Eusko Jaurlaritzak 2.538 lanpostu berri onartuko dituela iragarri du LEP 2020rako, eta dagoeneko konprometitutako 1.500 lanpostuei gehituko zaizkiela

2020-12-14
  •  Administrazioak langile publikoen soldata igoerari ekiteko negoziazio aldi berria ireki du sindikatuekin eta urtarrilean zehar itxiko dela espero du.
  •  Funtzio Publikoaren Mahai Orokorraren bileran, Jaurlaritzak kalitatezko enplegu publikoaren aldeko apustuari eutsi dio. Hautaketa-prozesuak onartuko dituela iragarri du: 836 lanpostu Hezkuntzarako, 700 Ertzaintzarako eta 1.002 Osakidetzarako.

Eusko Jaurlaritzako Funtzio Publikoak sindikatuekin negoziatzeko beste aldi bat ireki du enplegu publikoa bultzatzeko eta txanda kontratuari lotutako langile kontratudun finkoen erretiro partzialaren programa berritzeko. Halaber Administrazio publikoko langileen ordainsari-esparruaz hitz egiten hasi da jada sindikatuekin.

Funtzio Publikoko arduradunek, Jose Maria Armentia sailburuordea buru dela, eta bestetik ELA, LAB, CC.OO. eta UGT sindikatuetako ordezkaritzek gaur arratsaldean Lakuan egindako bilerak Itzarri-ri ekitaldi honetan egindako ekarpenari buruzko informazioa partekatzeko ere balio izan du.

Administrazio Publikoko Mahai Orokorraren lehenbiziko bilera izan da Jaurlaritza berri iragan irailean eratu zenetik eta bertan aurreko legealditik egiteke zeuden hainbat gairi buruz hitz egin ahal izan dute, tartean langile publikoen hautaketa prozesuez. Gobernuaren ordezkaritzak kalitatezko enplegu publikoaren bultzatzearen aldeko apustuari eusten diotela adierazi die sindikatuei eta 2020ko Lan Eskaintza Publikoa (LEP) onartuko duen Gobernu Kontseiluaren erabaki-proposamena aurkeztu die.

Guztira, 2.538 lanpostu berri dira eskainiko direnak, honela bananduta esparruka: 836 lanpostu Hezkuntzarako, 700 Ertzaintzarako eta 1.002 Osakidetzarako. Hauek guztiak aurreko ekitaldietatik Administrazio Orokorrean konprometituta dauden 1.500 plazei gehituko zaizkie.

Funtzio Publikoko sailburuorde Jose Maria Armentiak euskal Administraziorako ordainsari-esparruari heltzeko Aurrekontuen Lege egitasmoak eskaintzen dituen aukerak azaldu dizkie sindikatuetako ordezkariei. Honen harira, sailburuordeak nabarmendu du “langile publiko guztientzako ordainsarien ziurtasun eremu bat ezartzeko beharra” dagoela, bereziki krisi garai hauetan.

Eusko Jaurlaritzaren eta sindikatuen arteko bileran landutako beste puntu bat Euskal Autonomia Erkidegoko langile kontratudun finkoentzako erretiro partzialeko Plana izan da. Funtzio Publikoaren Sailburuordetzak arlo horretan akordio bat gauzatzearen garrantzia azpimarratu du, gaur egun lan-kontratuko langileek 2021. urtean erretiro partzialekin eta horiek errelebo-kontratuarekin duten loturarekin dituzten itxaropenei begira. Horregatik, bere proposamena aurkeztu die zentralei, beste akordio batera ahalik eta azkarren iristeko asmoz azter dezaten.

Era berean, Eusko Jaurlaritzak 2020an Itzarri-ri egin beharreko ekarpenari buruzko konpromisoa zehaztu du, azken Mahai Orokorrean iragarri bezala, eta indarrean dagoen ekarpena %0,5 handitzeko konpromisoa hartu du, 2020ko abenduan indarrean sartuta.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak