Pandemiak euskal herritar inklusibo eta solidarioagoak uzten dizkigu atzerritar jatorriko biztanleekiko ere

2020-12-14
  • Euskal herritarrek atzerritar jatorriko pertsonekiko duten tolerantzia-indizeak errekorra ezarri du Ikuspegiren Barometroan
  • “Euskal gizarteak badaki egoera larria dela eta lotura estutzeko unea dela” azpimarratu du Artolazabalek
  • Badira oraindik hain begi onez ikusten ez diren kolektiboak, hala nola pakistandarrak, errumaniarrak edo magrebtarrak

Bilbo, 2020/12/14

COVID-19aren pandemiak euskal gizarte ulerkorragoa eta solidarioagoa ekarri du egoera kritikoan dauden pertsonekiko, eta immigrazioarekiko jarrera toleranteagoak erakusten ditu. Hala jasotzen du euskal gizarteak atzerriko jatorriko biztanleekiko dituen jarrera eta iritzien inguruan Ikuspegi Immigrazioaren Euskal Behatokiak egin duen 2020ko Barometroak.

EAEko biztanleek atzerriko jatorriko pertsonekiko duten tolerantzia-indizea 65,00 puntukoa da, eta horrek esan nahi du nabarmen egin duela gora 2019ko barometroaren aldean, orduan 60,67 puntukoa baitzen, Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Berdintasuneko sailburuak, Patxi Juaristi EHUko Bizkaiko Campuseko errektoreordeak eta Julia Shershneva Ikuspegiko zuzendariak prentsaurrekoan azaldu dutenez. Gainera, zifrarik altuena da neurtzen denetik.

Artolazabalek azpimarratu duenez, “datuen emaitzek adierazten dute, itxura batean, euskal gizartea jakitun dela egoeraren larritasunaz, pertsona eta familia asko egoera kritikoan daudela eta lotura estutzeko eta solidarioak izateko unea dela”. Ildo horretatik, Barometroan, euskal gizartea “ulerkor agertzen da, eta jarrera inklusibo eta toleranteagoak ditu atzerritar jatorriko pertsonekiko”.

Orain arte, joerak erakusten zuen tolerantzia-indizean lortutako emaitzak dinamika makroekonomikoekin oso lotuta zeudela. Hala, hedapen ekonomikoko aldietan puntuazio altuagoak ematen ziren, eta krisialdietan, ordea, atzerritar jatorriko pertsonekiko konfiantza-galera eta tolerantzia txikiagoa islatzen zen. Hala ere, covid-19aren krisiak asoziazio hori hausten duen egoera berria ekarri du.

Bestalde, Euskal Herriko Unibertsitateko Bizkaiko Campuseko errektoreordeak azpimarratu duenez, “gizarte gisa, eta unibertsitate gisa ere, lan egin behar dugu immigrazioari buruzko zurrumurruak eta estereotipo faltsuak desagerrarazteko. EHUn argi daukagu hezkuntza publikoa, gainerako zerbitzu publikoak bezala, pertsona guztien eskubide unibertsalak direla, edonon jaioak direla ere”.

Barometroaren ondorioak

Barometroa urteko azken hiruhilekoan egin da, pandemiaren erdi-erdian. Beraz, horrek erakusten du euskal gizarteak, oro har, indartu egiten duela azken urteetan erakutsitako joera positiboa, 2019ko datuak hobetuta. Hala, aipatzekoa da euskal gizarteak ez duela immigrazioa arazotzat ikusten, “inoiz ez da arazo bat izan, eta orain are gutxiago”, adierazi du Julia Shershneva Ikuspegiko zuzendariak. Alde horretatik, euskal gizartearen % 10,2k soilik uste du immigrazioa arazo bat dela Euskal Autonomia Erkidegoarentzat, eta % 2,8k bakarrik arazo pertsonal bat dela (hau da, serie osoko daturik baxuena).

Gainera, ikusten da, aurreko urtearekin alderatuta, immigrazioak enpleguan eta ekonomian sortzen dituen ondorio positiboek gora egin dutela.

Ikuspegik ere joera positiboa ikusi du atzerriko immigrazioarekiko estereotipo faltsu eta negatiboen presentziari dagokionez, gero eta babes sozial txikiagoa baitute, oro har. Izan ere, euskal gizarteak arbuiatu egiten du bertakoei soilik zuzendutako babes sozialeko sistema bat, eta hezkuntza publikoa zein osasuna pertsona guztien eskubideak direla uste du.

Nolanahi ere, 2020ko Barometroaren datuek erakusten dute oraindik ere estigmatizatuta daudela jatorri atzerritarra duten pertsonen kolektibo batzuk, zehazki jatorri pakistandarra, errumaniarra edo magrebtarra dutenak, bizikidetzan ez baitira hain begi onez ikusten, eta jarrera hori urteetan zehar mantendu egiten da.

Asiloari eta babesari dagokienez, datuek erakusten dute euskal herritarrak toleranteak direla asiloa eta babesa eskatzen duten pertsonekiko. Euskal herritarren ia herenek, % 32,2k, uste dute inolako murrizketarik gabe hartu behar direla pertsona horiek. Datu horri gehitzen badizkiogu jazarrita daudela egiaztatu ondoren sarbidea izan behar dutela dioten pertsonak, zifra hori % 73,7ra igotzen da.

Nahiz eta euskal instituzioek, gehienbat, aniztasuna kulturartekotasunaren ikuspegitik kudeatzeko eredu baten alde egin, kontzeptu hori oraindik ez da barneratu euskal gizartean. Horrek “pixkanakako asimilazio” bidezko bizikidetza-eredu baten alde egiten jarraitzen du (asimilazionismo biguna). Hala, integrazio-prozesuek immigranteen eta bertakoen ahalegin partekatua eskatzen dutela onartu arren, bere ustez, immigranteak saiatu behar dira gehien gure ohitura eta tradizioetara egokitzen.

4 iruzkin
  • @elkarteakinfo
    2020-12-15

    Comentario de Twitter:
    La pandemia nos deja una ciudadanía vasca más inclusiva y solidaria también hacia la población de origen extranjero
    https://t.co/nQLRf26CKq

  • @elkarteakinfo
    2020-12-15

    Comentario de Twitter:
    Pandemiak euskal herritar inklusibo eta solidarioagoak uzten dizkigu atzerritar jatorriko biztanleekiko ere
    https://t.co/b0HKY5LO8I

  • 2020-12-14

    Sinergia positiboak sortzen lan handia dago, herritar guztiekin gatazkarik sortu gabe, jatorria edozein izanda ere.

  • 2020-12-14

    Hay mucho trabajo en crear sinergias positivas sin resultar conflictos con toda la población independientemente de su origen.

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
Beste gonbidatu batzuk
  • Patxi Juaristi, UPV/EHUko Bizkaiko Campuseko errektoreordea; Julia Shershneva, Ikuspegiko zuzendaria