Bingen Zupiriak Xabier Sáenz de Gorbea dokumentu-funtsaren dohaintzaren aurkezpenean parte hartu du

2020-12-10

Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu eta Eusko Jaurlaritzaren bozeramaileak Bilboko Arte Ederren Museoan, Xabier Sáenz de Gorbea dokumentu-funtsaren dohaintzaren aurkezpenean parte hartu du gaur. Euskal artean espezializatutako garrantzi handikoa funts dokumental pribatua da, bai bolumenagatik, bai lanen kalitate bibliografiko eta zientifikoagatik. 

Multzo hori dohaintzan ematea ekarpen baliotsua da, eta aberastu egin du Museoko liburutegia 1985ean sortu zenetik jasotzen joan den euskal arteari buruzko dokumentu bilduma. Orain bi bildumak elkartu izana urrats garrantzitsua da Arteder –Euskal Arte Garaikidearen Dokumentazio eta Azterketa Zentroa– proiektuaren etorkizunerako, erreferentzia puntu saihestezina baita espezialistentzat eta euskal arte garaikidea ikertu ahal izateko. Lorpen hori lotuta dago museoak gure inguruko arte-sorkuntza ikertzeko eta heda dadin sustatzeko duen helburu orokorrarekin.

Xabier Sáenz de Gorbea dokumentu funtsaren dohaintza dela-eta, Arte Ederren Museoak emandako materialen aukeraketa esanguratsua jarri du ikusgai W aretoan (writer / idazlea / escritor / écrivain). Era berean, hautaketa horretan erakutsi du hark bizitzan zehar egin zuen kritikari, irakasle eta ikertzaile lana.

Gainera, Xabier Sáenz de Gorbearen figura eta artearen munduari egindako ekarpenak iraunarazteko asmoz, Sonia Rueda haren bikotekideak eta Bilboko Arte Ederren Museoak bi urtean behin egiteko lehiaketa baterako deialdia egin dute sari hau emateko. Lehiaketaren helburua da ikusarteei eskainitako arduraldia aitortzea, arte horien edozein arlotan: sortzea, aztertzea eta ikertzea, sustatzea, hedatzea eta bultzatzea. Saria 10.000 euro gordinkoa da, Xabier Sáenz de Gorbearen ondaretik hornitua. Xabier Sáenz de Gorbea sarirako proposatu ahal izango dira Euskal Autonomia Erkidegoan ikus-arteak garatzeko ekarpen egiaztatua eta erabakigarria egin duten pertsona fisiko edo juridiko guztiak.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak