Berriak Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioak
Eu

Loiola eta Herrera behin betiko loturik 2 kilometroko tunel baten bitartez

2011.eko ekainak 17

Donostialdeko metroaren Loiola-Herrera tunelaren bat egitea

Bi urte baino gehiagoko lana behar izan da Donostiako auzo horien lur azpiko lotura amaitzeko.

2011ko ekainaren 17 Donostialdeko Metroaren historian geratuko da, gaurtik aurrera, Donostiako Loiola eta Herrera auzoak 2 kilometro luze den, eta etorkizunean metroa jasoko duen, tunel baten bitartez loturik daude, izan ere, egun horretan egin dute bat, behin betiko hondeaketaren bi fronteek.

Gertakari hori gaur eguerdian burutu dute lanetan parte hartu duten langileek, Herrera azpian. Ekitaldian parte hartu dute Iñaki Arriolak, Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Sailburuak, eta Euskal Trenbide Sareko, EuskoTreneko eta lanen esleipena duten enpresetako zuzendaritza taldeetako kideek.

Kalea edo bat egitea oso une berezia izaten da, izan ere, lan taldeek tokian bertan egindako lanaren emaitza da eta helburu nagusia betetzen da: lur azpitik doan bidea irekitzea eta komunikatzea. Tuneleko langileentzat, tunelgile izenekoentzat, bat egitearen edo "kalearen" unea obra batean gehien ospatzen den unea da, beraien zaindari den Santa Barbara egunarekin batera.

Horrez gain, kalea edo bat egitea gertatu baino minutu batzuk lehenago, ekitaldian parte hartu duten pertsona guztiek, Loiola aldetik tunelaren burutzapen maila "in situ" egiaztatu ahal izan dute, eta, batez ere, Intxaurrondoko geltokia jasoko duen haitzuloa, izan ere, jada erabat hondeaturik baitago, Montes Francosetik, Sagastiederretik eta Zarategi Pasealekutik izango dituen sarbideak eta aireztapenerako eta larrialdietarako galeriak barne.

Gaurko kalea edo bat egitea nahiko berezia izan da, izan ere, eraso fronteetatik burututako hondeaketa lanak kota desberdinean baitzeuden, eta daude. Alde batetik, Loiola aldeko lubaki makina, tunel faltsuaren egungo hondeaketa baino 3 metro inguru beherago dagoen lineako tunelaren mea hondeaketan aritu izan da lanean. Hori dela eta, kalea edo bat egitea jasotzen duen frontea, operazioa ikusteko plataforma baino beheragoko kotan dago.

Herrerako geltokiaren eraikuntza asmo handiz planteatu da, eta trenbide jabariaren berrerabilera baino haratago doa. Erdi lur azpian egongo den geltoki berri horren eraikuntzak, une honetan bertan dagoena ordezkatuz, ingurune guztia hirigintzaren aldetik berrantolatzeko aukera emango du.

Horrela, proiektuak, N-1 errepidea iparralderantz eramatea jasotzen du, eskaileren eta igogailu panoramiko baten bitartez San Luis Gonzaga plazarekin loturik egongo den plaza handia eratzeko.

Bertan eraikiko den plazatik pilotalekuarekin eta Trintxerpe auzoarekin egongo den lotura oinezkoentzako igarobideen eta arrapala berri baten bitartez egingo da.

Herrerako geltokia erdi lur azpian egongo da, eta nasak alboetan izango ditu. Nasetarako sarbidea eskailera eta igogailu bitartez egingo da, mugikortasun urria duten pertsonak ere bertara joan ahal daitezen. Geltokiaren ataria plazaren kotan egongo da.

Haitzuloan egingo den eta metro tipologia izango duen Intxaurrondoko geltokirako sarbidea, azaleran egongo diren bi ahoren bitartez egingo da. Aho horiek Montes Francos parkean eta Sagastieder pasealekuan egongo dira. Zarategi pasealekuaren ekialdean egongo den igogailuaren bitartez ere joan ahal izango da.

Loiola-Herrera zatiaren bikoizketari (2,7 km.) esker, bikoiztu ahal izango dira Amara eta Errenteria arteko maiztasunak, hau da, 7,5 minutuz behin tren zerbitzuak eskaini ahal izango dira; uholdeak gertatzeko arriskuak murriztu egingo dira, une honetan Urumea ibaiaren gainean dauden zubiek sortzen duten tapoi hidraulikoa kendu eta erabat berria izango den zubia egingo baita; 15.000 pertsona baino gehiagori emango die zerbitzua Intxaurrondon eta beste 5.000ri Herreran, eta toki horietako bakoitzean geltoki erabat berriak egingo dira, bakoitzak sartzeko zenbait aho izango ditu, eskailera mekanikoz eta igogailuz horniturik, biztanleen etxeetatik 10 minutu baino gutxiagora, oinez; eta merkantzien joan-etorri independenterako aukera emango dute, lotura zuzena ezarriz Pasaiako portuarekin.

Laburbilduz, inbertsio osoa 71,7 milioi eurokoa da (BEZ barne), eta horren barruan honako lan hauek sartzen dira:

  • 2,6 km trenbide bikoitza bidaiarientzat,
  • Beste trenbide bat merkantzietarako bakarrik, Pasaiako portuarekin lotura zuzena izango duena,
  • trenbide pasagune bat kentzea,
  • bi geltoki berri eraikitzea, bakoitza zenbait sarbiderekin, Herreran eta Intxaurrondon eta
  • gaur egun Urumea ibaiaren gainean dauden bi zubiak kentzea, zutaberik gabeko beste bat eraikitzeko.

Obraren egoera. Herrera

Obra 2009ko martxoan hasi zen, Herrerako behin behineko geltokia eraikitzeko lanekin eta ordura arte zerbitzua eskaini zuen geltokia eraitsiz.

Lineako tunela eta Intxaurrondon egin beharreko geltokiaren haitzuloa hondeatzeko lanak bi frontetatik egin dira, eta lan horretan bi tunel talde aritu izan dira, bi lubaki makina erabiliz.

Intxaurrondorako noranzkoa duen tunelaren hondeaketa lanak 2009ko azaroan hasi ziren, Zandardegi izeneko inguruan.

Bigarren lubaki makinak 2010eko urtarrilean hasi zituen hondeaketa lanak Loiolan, Herrerako noranzkoan.

Bi hondeaketa lanen arteko bat egitea, Intxaurrondoko geltokia egongo den kilometro puntuan gertatu zen, 2010eko ekainaren 11n.

Ekainean, hondeaketa lanak burutu zituzten taldeek Intxaurrondoko geltoki berriaren ingurunean aurkitu ziren. Horren ondoren, lubaki makinetako batek Intxaurrondoko geltokiaren haitzuloaren hondeaketa lanak burutu zituen, eta beste lubaki makinak Herrerako noranzkoan jarraitu zuen hondeaketa lanetan. Gaur kalea edo bat egitea burutu da bertan, N-1 errepide azpian dagoen tunel faltsuaren hondeaketa lanekin.

Obraren zifra esanguratsuenak honako hauek dira:

  • Lineako tunelaren batez besteko sekzioa.- 60 m2
  • Intxaurrondoko geltokiko haitzuloaren sekzioa.- 200 m2
  • Lineako tunelaren luzera.- 1.655 ml
  • Intxaurrondoko geltokiko haitzuloaren luzera.- 113 ml
  • Lineako eta haitzuloko tunelaren hondeaketa.- 111.140 m3
  • Estalitako tunelaren luzera.- 1.080 ml

Loiola-Herrera zatiaz gain, une honetan burutzapen fasean daude Lasarte-Errekalde eta Errekalde-Añorga zatien bikoizketa lanak eta Arason egongo diren kotxetegien eta tailerren eraikuntza lanak.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)