Berriak Justizia eta Herri Administrazioa
Eu

Herri Administrazioko sailburuordeak ziurtapen-zerbitzuen emaile publikoen topaketa bati eman dio hasiera

2011.eko ekainak 16

Erakunde hauetako ordezkariak izan ziren topaketan: NAN, Diruaren eta Zerga-zigiluaren Fabrika Nazionala, Kataluniako Ziurtapen Agentzia (Catcert) eta Valentziako Erkidegoko Ziurtapen Agintaritza

Izenpek, euskal administrazioen ziurtagiri eta sinadura digitalen enpresak, hartu zituen atzo ziurtapen-zerbitzuen Espainiako emaile publikoek egiten duten urteko bilerako parte-hartzaileak. Herri Administrazioko sailburuordeak, Elena Pèrez Barredok, eman zion hasiera topaketa-foroari, Bilboko Plaza Bizkaia eraikinean. Topaketan hainbat erakundetako zuzendariak eta  teknikariak bilduko dira, esperientziak trukatzeko eta sinadura elektronikoaren, segurtasunaren eta erakunde, enpresa eta herritarren arteko elkarreragingarritasunaren arloan aurrerapausoak emateko sinergiak lortzeko asmoz.

Esparru horretan, e-Administrazioa bultzatzeko bide bateratuak, beharrezko segurtasun-irizpideak eta nazio-mailan aplikatu eta garatu beharreko arautegia zehaztu nahi dituzte arlo desberdinetako aditu teknikoek. Hainbat gai landuko dituzte: elkarreragingarritasun-sistemak, gailu mugikorretan erabiltzeko sinadura elektronikoko aplikazioak, atzerriko emaileekiko harremanak eta Interneteko nabigatzaile nagusiak (IE, Opera, Safari, Chrome, Firefox).

Euskal Autonomia Erkidegoan Izenpe da ziurtapen eta sinadura elektronikoaren arloan erreferentziazko marka. ISO 27001 ziurtagiria lortu duen lehenengo enpresa izan da estatuan, ETSI TS 101 456 ziurtagiria ere badauka, eta egoitza elektronikoko ziurtagiri elektronikoak EV balidazio zabalduarekin ematen dituen enpresa bakarra da munduan.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan