Lehendakariak terrorismoak egindako mina "ez ezkutatzea ezta txikiagotzea ere" eskatu du
Terrorismoaren biktimak “askatasunaren eta ETAren porrotaren sinboloa” dira
Euskadiren etorkizunak hiru ardatz izan behar ditu, lehendakariaren ustez: egia, justizia eta demokrazia; “egiarik gabe ezinezkoa baita justizia lortzea eta justiziarik gabe demokrazia ez delako inoiz iritsiko”. Patxi Lópezek gogoratu du legealdi honetan Euskadik Memoriaren Zentro Nazionala izango duela. “Ahanzturaren kontrako toki bat, totalitarismo politikoaren eta terrorismoaren kontrako salaketa etengabea”.
Gaur egun Euskadin egiten diren mehatxuek, lehendakariaren ustez, ezker abertzaleak “ibilbide demokratiko luzea duela egiteke” erakusten dute, eta xantaia “onartezin” horiek gaitzesteko eta ETA desagerraraztea exijitzeko eskatzen dio. Lehendakariaren ustez, herrialde “zuzen” bat eraikitzeko “memoria” beharrezkoa da, baita “gutxieneko autokritika bat ere indarkeriaz baliatu direnei eta ibilbide horretan babestu dutenei dagokienez”.
Lehendakariak esan du urte luzez aipatu direla “gatazkaren adierazpenak, errefuxiatu politikoenak, orotariko indarkerienak, bi aldeetako biktimenak; itzulinguru horiekin hilketen atzeko egia ezkutatu nahi zen, eragindako kaltea gutxitu, estrategia totalitarioaren justifikazioa sartzen uzteko zirrikituak ireki nahi ziren, eta hori ezin da egin”, erantsi du.
Lehendakariak esan du ETA “desagerraraztear” dagoela “demokraten irmotasunari” esker. Horrez gain, Eduardo Puellesen bigarren urteurrena eta Hipercor-eko atentatuaren 24.a aipatu ditu Terrorismoaren Biktimei buruzko Nazioarteko Konferentzian. Ekitaldia Donostian egin da eta gaur Eusko Jaurlaritzaren buruak amaiera eman dio.
Lehendakariaren hitzetan, terrorismoaren biktimak “bizitako dramaren memoria dira eta horixe izaten jarraitu behar dute, baita gure etorkizuneko bizikidetzarako oinarria ere, haien lekukotza berriro gertatu behar ez duenaren oroitzapena da”.