) 
  • Oinarrizko Bikain:
    • UPV/EHU (Kimika Fakultatea)
    • EUDEL-Euskadiko Udalen Elkartea
    • Tabira Berezi S.L
    • Ortuellako Udala 

2008an Bikain ziurtagiriak lehenengoz eman zirenetik guztira 410 erakundek jaso dute: 173 erakundek goi mailako ziurtagiria jaso dute, 161-ek, tartekoa eta 76-k oinarrizkoa.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak