Euskal Kultura Ondarearen Zentroak bere webgunea berrantolatu du, informazio eskuragarriagoa eta osatuagoa eskaintzeko

2020-12-10
  • Berritasunen artean, deklaratutako edo Kultura Ondarearen Zentroan erregistratutako ondarea geolokalizatzeko aukera nabarmentzen da
  • Webguneak, halaber, ondare ukiezinaren erregistroak biltzen ditu, eta, haien artean, euskal dantzei buruzko 443 erregistro nabarmentzen dira

 

Euskal Kultura Ondarearen Zentroak bere webgunea berrantolatu du, eta kultura-ondareari buruzko eduki berrietan sartzeko aukera eskaintzen du. Webgunean, ondareari buruzko eduki asko kontsultatu daitezke, eta, haien artean, “Euskal Kultura Ondareari buruzko informazio-sistema integrala” nabarmentzen da, “Ondarea” izenekoa. Bertan, orain arte, interes kulturalekotzat jotako ondasun higiezinak kontsulta zitezkeen, bai arkitektura gisa (monumentuak eta monumentu-multzoak) bai interes arkeologikoko ondasun gisa duten balioagatik, baita ondasun higigarriak ere. Kasu horietan, kontsulta hainbat irizpideren arabera egiteko aukera ematen du aplikazioak (udalerria, lurraldea, tipologia eta abar), eta ondasunei buruzko informazio dokumentalaz gain, ondasun horien irudiak eta planoan duten kokapena eskaintzen ditu. Webgune berriak, gainera, berritasun batzuk dakartza:

  • Informazioa eguneratu egin da, eta monumentu multzoak (zenbaitetan higiezin kopuru handia biltzen dutenak) osatzen dituzten elementuekin lotzeko moduan egituratu da.
  • Ondare ukiezinari buruz berriki landutako erregistroak txertatzen hasita daude. Zehazki, euskal dantzei buruzko 443 erregistro dira, arlo horretako adituen lanari esker egindakoak, eta irudiak eta bideoak biltzen dituzte. Gaur egun, landa-inguruneko inauteriei buruzko erregistro berriekin ere lan egiten ari dira.
  • Halaber, informazio geografikoa txertatu da, kontsultarako. Geoeuskadi bisorearen bidez, deklaratutako ondasunak ez ezik, berariazko deklaraziorik ez duten, baina Kultura Ondarearen Zentroan interes handiagoko edo txikiagoko elementu gisa erregistratuta dauden ondasunak ere gaineratu dira.

Kultura Ondarearen Zuzendaritzak, gainera, aurki inbentario osoetan (oraindik deklaratu gabe dauden ondasunei edo besterik gabe tokiko interesa duten ondasunei buruzko informazio dokumentalean) interesa izan dezaketen lurralde-, eskualde- eta toki-erakundeei eta kultura-elkarteei sarbidea ematea espero du.

Euskal Kultura Ondarearen Zentroaren webgunea berritzeko aldian, edukiak ere berregituratu dira, eta espazio berriak sortu eta orain arte arreta gutxiago jasotzen zuten ondare-eremuei agerikotasun handiagoa eman zaie, hala nola industria-ondareari edo ondasun-kategoria berriei (kultura-paisaia, adibidez).

Industria- eta mundu-ondarea

Industria-ondarearen atalean, Industria Ondare Higigarriaren Gordailuko informazioa eta gordailu horretan gordetzen diren pieza batzuei buruzko interes handiko beste xehetasun batzuk izango dituzte eskuragarri webgunearen erabiltzaileek.

Webgune berrian, halaber, Euskal Autonomia Erkidegoko paisaiarik bereizgarrienak aztertzen dituzten lanak kontsultatu daitezke, hala nola ezaugarri bereizgarri gisa ibai baten indarra baliatzen duten instalazioak dituzten paisaiak, baliabide naturalen ustiapenaren ondoriozko paisaiak edo Vasco-Navarro trenbidekoak.

Erabiltzaileek, gainera, Unescok Euskal Autonomia Erkidegoan Munduko ondare deklaratutako ondasunak kontsultatu ahal izango dituzte: Bizkaia zubia, Iparraldeko Donejakue Bidea eta labar-artea duten kobak. Webgune berriak deklarazio horien kronologia biltzen du, baita informazio grafiko eta dokumentala ere. Done Jakue Bideari dagokionez, ehun sarrera berri baino gehiago egin dira 8 etapatan zehar kostaldeko bidea zipriztintzen duten interes kulturaleko elementuen gainean.

Euskal Kultura Ondarearen Zentroaren webgune berria bisitatzen duten pertsonek beste baliabide batzuk ere kontsultatu ahal izango dituzte, hala nola:

  • Euskal Autonomia Erkidegoko beste ondare-elementu batzuk ezagutzeko ibilbideak.
  • Bisita birtualak.
  • ARKEOIKUSKA argitalpena, Autonomia Erkidegoan indusketa arkeologikoak egiten dituzten profesional guztiei esker urtean behin argitaratzen dena. Kontsulta errazteko, interesdun orori Euskal Autonomia Erkidegoan duela 40 urtez geroztik egiten den edozein landa-lani buruzko ezagutza eskuratzeko aukera ematen dion bilatzaile bat dago.
  • Argitalpen seriatu batzuetarako sarbidea. Haien artean, EKOBEuskal Kultura Ondare Bilduma (zientzia-izaerakoa nagusiki) eta Zurea eta Denona (zabalkunde-izaerakoa nagusiki) azpimarra daitezke.
Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak