Kontroleko osoko bilkura (2020/12/11)

2020-12-11

Iñigo Urkullu Lehendakariak, eta Eusko Jaurlaritzako sailburuek, talde parlamentarioen galderei eta interpelazioei erantzun diete Kontroleko Osoko Bilkuran.

Galdera, Maddalen Iriarte Okiñena EH Bildu taldeko legebiltzarkideak Lehendakariari egina, pandemiaren aurkako neurriei buruz.

Iñigo Urkullu lehendakariak adierazi du egoerak hoberako joera duela, baina beharrezkoa dela erantzukizun indibiduala eta kolektiboa mantentzea. "Neurriak zorroztasunez eta erantzukizunez bete behar dugu. DENOK.", azpimarratu du. Hala, azaldu du, transmisio komunitarioa gelditzeko ahalegin handia egin ondoren, emaitzak lortzen hasi garela; eta, honi esker, goranzko joera gelditu dela eta orain, pixkanaka, joera hori jaisten jarraitu behar dugula.

Lehendakariak, amaitzeko, azpimarratu du etengabeko eztabaidak eta liskarrak kalte egiten dutela; eta , horregatik, ardura publikoa eta jarrera aldaketa bat eskatu du.

Galdera, Miren Gorrotxategi Azurmendi Elkarrekin Podemos taldeko legebiltzarkideak Lehendakariari egina, 2020ko aurrekontua exekutatzeari buruz.

Lehendakariak adierazi du, hain urte korapilatsuan, Gobernuak hartutako konpromisoak bete dituela. Lehendakariak aitortu du, Covid-19aren ondorioz, hainbat aspektu betetzeke gelditu direla; baina hartutako konpromisoei jarraipena emateko eta 2021ean betetzeko konpromisoa hartu du.

Bizi ditugun zailtasunen aurrean, Lehendakariak esan du beharrezkoa dela akordioei lehentasuna ematea eta indarrak batzea. "Ez dut arrazoirik ikusten euskal gizarteari mesede egiten dion eta une zail eta delikatu honetan pertsonei segurtasuna eskaintzen dien akordio bat berrargitaratzeko", adierazi du. Ildo horretan, elkarrizketarako borondatea agertu du, aurrekontuak aberasteko asmoz. "Errespetuarekin, elkarrizketarekin eta borondatearekin ziur nago gai izango garela”, gaineratu du.

Galdera, Carlos Iturgaiz Angulo euskal Alderdi Polularra- Ciudadanos taldeko legebiltzarkideak Lehendakariari egina, Aurrekontuetan COVID-19aren ondorio sozial eta ekonomikoak gainditzeko dauden konpromisoei buruz.

Lehendakariak azaldu duenez, 2021 Aurrekontuaren irizpideak definituta daude: alde batetik, egonkortasun fiskala eta Ekonomia Itunaren Batzorde Mistoan dagoeneko adostutako ezohiko baliabideak izatea bermatzen du: % 2,2ko defizita eta % 16,9ko zorra; eta, bestetik, 2020an zehar pandemiaren bilakaeraren edo egoera ekonomikoaren arabera beharrezkoak diren neurrietarako urte anitzeko gastu-konpromisoak ekarri dituzten eta ekarriko dituzten ezohiko laguntzak jasotzen ditu.

Lehendakariaren arabera, 2020an emandako aparteko laguntza horiek 2021eko aurrekontuan mantendu beharreko lehentasun batzuk aurreratzen dituzte: alde batetik, Osasun Sailarentzat eta Osakidetzarentzat (490 milioi); Hezkuntzarentzat (140 milioi) eta Gizarte Babesarentzat (107 milioi); eta bestetik, 166 milioi euroko laguntza krisiak gehien kaltetu dituen sektore ekonomikoentzat eta mila milioiko finantzaketa ildoa, Elkargiren bitartez, enpresentzat.

"Asteartean egiaztatuko duzu akordiorako aukera badagoela, Covid talka-planari, enpresentzako finantzaketa-lerroari, oinarrizko zerbitzuetarako ezohiko baliabideei eta krisiak gehien kaltetutako sektore ekonomikoei, enpresa txiki eta ertainei, merkataritzari, ostalaritzari eta autonomoei laguntzeari eutsiko diogulako", adierazi du.

Galdera, Amaia Martínez Grisaleña talde Mixtoko legebiltzarkideak Lehendakariari egina, erreferendum guztiek herrialde bakoitzeko konstituzioaren bermea izan behar dutela agertzen duen baldintzaren inguruan Veneziako Batzordeak hartutako neurriari buruz.

Lehendakariak adierazi du Veneziako Batzordeak hartutako neurriak Europako joera orokor bati erantzuten diola; izan ere, eskualde, hiri, herri edo estaturik gabeko nazioak "aitorpen eta parte-hartze handiagoa eskatzen ari gara". Lehendakariak azaldu duenez, subsidiariotasun-printzipioan oinarritutako egitura bat planteatzen ari dira, eskumenak eta subiranotasuna banatu ahal izateko. "Autogobernuko erakunde parlamentarioen erabaki baten bidez, herritarrei beren etorkizunari buruz galdetu nahi dieten erkidego politikoek bide legalak jarri behar dituztela defendatzen dut", adierazi du.

Hala, azpimarratu du beharrezkoa dela "Europaren etorkizunari buruzko konferentzia" deitzea, beste helburu batzuen artean, maila anitzeko gobernantza bat gaitzeko; hartan, eskualde edo errealitate nazionalek esku hartuko dutelarik, batez ere eskumen legegileak dituztenek. "Europar Batasuna aukera gisa ulertzen dut", adierazi du.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak