Berriak Segurtasuna

Ertzaintzak etxebizitzetan lapurretan aritzen zen eta Frantziatik iritsita zegoen zelula ibiltari bat atzeman du Bilbon

2020-12-13

Hiru emakume atxilotu dituzte, hiriko erdialdeko etxebizitza batzuetan lapurreta egiten saiatu ondoren

Bilbon, 2020ko abenduaren 13a

Ertzaintzak jatorriz kroaziarrak diren hiru emakume atxilotu ditu aste honetan Bilbon. Dirudienez, etxebizitzetan lapurretan aritzen zen zelula kriminal bateko kideak dira. Arrastatu dituzten emakumeak 35 urtetik 39 urtera bitartekoak dira, eta dozenaka aurrekari dituzte guztira, bai eta polizia saihesteko erabiltzen zituzten 43 identitate ezberdin ere. Uste da Frantzian finkatuta dagoen talde kriminal batekoak direla. Ertzaintzaren esku-hartzeak eragotzi zuen Euskadin lapurreta burutzea.

Hiru emakumeak Ertzaintzako ikerketa-zerbitzuek hauteman zituzten joan den asteartean, lehenengo orduan, Irunen, auto batean zihoazela. Polizia-baliabideek autoa zaintzeko dispositibo bat jarri zuten abian. Lehenengo Gasteizera joan ziren, eta eguerdian Bilboko erdialdera iritsi ziren, eta bertan aparkatu zuten autoa.

Susmagarriek segurtasun-neurri batzuk hartu zituzten segurtasun-indarrak saihesteko, eta, esate baterako, euren artean tartea utzita ibili ziren edo ibilbide bera behin baino gehiagotan egin zuten. Susmagarriei atzetik jarraitzen ari zen taldeak ikusi zuen hiru emakumeak Indautxu auzoko etxebizitza-eraikin bateko portalean sartu zirela, ustez lapurreta egiteko asmoz.

Hiru emakumeak eraikinetik irtetean atzeman eta atxilotu zituzten. Hirurek zeramatzaten higiezinetako eta etxebizitzetako ateak indarra erabiliz irekitzeko erremintak. Horien artean, neurri ezberdinetako bihurkinak, gakorde gisa erabiltzeko egokitutako manikura-kit bat eta irristatze teknikaren bidez ateak irekitzeko prestatutako plastikozko laminak. Emakume bakoitzak bere materiala zeraman arropa artean ezkutatuta, eta bi kasutan galtzerdian sartuta. Agenteek material guztia eta gainean zeramaten dirua, 2.500 euro inguru, konfiskatu zizkieten. Gero egiaztatu ahal izan zuten eraikinean ez zutela lapurretarik egin.

Operazioan Ertzaintzako Gipuzkoako, Arabako eta Bizkaiko ikerketako lurralde-zerbitzuek esku hartu dute. Kasuaren arduradunen ustez, hiru emakumeak Frantzian finkatuta dagoen eta jatorriz kroaziarra den talde kriminal bateko zelula ibiltari bateko kideak dira. Arrastatu ondoren jakin zuten autoa Parisen alokatu zutela eta emakumeak Donibane Lohizuneko hotel batean ostatu hartuta zeudela. Ohikoa da era horretako delitugile taldeak inguruko lurraldeetara mugitzea, ordu edo egun gutxi batzuetan etxebizitzetan lapurreta egin eta ondoren, lapurtutakoarekin, euren basera itzultzeko.

Arrastatu dituzten emakumeak identifikatu ahal izateko, Ertzaintzak horien hatz-markak aztertu behar izan ditu. Horrela jakin du polizien datu-baseetan hirurek identitate ezberdinak dituztela; kasu batean 17 identitate ezberdin, beste batean 14 eta hirugarren kasuan 12. Era horretara, segurtasun-indarren lana zailtzen saiatzen dira. Hiru emakumeak biharamunean eraman zituzten agintari judizialaren aurrera Bilbon.

 

 *RAMON BAÑUELOS, BIZKAIKO IKERKETA KRIMINALEKO ZERBITZUKO BURU OPERATIBOAREN ADIERAZPENAK

 

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak