Lehendakariordeak digitalizazioaren eta zereginak berresleitzearen alde egiten du, LANBIDEn eraginkortasuna hobetzeko.

2020-12-11

Idoia Mendia lehendakariorde eta Eusko Jaurlaritzako Lan eta Enpleguko sailburuak uste du digitalizazioa eta Lanbideko langileen artean zereginak berresleitzea direla enplegu-zerbitzu publikoaren eraginkortasuna hobetzeko lehen urratsak, eta prozesu hori erakunde autonomoko langileen inplikazioarekin egin behar dela.

Legebiltzarreko interpelazio bati erantzunez, Mendiak gogorarazi du Lanbideren eraldaketa, enplegu politika aktiboen ardatz izan dadin, berariaz jasota dagoela gobernu programan. Ildo horretan, adierazi du edozein aldaketa egiteko bulego bakoitzaren errealitateari buruzko diagnostiko zehatza egin behar dela, eta diagnostiko horrek erakusten duela desoreka dagoela zereginen kargan, artatzen diren prestazioen eta eskualde bakoitzeko errealitatearen arabera.

Hori dela eta, lehen proiektu estrategikoa digitalizazio osoa dela iragarri du, "Adimen artifizialarekin lotutako datuen kudeaketa, enpresen eskaria ia denbora errealean ezagutzea ahalbidetuko duena, Lanbidek langileak eskari horrekin batera prestatu ahal izateko".

Horrekin batera, lehendakariordeak langileen zeregin bakoitza aztertzeko prozesu bat aurreratu du, "Orientatzaileak enplegurako prestatzen direnen tutore izan daitezen, prestakuntzatik aktibatzerainoko ibilbidean lagun diezaieten".

Hori lortzeko, bulego bakoitzaren errealitatea ezagutzen dutenen inplikazioa behar da, Lanbideko zuzendari nagusiak dagoeneko hasi duen hausnarketa. Hori dela eta, Mendiak azaldu duenez, "Ez dugu Lanbide dekretu bidez aldatuko"; izan ere, zerbitzu publikoaren eredua definitzen hasi dira, bulego bakoitzaren diagnostikoa egiten, sindikatuetako ordezkariekin hitz egiten, eta Administrazio Kontseiluan akordioa lortzen eta irtenbideak berritzen jarraituko dute. "Hori da ibilbidea, ez dago bidezidorrik. Sail honek oso argi dauka nora eta nola joan nahi duen: enpleguaren bidez, gizarte eta lurralde kohesioari lagunduko dion Lanbidera ", gaineratu du.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak