Berriak

Lehendakariak hiru diputatu nagusiei dei egingo die bilera bat egiteko

2011.eko ekainak 21

Fiskalitatea, Euskadiko erakunde-sarea eta gizarte-politikak izango dira topaketaren ardatz nagusiak

Diputatu nagusien eta Patxi López lehendakariaren arteko bilera karguen izendapen ofizialaren ondoren egingo da. Bihar Espainiako eta Euskadiko gobernuen arteko Batzorde Mistoa egingo da transferentziak formalizatzeko. 11 eskumen-eskualdaketa egingo dira guztira, eta, besteak beste, aipatzekoak dira EAEko kartzeletan lan egiten duten irakasle eta medikuen jarduerarekin lotutakoa eta laneko ikuskatzaileena. Eusko Jaurlaritzak egin beharko dituen murrizketa posibleen artean ez da soldatak gutxitzea, gizarte-politikak murriztea edo euskal enpresentzako laguntzak gutxitzea barne hartzen.

Fiskalitatea, instituzio-sarea eta gizarte-politikak izango dira Patxi López lehendakariak eta Euskadiko hiru diputatu nagusiek eztabaidatuko dituzten gai nagusiak. Idoia Mendia Jaurlaritzaren bozeramaileak azaldu duenaren arabera, hiru gai horiek “gobernuak eta aldundiek partekatzen dituzten funtsezko alorrak dira”, eta “eztabaidatu behar diren gaiak direla” ziurtatu du. Lehendakaritzan (Gasteizen) egin den prentsaurrekoan, Idoia Mendia Eusko Jaurlaritzaren bozeramaileak, asteartero bezala, Gobernu Kontseiluan hartu diren erabakien berri eman du. Gainera, bozeramaile eta sailburuak kazetarien galderei erantzun die. Bihar formalizatuko diren 11 transferentzien artean, bozeramaileak laneko ikuskatzaileekin lotutakoaren garrantzia azpimarratu du; izan ere, Mendiaren hitzetan, “pilare bat dira, oinarrizko instituzio bat”, eta transferentziaren bidez, ikuskatzaile guztien “elkarrekintza-batasuna” lortuko da, eta, hori “oso onuragarria” izango da euskal autonomia erkidegoarentzat.  Horrez gain, Mendiak beste transferentzia bi ere gailendu ditu oso garrantzitsuak direlakoan: bata, Euskadiko kartzeletan lan egiten duten irakaskuntza- eta osasun-arloetako langileekin lotua, eta, bestea, erlijio irakasleena. Eusko Jaurlaritzak egin beharko dituen aurrekontu-murrizketa posibleei dagokienez, Idoia Mendiak argi utzi du ez dela, inola ere, soldaten murrizketarik egongo, ezta gizarte-politiketan edota euskal enpresentzako laguntzetan ere.

Kazetarien galderei erantzunez, Eusko Jaurlaritzaren bozeramaileak Andoaingo (Gipuzkoa) alkatearen erabakiari erreferentzia egin dio, bizkartzainak Udaletxera sartzea debekatu baitzuen. Horren harira, Mendiak gogorarazi du Herrizaingo Sailak alkateari gutun bat bidali ziola udalaren instalazioetan “segurtasuna eta askatasuna” bermatzeko “betebeharra” duela gogorarazteko, eta, bozeramaileak esan duenez, gutunak ez du erantzunik jaso.

 

Eusko Jaurlaritzaren Kontseiluak hartutako erabakiak (2011.06.21)

 

 

 

 

Eusko Jaurlaritzaren Kontseiluak 2011-06-21n hartutako erabakiak

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)