Berriak Lehendakaritza
Eu

Lehendakariak "herrialdeko apustu" deritzo Leioan egingo den Europako estalazio bidezko neutroi-iturriaren egoitza espainiar berriari

2009.eko abenduak 10

Patxi Lopezen ondoan, Zientzia eta Berrikuntzako ministroa, Cristina Garmendia, eta EHUko errektorea, Iñaki Goirizelaia, egon dira ekitaldi honetan

ESS-Bilbao Partzuergoaren Partikula-azeleratzaileen Zentroak partikulak azeleratzen espezializatuta dagoen ikerketa laborategia izango du eta 180 milioi euroko inbertsioa izango da; %50 Eusko Jaurlaritzak jarriko du eta beste %50 Zientzia eta Berrikuntzako Ministerioak.

Patxi Lopez lehendakariak ESS-Bilbao zentroa aurkeztu du, Leioan kokatuko den estalazio bidezko neutroien iturri europarraren egoitza berria, EHUko campusaren ondoan. Zentroa potentziaren azeleratzaileen Zientzia eta Teknologian nazioarteko erreferentzia izango da. Lehendakariaren hitzetan, "Euskadiko multzoaren ekonomia dinamizatuko du eta bere garapenean parte hartzen duten enpresen bikaintasun teknologikoa handituko du, zientzia, ikerketa eta berrikuntzaren aldeko apustu argi baten barruan".

Ekitaldia egoitza berria eraikiko den toki berberean jarri den karpa batean egin da. Lehendakariaz gain, ekitaldian Zientzia eta Berrikuntzako ministroa, Cristina Garmendia, EHUko errektorea, Iñaki Goirizelaia, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburua, Isabel Celaá, Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoko sailburua, Bernabé Unda, Ikerketako Estatuko Idazkaria eta ESS-Bilbaoren artezkaritza-kontseiluko lehendakaria den Felipe Petriz Calvo, eta ESS-Bilbao zentroaren zuzendari zientifikoa eta CSIC-en ikerkuntza irakaslea den Javier Bermejo egon dira ere.

Lehendakariak esan duenez instalazio berri honek Eusko Jaurlaritzak bultzatu nahi duen "Euskadi-Zientzia" bikotea indartzen du; izan ere, Eusko Jaurlaritzak proiektu honen 180 milioi euroen %50 ordainduko du. 6 urteren buruan eraikin berri bat egongo da Leioako EHUko campusaren ondoan, ESS-Bilbao zentroa, eta potentziaren azeleratzaileen Zientzia eta Teknologian nazioarteko erreferentzia izango da. Aplikazioak "hainbat alorretarako izango dira, hala nola, nanoteknologia, teknologia, bioteknologia, material berrien prozesatu, fusio nuklear edo biofarmaziarako", ziurtatu du.

Lopezek zentro hau Euskadi nazioarteko erreferente gisa jartzearen aldeko "apustu argia" dela azpimarratu du, eta "herrialdeko apustu" deitu dio. Horrez gain, proiektu honetarako "munduko ospetsuenetarikoen" artean dauden zentro zientifikoen laguntza egon dela gogorarazi du, hala nola ISIS (Erresuma Batua), SNS (USA), CERN (Suitza) eta IPN-Orsay (Frantzia) zentroen laguntza.

Aparteko Instalazio Zientifiko-Tekniko hau 175x50 metroko solairua duen eraikin batean egongo da, eta bertan instalazio beraren osagai nagusia diseinatu eta fabrikatuko da, hau da, protoien azeleratzaile lineala. Makina konplexu honetan gailu, egitura eta barrunbe azeleratzaileen multzo batek partikulak azeleratuko ditu, eremu elektromagnetikoak erabiliz.

Azpiegitura hau eraikitzeak eta martxan jartzeak inguruko ekonomia dinamizatuko du eta bai eraikuntzan bai fase eragingarrietan parte hartzen duten enpresen bikaintasun teknologikoa handituko da, oinarrizko zientzia benetako ekonomiarekin nahasi nahi duen zientzia eta berrikuntzaren aldeko apustu argi batean.

Zentroak 60 lanpostu sortzea espero da, eta hauetako ehuneko handi bat goi-prestakuntzako langileek beteko dute.

Basque Culinary center

Bere aldetik, Zientzia eta Berrikuntzako ministroak, Cristina Garmendiak, instalazio hau "gure zientzia eta berrikuntza sistemaren heldutasun eta anbizioaren froga dela" esan du. Anbizio horrek 2015ean zientzia eta berrikuntzan nagusi diren herrialdeen artean Espainia kokatzea dakar, ministroaren arabera. Garmendiarentzat, ESS-Bilbao "ez da gure herrialdeak hartzen duen nazioarteko instalazio zientifikoaren lehenengo egoitza bakarrik, baizik eta Autonomi Erkidego baten eta Estatuaren arteko kooperazio eredu bat ere".

Eusko Jaurlaritzak gaur bultzatu duen beste proiektu aintzindaria Basque Culinary Center izan da. Donostiako Parke Teknologikoan egongo da eta gaur goizean bere lehenengo harria jarri dute. 2011. urtean bukatuko da. Kasu honetan, Mondragon Unibertsitatearen eta euskal sukaldarien proiektua da, Basque Culinary Center (BCulinary) Fundazioaren bidez kudeatzen da, eta Patxi Lopezen Gobernuaren laguntza dauka.

Lehenengo harri hau jartzeko ekitaldira Hezkuntzako sailburua, Isabel Celaá, eta Zientzia eta Berrikuntzako ministroa, Cristina Garmendia, joan dira.

Basque Culinary Center-ek Sukaldeko Zientzia Gastronomikoen Fakultate bat eta Ikerketa eta Berrikuntza Zentro bat edukiko ditu. Bere xedea Zientzia Gastronomikoen hainbat alorretan prestakuntza eta ikerketa, berrikuntza eta ezagutzaren eta teknologiaren transferentzia egitea izango da, baita Unibertsitate, teknologia-gune, enpresa eta erakunde publikoen artean komunak diren ikerketa prozesuak sortzea ere, ezagutza sortzeko eta transferitzeko gai den sare bat garatzeko asmoz.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)
Beste gonbidatu batzuk
  • Lehendakaria