Beltza izeneko patata iritsi da merkatura, purpura koloreko mamia eta antioxidatzaileak dituena

2020-12-09

• UDAPA kooperatiba aztertzen ari da ea zer-nolako harrera komertziala duen, banaketa handiko eta Horeca kanaleko bezeroen bitartez

• NEIKERek lortu eta erregistratutako barietatea da, eta helburua da produktu berriekin nekazaritza sektoreari laguntzea, dibertsifikatu eta kontsumitzaileen eskaeretara egokitu ahal izateko

Gabonetako kanpainaren karietara, Arabako Udapa kooperatibak Beltza patata merkaturatu du. NEIKERek sortu eta erregistratutako barietate berri bat da, eta nabarmentzekoak dira daukan kolore purpura bizia eta osasunerako onuragarriak diren konposatu antioxidatzaile ugariak.

Aurreko udaberrian, bi erakundeen arteko lankidetza hitzarmena sinatu ondoren, Beltza patataren 600 kilo hazi bidali zizkion NEIKERek Udapari. Bazkideetako baten laborantza finkan analisi agronomiko sakona egin ondoren, orain, lehen ekoizpen kanpaina horretatik lortutako 7.000 kilogramo inguru erabiliko dira komertzialki izan duen onarpenari buruzko azterlan bat egiteko.

Gaur-gaurkoz, kontsumitzaileek kilo bateko formatuetan eskuratu ahal izango dute erreferentzia berri hau, kartoizko erretiluetan eta film konpostagarri batean bilduta, Eroski eta El Corte Ingles supermerkatuetan, bai eta Frutas Iru handizkariak hornitzen dituen fruta denda tradizionaletan ere.

Nahiz eta Beltza modalitateak patatarekin lotzeko ohiturarik ez dugun kolore iluna izan, espero dugu kontsumitzaileek harrera ona egitea produktuari, eta haren zaporeaz eta ezaugarri guztiez gozatzea. Oraingoz, erreferentzia honek interes handia piztu du patata morea dastatu ez duten pertsonen artean, eta pixkanaka, erostera animatu dira”, adierazi du Alfonso Saenz de Camarak, Udapa S.Coop.eko gerenteak.

Bestalde, Leire Barañano NEIKEReko zuzendariak azaldu duenez, “Beltza patata NEIKERek daukan ezagutzaren eta ikerkuntzan egindako ibilbide luzearen emaitza da, sektoreari produktu berriekin laguntzeko helburuarekin, dibertsifikatzeko eta kontsumitzaileen eskaeretara egokitzeko asmoz. Zentro teknologiko baten eta enpresaren arteko lankidetza eta transferentziaren adibide ezin hobea dugu”.

Patata morea asko erabiltzen da sukaldaritzan, bere mamiaren kolore bereziagatik, bai eta IV. eta V. elikadura gamarako ere; beraz, kooperatibak aurreikusita dauka 1.500 kilo bideratzea HORECA kanaleko bere bezero batzuetara, betiere baldin eta sektore horren egoera hobetzen bada.

2021. urteari begira, Udapak lanean jarraituko du eta balio erantsia emango dio patatari, gaur egungo kontsumitzaileen premiei erantzuteko erreferentzia berriak merkaturatuz. “Gabonetako kanpaina amaitu ondoren, salmentak nola joan diren aztertuko dugu. Eta bildutako datu guztiak baliagarriak izango zaizkigu ekoizpena sustatzeko eta etorkizunean barietate hori merkaturatzeko. Era horretan, tokiko produktuaren alde egindako apustua indartuko dugu, beste behin ere”, ziurtatu du Saenz de Camarak.

Patata barietate berriak lortzeko lanean

NEIKERek 'Beltza’ izeneko purpura koloreko barietate berria erregistratu zuen 2019an Europako Barietate Babestuen Erregistroan, nekazaritza sektoreari produktu berriekin laguntzeko eta kontsumitzaileen eskarietara egokitzeko.

Azken urteotan, NEIKERek hautaketa programa bati ekin dio, gure hazkuntza baldintzetara egokitutako barietateak lortzeko helburuarekin, konposatu bioaktiboen eta gaitasun antioxidatzailearen maila handiekin, zelulen zahartzearen atzerapenarekin eta gaixotasun kardiobaskularren prebentzioarekin lotuta. Barietate berri hau lortu izanak agerian jartzen du NEIKERek Arabako nekazaritzaren produktu izarretako bat berritzearen alde duen konpromisoa.

NEIKEReko Landare Ekoizpen eta Babeseko Departamentuak barietate berriak lortzeko erabiltzen duen prozedura metodo naturaletan oinarrituta dago erabat, ezaugarri agronomiko onak dituzten eta laborearen gaitz nagusiekiko erresistentzia duten aldaera desberdinak gurutzatuz egiten baita.
1933. urteaz geroztik, Iturrietan (Araba) Patataren Haztegia Hobetzeko Aztertokia sortu zenez geroztik, zentro teknologikoa aldaera berriak garatzen ari da, hautaketa klonaleko prozesu baten bitartez, estatuan eta EBn patata ekoizten duten eskualdeetako baldintza agroklimatikoetara egokituta. Orain arte, NEIKERek hogeita hamar barietate baino gehiago erregistratu ditu, eta horietako zenbaitek arrakasta handia lortu dute merkatu nazionaletan zein nazioartekoetan.

Aldaera propio horien abantailak dira, besteak beste, errendimendu produktibo handiagoa, kostuen murrizketa eta hainbat gaixotasunekiko erresistentzia handiagoa, kanpotik datozen aldaerekiko menpekotasuna saihesteaz gain.

Eusko Jaurlaritzak beti egin du langintza ildo horren aldeko apustua, y elkarrekin finantzatu dute ibilbide honi ekin ziotenetik bertatik, orain 80 urte pasatxo. NEIKERen lortutako barietate berriak beti jartzen dira tokiko erakundeen eskura, izan hazitarako patatak, izan kontsumorakoak. Merkatuan duten proiekzioa dela eta, NEIKERera itzultzen dira diru sarrerak, eta berriz ere barietate berriak lortzeko lerroaren esku jartzen dira, eta ez bakarrik patatarenak, baizik eta baita piper, pipermin, zerba eta artoarenak ere, besteak beste.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak