Elkarlan Sariak
Berriak Segurtasuna
qrcode

Ertzaintzak prebentzioa aldarrikatzen du Internet bidezko erosketetan iruzurrak saihesteko

2020-12-16

COVIDak eragindako osasun-egoerak eta eguberriek areagotu egin dituzte era horretako eragiketak

 

Erandion, 2020ko abenduaren 16a 

Ertzaintzak gogorarazten du garrantzizkoa dela modu seguruan eta fidagarrian erostea Internet bidez. Datu estatistikoen arabera, gora egiten ari dira iruzurrak era horretako online erosketetan. Hori dela eta, herritarrei eskatzen die arreta berezia jartzeko ordaindu aurretik edo hainbat datu, hala nola bankuko gakoak edo agiri pertsonalak, eman aurretik. Zuhurrak izateko gomendioa merkataritza-establezimenduetara ere hedatu nahi da, horiek ere izan baitaitezke iruzurren biktima.

Eguberriak eta osasun-krisia elkartu izanaren ondorioz nabarmen egin dute gora sareko erosketek.

 

Gero eta delitu gehiago egiten dira Internet bidez, batez ere iruzurrak online erosketetan edo transakzioetan. Datu estatistikoen arabera, 2020ko azaroaren 30era arte, Ertzaintzak 13.930 salaketa erregistratu ditu iruzurragatik delitu informatikoekin erlazionatuta, eta ikusten da zifrek gora egin dutela 2019ko epe berdinarekin alderatuta, guztira 11.844 delitu salatu baitziren. Lurraldez lurralde, Bizkaian 7.656 salaketa tramitatu dira aurten, azaroa barne, 3.915 Gipuzkoan eta 2.359 Araban. Egindako ikerteten ostean, 2020ko lehenengo hamaika hilabeteetan, 1.628 pertsona epailearen esku utzi ditu Ertzaintzak, atxilotu edo ikertu gisa: 244 Araban, 733 Bizkaian eta 651 Gipuzkoan.

 

Online erosketak seguru egiteko gomendioak

 

Zalantzarik ez dago Internet bidez erraz eta eroso egiten direla erosketak. Baina honako oinarrizko irizpide hauek kontuan izan behar dira, iruzurrezko webguneen biktima ez izateko:

-  Ez fidatu pagotxez, erosteko denbora mugatuez edo stockean produktu bakarra egoteaz.

 Iruzurrezko salmentetan, sistema horiek azkar eta ia pentsatu ere egin gabe jardutera bultzatzen gaituzte, aukera hori galtzeko beldurrez.

-  Saiatu erosketak konfiantzazko webguneetan edo online saltokietan egiten. Horrela egiten ez baduzu, arretaz aztertu webgunea: itxura, produktuak eta erabilitako hizkuntza, iruzurrezko webgune asko gaztelaniara gaizki itzulita egoten baitira.

- Web-orri ezezagun batean produktu bat erosi aurretik, bilatu orriari buruzko informazio paraleloa webean, sare sozialetan, blogetan, eta abar. Ohikoa da orri horietan aurretik iruzur baten biktima izan diren beste erabiltzaile batzuek Interneten gogobetetasunaren berri ematea edo komentarioak uztea.

-  Ordainketa egitean, begiratu inguru seguru batean gaudela (https, kandaduaren ikonoa), eta, ahal izanez gero, ordainketa segurua egiteko bitartekoak erabili (PayPal, txartel birtualak edo aurreordainketakoak).

-  Ez erabili WiFi sare libreak erosketak Internet bidez egiteko.

 

Erosketak bigarren eskuko online plataformetan

Plataforma horietan zuzenean jartzen zara produktua saldu behar duen pertsonarekin harremanetan. Gero eta gehiago erabiltzen dira, eta horietan era guztietako objektuak aurkitu daitezke salgai.

-  Kontuan izan behar da saltzaileek datu pertsonal batzuk ematen dituzten arren, ez dagoela seguru jakiterik norekin jarri zaren harremanetan. Iruzurrezko produktuen saltzaile askok datu faltsuak edo hirugarren pertsonei usurpatutako datuak erabiltzen dituzte. Gerta liteke jasotako produktua bat ez etortzea argitara emandakoarekin, edo gerta liteke produktua inoiz ez bidaltzea ere.

-  Galdetu eta dokumentazio bidez egiaztatzen saiatu nahi den produktuaren jatorria.

-  Inoiz ez da gure agiri pertsonalen argazkia, edo agiria eskaneatuta, bidali behar, gure baimenik gabe edo guk jakin gabe hainbat helburutarako erabil baitaiteke.

- Ordaintzeko bide seguruak erabili, eta ez aurreratu ordainketaren zati bat.

 

Mezu elektronikoak

 

-Ez dugu fidatu behar erakunde ofizialetatik, banketxeetatik, telefoniako operadoreetatik, paketeria-enpresetatik eta antzekoetatik bidali dituztela diruditen eta bankuko kontuekin eta gastu pertsonalekin, telefoniako fakturekin edo ez-ordaintzeekin edo paketeen bidalketekin arazoak daudela jakinarazten duten mezuez.

 

Horrelako guztietan jarriko du link edo esteka bat sakatzeko, eta hortik beste orri batera bideratuko gaituzte eta bertan gure kontuen datuak, sarbide-kodeak edo bankuko txartelaren zenbakiak eta segurtasun-kodea eskatuko dizkigute. Inoiz ez dira datu horiek sartu behar proposatzen diguten linkaren bidez. Argi izanez gero iruzurrezko mezua dela, zuzenean ezabatu behar da. Zalantzaren bat izanez gero, mezua baztertu egin behar da, eta informazioa erakunde ofizialen web-orrien bidez edo telefonoz egiaztatu behar da.

 

Merkataritza-establezimenduak

 

Dendetako langileak ere izan daitezke iruzurren biktima. Esate baterako, telefono-dei bat jaso dezakete epe labur batean pakete bat jasoko dutela eta Internet bidez une horretan bertan ordaindu behar dutela sinestarazteko. Saltokiarekin hizketan ari diren bitartean, aginduak jasotzen ari direla edo arduradunen baten oniritzia lortzen ari direla simulatuko dute, eta, gainera, informazioa (izenak, telefono-zenbakiak) emango dute bidalketa erreala dela sinesgarria izan dadin eta ordainketa dirua transferitzeko nazioarteko erakunderen baten bidez egin dadin.

Era horretako dei bat jasotzen denean, ez da komeni azalpenak ematea, eta deia eten egin behar da, geroago deitzeko esanez. Horrela, informazioa benetakoa den ala ez jakiteko eta horren arabera jardun ahal izateko denbora izango duzu, nahiz eta, segur aski, ez duten berriz deituko.

 

Salatzea komeni da

Era horretako iruzur baten biktima izan garela ohartzen bagara, komeni da salaketa jartzea. Gero egingo den ikerketa erraztu ahal izateko, gertatutakoari buruz ahalik eta informaziorik gehien ematea komeni da, eta aholkatzen da, beraz, ez ezabatzea web-orriari edo ordainketa egiteko erabili den plataformari buruzko datuak edo saltzaileekin izandako elkarrizketak edo horiekin harremanetan jartzeko datuak.

 

 

Oharra: gaiari buruzko elkarrizketak egiteko bozeramaile bat prest dago. Ertzaintzako prentsaren bidez kudeatuko dira. prensa@seg.euskadi.eus

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(XII legealdia 2020 - 2024)