Hogei euskal familiek Erorien Haranetik desobiratzeko eskubidea aintzatesteko ziurtagiria lortu dute

2020-12-11
  • Estatu osoan, guztira 54 eskaerak lortu dute ziurtagiri hori, Euskadiko hogei hauek zenbatuta
  • Guztira Gogora institutuak aholkularitza eta laguntza eman die tramite horiek hasi dituzten 23 familiei
  • Eusko Jaurlaritzak, Gogoraren bitartez DNA probak egingo dizkie senitartekoei, erkatzeko balioko duten erauzketak egiteko
  • “2020an oraindik, milaka familiak ezin izan dute dolu hura itxi”, adierazi du Artolazabalek

Vitoria-Gasteiz, 2020/12/11

Eusko Jaurlaritzako Berdintasuneko sailburu Beatriz Artolazabalek gaur azaldu du Estatu osoan Erorien Haranetik desobiratzeko eskubidea aintzatesteko ziurtagiria duten 54 eskaeretatik hogei euskal familiarenak direla. “Proportzio horrek Eusko Jaurlaritzaren aldetik kudeaketak egiteko familia horiek jaso duten laguntzaren neurria ematen digu: lehenik eta behin, haien senitartekoa Haranean lurperatuta zegoela ziurtatzeko eta, ondoren, hura desobiratzea eskatzeko”, azaldu du.

Izan ere, Eusko Legebiltzarrean emandako erantzun batean, Artolazabalek zehaztu du 23 euskal familia hasi direla tramiteak egiten, berrogeita hamarreko hamarkadan Kuelgamuroseko haranera eraman zituzten senideen gorpuzkiak desobiratzea eta berreskuratzea eskatzeko, Gogora Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuaren aholkularitzarekin eta laguntzarekin.

 “2020an oraindik, milaka familiak ezin izan dute gerra zibilean desagertutako senidekoa berreskuratu. 2020an oraindik, milaka familiak ezin izan dute dolu hura itxi”, adierazi du sailburuak.

Erorien Haranean, guztira, 33.000 gorpuzki baino gehiago daude. Kalkuluen arabera, 1.300 euskal herritar baino gehiago daude ehortzita. Euskaditik eta penintsulako beste leku batzuetatik lekualdatu zituzten, eta haietako hirurehun bat identifikatu gabe eraman zituzten. “Kasu gehienetan, Francoren erregimenak ez zuen haien familien baimenik izan”.

Berehala emango diren hurrengo urratsak

Berdintasuneko sailburuak gehitu du Memoria Historikoaren Estatuko Idazkaritza “talde forentseak kriptetan berehala sartzeko” prestatzen ari dela, Eusko Jaurlaritzak dakienez. Horren ondoren, talde teknikoek eskatu diren 54 gorpuzkietako bakoitza lurperatzea bideragarria den aztertuko dute.

Prozesu konplexua da, eta baliteke zenbait kasutan bideraezina izatea, kriptak eta kutxak egoera txarrean daudelako edo gorpuzkiak identifikatu ezin direlako. Artolazabalek gaineratu du badakitela non dauden 20 euskal herritarrak.

Nolanahi ere, hurrengo urratsa izango da ahaide hurbilenen eta erkatze genetikoetarako egokienen DNA laginak jasotzea. Horretarako, Eusko Jaurlaritzak Gogoraren bitartez, DNA probak egingo dizkie senitartekoei, erkatzeko balioko duten erauzketak egiteko.

Artolazabalek azaldu duenez, aste honetan bertan familiarekin bildu da Gogora institutuaren egoitzan. “Hobeto ulertu nuen haiek berreskuratzeko irrika. Urte hauetan guztietan eskaini ezin izan dieten hilobia eta agurra emateko gogo bizia dute”. “Haien nahia betebehar instituzional bat da, eta hala hartzen du bere gain Eusko Jaurlaritzak bere osotasunean. Familia guztiei lagun egingo diegu prozesua amaitu arte. Gerra bidegabe haren ondorioz beren bizi-proiektuak zapuztuta ikusi zituzten gazteen istorioak ere berreraikitzen saiatuko gara”.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak