NEIKERek txertoei buruz landutako ikerketa lerroak Zendal saria irabazi du, tuberkulosiaren multzoko bakterioetan oinarrituta

2020-12-11

• International Zendal Awards sarien helburua da giza eta animalia osasunari lotutako proiektuen ikerketa sustatzea, One Health kontzeptuaren barruan, eta epaimahaiak bigarren edizioaren epaia jakinarazi du

• Saria 15.000 eurokoa da, eta ikerketa proiektuetara bideratuko da, helburua ikerketa bioteknologikoa aitortzea eta sustatzea baita

NEIKERek animalien paratuberkulosiari eta tuberkulosiari buruz garatutako lan original bat, eta Ciqus taldeak SARS-COV-2aren aurka garatutako txerto posible bati buruzko ikerketa bat, horiek izan dira II International Zendal Awards sarien epaimahaiak hautatutako irabazleak, animalia eta giza osasunaren kategorian, hurrenez hurren.

Epaimahaiak edizio honetako proiektu irabazleak aukeratzeko ezarri dituen irizpideak izan dira berrikuntza eta eraldaketa soziala, aurkikuntzen bideragarritasuna eta aplikagarritasuna, aurrerapen horiek gizartearen hobekuntzari eta ongizateari egiten dioten ekarpena eta ikerketa zientifikoaren garrantzia. Saritutako proiektuen arduradunek 15.000na euro irabazi dituzte kategoria horietan, eta zuzkidura ekonomikoa ikerketa proiektuetan berrinbertitu beharko dute, sarien helburua ikerketa bioteknologikoa sustatzea baita.

Bi aurrerapen txertoetan

Animalia osasunaren kategoriako proiektu irabazlea NEIKEReko Animalia Osasuneko Departamentuan mikobakterioetan espezializatutako taldeak aurkeztu duena izan da. Taldeak Mycobacterium generoko bakterioek eragiten dituzten gaixotasun nagusiak aztertzen ditu, hala nola tuberkulosia eta paratuberkulosia. Tuberkulosia zoonosi bat da, hau da, gizakien eta animalien artean transmititu daitekeen gaixotasun bat. Eragiten die bai etxeko abereei -bereziki behiei eta ahuntzei-, bai basoko faunari, azken horien artean basurdea izanik gehien erasaten duena.

Paratuberkulosia, berriz, hesteetako gaixotasun kroniko bat da, etxeko hausnarkariei erasaten diena (behiak, ardiak eta ahuntzak), bizitza produktiboaren hasieran. Kalkulatzen da munduko esne behien ustiategien %40ri eragiten diela, eta animalia bakoitzeko eta urteko 200 euroko galera sortzen du, ekoizpenaren murrizketagatik. Gainera, beste galera batzuk gertatzen dira gaixo dauden animalien bajagatik, gaur egun ez dagoelako tratamendurik. Gaixotasuna ekiditen duen heinean, txertoak hobetu egiten du animalien ongizatea eta etxaldeen iraunkortasun ekonomikoa. Arazoa da tuberkulosiaren diagnostikoan interferitzen duela, eta, horregatik, ez da modu orokortuan erabiltzen. Arazo hori konpontzea izan da NEIKEReko taldearen ikerketaren helburuetako bat.

Orain dela gutxi arte, uste zen txerto inaktibatuak ez zirela baliagarriak tuberkulosia mugatzeko, baina NEIKEReko taldeak frogatu du badirela eta, gainera, abeltegietako beste gaixotasun akutu eta kroniko batzuen eragina murriztu dezaketela. Horren oinarrian dago hainbat mekanismo aurkitu berri direla, ikasitako sortzetiko immunitatearen teoria baieztatzen dutenak; horren definizioaren arabera, agente patogeno bati emandako erantzun areagotua da, agente horrek berak edo beste batek induzitutakoa.

Ikerketa proiektuaren lanen zati bat munduan egindako saiakuntza kliniko bakarrean oinarritzen da, Euskadiko hainbat abeltegitako behi aziendan paratuberkulosiaren aurka probatutako txerto bati buruz. Azterketa, berez, abeltzaintza sektorerako zuzeneko transferentzia teknologikoa da, eta balio izan du tokian bertan berresteko babes ez espezifikoaren iragarpena, animalien ikasitako sortzetiko immunitatearen teoriaren baitan.

Giza osasunaren kategoriari dagokionez, Ciqus taldearen helburua da SARS-COV-2aren aurka jo dezakeen txerto bat lortzea, saiakuntza klinikoen fasera iritsi daitekeena. Proiektua metodologia propio batetik abiatu da, zeina laborategian garatu eta patentatuta baitago, eta txertoetarako antigeno berriak azkar eta merke sortzea ahalbidetzen du.

Halaber, Bikaintasunaren Ibilbidearen Aitortzaren atalean, epaimahaiak Maria A. Blasco biologo molekularra saritu du; Margarita Salas ospetsuaren dizipulua da, eta gaur egun Ikerketa Onkologikoen Zentro Nazionaleko zuzendaria (CNIO), non minbiziaren eta zahartzearen aurkako borrokara bideratzen ari baita bere lana.

Aditu batzorde prestigiotsu batek osatutako epaimahaia

Sarien gaineko erabakia aditu talde prestigiotsu baten esku egon da, buruak izanik Juan Jose Badiola Diez irakaslea, Animalia Osasuneko katedradun emeritua, Zaragozako Unibertsitateko Entzefalopatia eta Gaixotasun Transmitigarri Emergenteen Zentroko zuzendaria, Espainiako Albaitaritza Elkargoen Kontseilu Orokorreko lehendakari ohia, eta Estatu Kontseiluko kide ohia; Maria Jesus Lamas, Medikamentuen eta Produktu Sanitarioen Espainiako Agentziako zuzendaria; Maria Jaureguizar Redondo, Vet+i Fundazio-Animalia Osasuneko Espainiako Plataforma Teknologikoko zuzendari gerentea; Carlos Martin Montañes, Mikrobiologia, Medikuntza Prebentibo eta Osasun Publikoko katedraduna eta giza tuberkulosiaren aurkako txerto berri baterako proiekturik aurreratueneko liderra; Miguel Angel Llamas, Biokimika eta Biologia Molekularreko doktorea eta diagnostiko molekularrean diharduen Empireo enpresako CEO; Jelle Thole, TuBerculosis Vaccine Initiative (TBVI) irabazi asmorik gabeko fundazioko fundatzailea, zeinak Herbehereetan baitu egoitza, tuberkulosiaren aurkako txerto berrien garapena sustatzeko. Halaber, Zendal Taldeko bi kidek ere parte hartu zuten epaimahaian, idazkari eta lehendakari lanetan.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak