Elkarlan Sariak
Berriak Hezkuntza
qrcode

200.000 euro kongresuak eta zientzia bilerak antolatzeko laguntzatan (Gobernu Bilera 2020-12-15)

2020-12-15

Gobernu Kontseiluak, Hezkuntza sailburuaren proposamenez, gaurko bileran onartu du ikerketa zientifikoaren arloko kongresu eta bilerak –presentzialak nahiz birtualak- antolatzeko dirulaguntzak ematen dituen agindua. Kongresu eta bilera horiek Euskal Autonomia Erkidegoan burutu beharko dira, 2021eko lehen seihilekoan. Deialdi honek 200.000 euroko diru-kopurua du. 

COVID-19ren pandemiak eragin handia izan du kongresu eta bilera zientifikoen eremu horretan ere eta, horren ondorioz, formatu berriak baliatu behar dira, aukera ematen dutenak unibertsitateek eta ikerketa-zentroek egiten dituzten ikerketen emaitzak zabaltzeko. Horregatik, laguntza-deialdi honek aukera ematen du modu birtualean edo on-line egiten diren kongresu eta bilera zientifikoak finantzatzeko.

Laguntza hauen onuradun izan daitezke Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskal Sareko agente egiaztatuak, haien kategoria edozein dela ere.

Dirulaguntza hauek, honako gastu arrunt hauek ordaintzeko erabili beharko dituzte: kongresu edo bileraren antolamendua eta zabalkunde gastuak, hizlari gonbidatuen parte-hartze gastuak, edo kongresuen kasuan, ekarpen zientifikorik onenari eman ohi zaion saria.

Deialdi honetatik kanpo geratuko dira, bereziki prestakuntzakoak diren ikastaroak eta jarduerak, hala nola irakaskuntzako eta ikaskuntzako prestakuntza-jardunaldiak, tailerrak edo mintegiak, besteak beste.

31 kongresu edo bilera 2020ko lehen seihilekoan

Deialdi hau sei hilean behin argitaratzen da, eta Euskadin burutzen diren 70 kongresu edo bilera inguru finantzatzen laguntzen du, urteko. Aurtengo lehen seihilekoari dagokion deialdiaren bidez, 31 kongresu edo bilera lagundu dira diruz, 2020ko urtarriletik ekainera bitartean.

Ikerketa zientifikoaren arloko kongresu eta bilera hauek oso tresna egokiak dira ideiak eta ezagupen zientifiko eta teknologiko aurreratuak trukatu eta zabaltzeko, prestigio handiko ikertzaile eta irakasleen parte hartzea bultzatzen baitute. Era beran, euskal zientzia arloa ikusgarri egiten dute nazioarteko esparruan.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko