Berriak Segurtasuna

Ertzaintzak bi pertsona atxilotu ditu osasun-araudia urratzeagatik egindako esku-hartzeetan

2020-12-13

Ertzaintzak bi pertsona atxilotu ditu azken orduotan Donostian eta Ondarroan, eta ehun isun baino gehiago jarri ditu, covidari aurre egiteko ezarritako osasun-arauak eta alarma-egoerako murrizketak hausten ari ziren pertsona taldeen aurka asteburuan egindako esku-hartze nagusietan.

Atzo gaueko bederatziak aldera, edaten eta osasun-araudia urratzen ari zen pertsona multzo haundi bat aurkitu zuten Donostiako Trinitate plazan, eta Ertzaintzaren patruilak iritsi zirenean batzuk objektuak botatzen hasi ziren eta Alde Zaharreko kaleetan ihesi joan ziren. Istilu horietan 26 urteko gizon bat atxilotu zuten atentatuaren delitua leporatuta, polizia-dotazio bati botila bat bota baitzion, eta identifikatu zuten beste bati eginbideak ireki zizkioten desordena publikoengatik.

Lurralde horretan bertan, zehazki Tolosan, hamabi bat pertsona aurkitu zituzten atzo arratsaldeko azken orduan kalean edaten eta maskara jantzi gabe, eta zegozkien isunak jarri zizkieten. Bergaran beste hamaika pertsonari jarri zizkieten isunak arrazoi beragatik, kalean edaten eta zarata ateratzen ari zirenean.

                  

Ondarroan pertsona bat atxilotu dute eta berrogei pertsonari isunak jarri dizkiete Bilboko bi tabernatan

Atzo arratsaldean Ondarroan emakume bat atxilotu zuten desobedientzia larria leporatuta, behin eta berriz bere identitatea eman nahi ez izateagatik, kalean alkohola edaten ari zen pertsona talde bat identifikatzen ari zirenean. Esku-hartze horretan, hiru adingabe zehatu zituzten.

Bizkaiko hiriburuko bi tabernatan, berriz, berrogei bat isun jarri zituzten, maskara erabiltzeko arauak ez zituztela betetzen eta bezeroak zutik eta segurtasun-tartea utzi gabe edaten ari zirela ikusi ondoren.

Goizaldeko hamabi eta erdiak aldera, Ertzaintzari jakinarazi diote Ortuellan hainbat pertsona kalean, musika ozen jarrita zuen auto baten ondoan, edaten ari zirela eta maskararik gabe zeudela, eta bertara hurbildu den polizia-dotazioak isunak jarri dizkie.

Azkenik, goizaldeko ordu bat eta erdiak aldera zortzi pertsona aurkitu dituzte Gasteizko txoko batean legez kanpoko festa bat egiten, eta bakoitzari dagokion isuna jarri diote etxeratze agindua ez betetzeagatik, sei pertsona baino gehiago elkartzeagatik, maskarak ez janzteagatik.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko