BAI SAREA, Emakundek bultzatutako enpresa-sarea, erreferentzia-leku bihurtu da berdintasunarekin konprometitutako erakundeentzat

2020-12-10
  • 64 erakundek osatutako sareak bosgarren batzarra egin du gaur online
  • Izaskun Landaida Emakundeko zuzendariak adierazi du "ilusioz beteriko proiektua" dela, eta enpresen ahalegina eta konpromisoa azpimarratu ditu.

BAI SAREAk bosgarren batzarra egin du gaur, eta bertan parte hartu duten erakundeak pozik agertu dira elkarlaneko bi urte eta erdi hauetan egindako aurrerapenekin. BAI SAREA 64 enpresa eta erakundek osatzen dute. Enpresa eta erakunde horiek guztiek Berdintasunerako Lankidetza bereizgarria dute, Emakundek ematen diena, eta bere baitan berdintasun-planak eta -diagnostikoak egin dituzte. Sarearen helburua esperientziak eta jakintzak partekatzea da, bai eta tresnak sortzea enpresa- eta gizarte-errealitatea eraldatzeko, lan-eremuan genero-arrakalak murrizteko eta berdintasuna eta justizia soziala balio estrategiko gisa sustatzeko. 

Sarearen lana hainbat arlotako lantaldeetan antolatuta dago: soldata-arrakala, erakunde-kultura, esperientzia-trukea eta komunikazioa. Horrez gain, planak, jarraipena eta ebaluazioa gidatzen dituen talde eragile bat eta batzorde antolatzaile bat.

Gaur goizean online egindako batzarrean, talde horietako bakoitzak egindako aurrerapenak aurkeztu dira, eta sare horrek duen une ona egiaztatu da.Besteak beste, soldata arrakalaren inguruan sortutako hiru tresna berri aurkeztu dira, 2020-21eko plangintza aurkeztu da eta sareko hiru enpresa ezberdinei hiru praktika on aitortu zaizkie, hain justu, Berria egunkaria, IHOBE eta SATSEri. 

Izaskun Landaida Emakundeko zuzendariak "ilusioz beteriko proiektua" dela azpimarratu du, eta inplikatuta dauden enpresen ahalegina eta konpromisoa azpimarratu ditu. Halaber, aurten Berdintasunaren aldeko Erakunde Laguntzailearen bereizgarria jaso duten azken enpresei ongietorria eman die gaur sarearen bilerara.

Bai Sarea 2018ko martxoan eratu zen, eta, denbora horretan, soldata-arrakala bezalako gaietan estrategia komunak adosteaz gain, tresna espezifikoak ere adostu dira sare hori osatzen duten enpresetako langile guztien artean zabaltzeko. Izan ere, sarea osatzen duten erakundeez gain, batzar honetan parte hartzera animatu dira berdintasunaren aldeko konpromisoan urrats bat gehiago eman eta kolektiboki aurrera egin nahi duten erakunde guztiak.

"BAI SAREA, berdintasunean aurrera egiteko enpresen sarea". Sareari buruzko erreportajea Emakunde aldizkarian. 

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak