7,6 milioiko laguntzak deitu dira Euskadiko landa inguruneetarako (Gobernu Bilera 2020-12-15)

2020-12-15
  •  EREIN programaren baitan, Euskadin landatartasun maila handiko 116 herritan aplikatuko dira guztira
  • Ekimen publikoak zein pribatuak finantzatuko dira, landa ingurunean bizi kalitatea hobetzen lagunduko duten nekazaritzaz kanpoko jarduerak garatzeko 
  • Urteaz geroztik, guztira 20 milioi euro inguruko laguntzak eman dira programaren bitartez 

Eusko Jaurlaritzako Kontseiluak Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren bi agindu onartu ditu, 2021eko ekitaldirako EREIN programako laguntzak deitzeko, Euskadin landatartasun mailarik handiena duten eskualdeak sustatzeko eta garatzeko, zeinean guztira 116 udalerri baitaude.  Lehenengoa 3,56 milioi eurorekin hornituta dago, eta dibertsifikazio ekonomikoan aurrera egiteko eta enpresak sortuz eta garatuz enplegua sortzeko ekimen pribatuak finantzatzeko erabiliko da. Bigarrena erakunde publikoetara zuzenduta dago, eta 4 milioi euroko zenbatekoa dauka, turismoari lotutako kultura eta natura ondareko inbertsio proiektuak eta aisia, turismo eta informazio azpiegiturak sortzeko. 2017. urteaz geroztik,  guztira 20 milioi euro inguruko laguntzak eman dira programa horien bitartez. 

EKIMEN PRIBATUA 

Laguntzen xedea inbertsio pribatuak finantzatzea da, Euskadiko landa guneetan enpleguari eusten edo handitzen laguntzeko egiten diren nekazaritzaz bestelako jarduerak sortzeko eta garatzeko, hala nola: 

  • Nekazaritzaren sektorearekin zerikusia izan ez, baina sektorea dibertsifikatzen duten jarduerak
  • Mikroenpresak eta enpresa txiki eta ertainak sortzea eta garatzea, eta autonomo gisa alta emandako pertsona fisikoek garatutako proiektuak, betiere inbertsioak nekazaritzako elikagaien produkziorako, eraldaketarako eta salmentarako badira
  • Enplegu sorkuntza garbia. Laguntzen onuradunak izan daitezke mikroenpresak eta enpresa txiki eta ertainak, betiere nekazaritzakoak ez badira eta landa eremuetan kokatzen badira 

Lehen kasuan, laguntzen onuradunak izan daitezke nekazaritzaren sektorearekin lotura duten pertsona fisikoak edo juridikoak eta ustiategi bateko famili unitate bateko kideak, eta beste kasuetan, berriz, nortasun juridikorik ez duten pertsona fisiko edo juridikoen elkarte pribatuak, ondasun komunitateak edo beste edozein eratako unitate ekonomiko edo ondare bananduak, nortasun juridikorik eduki ez arren aurreikusitako proiektuak eta jarduerak garatzeko gai badira. 

2021eko ekitaldirako laguntza horiek finantzatzera zuzendutako baliabide ekonomikoak 3,56 milioi eurora iritsiko dira, eta horietatik 3,46 enpresak sortu eta garatzera bideratuko dira. 

ERAKUNDE PUBLIKOAK

Aginduan aurreikusten diren laguntzak ekimen publikoa sustatzera daude zuzenduta, landa inguruneetako biztanleen bizi kalitatea hobetzen laguntzen duten azpiegiturak ezartzeko eta turismoari lotutako kultur ondarean eta ondare naturalean inbertitzeko proiektuak bultzatzeko, baita erabilera publikoko aisialdi, turismo eta informaziorako azpiegiturak egiteko proiektuak laguntzeko ere. 

Laguntzen onuradunak izan daitezke: toki entitateak (udalak, kontzejuak eta edozelako lurraldeko toki entitate, udalak baino eremu txikiagoa badute), udalerrien mankomunitateak, Arabako lurralde historikoko kuadrillak, tokiko sektore publiko instituzionala edo landa garapeneko elkarteak, baldin eta toki entitateek interbentzio eremuaren onurarako proiektu bat martxan jartzea haiengan delegatu badute edo enkargua egin badiete. 2021eko ekitaldirako laguntza horiek finantzatzera zuzendutako baliabide ekonomikoak guztira 4.000.000 eurokoak dira.

Bi kasuetan, laguntzaren eskariak landa garapenaren arloan eskumena duen zuzendaritzari zuzenduko zaizkio. Pertsona fisikoek modu presentzialean zein elektronikoan aurkeztu ahal izango dituzte eskariak. Pertsona juridikoek, berriz, kanal elektronikoaren bidez soilik. Eskaerak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, Agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko