Konfinamenduan sortutako Guztion Artean sarearekin bat egin zuten hamar boluntariotik lau hogeita hamar urtetik beherakoak ziren

2020-12-10
  • Gazteen artean boluntariotza sustatzeko lankidetza-bideak bilatuko dituzte Euskadiko Gazteriaren Kontseiluak eta Boluntariotzaren Euskal Kontseiluak
  • Artolazabalek nabarmendu du boluntarioek “errotze eredugarria” dutela Euskal Autonomia Erkidegoan, eta gazteek pandemian izan duten zeregina nabarmendu du

Vitoria-Gasteiz, 2020/12/10

 “Euskal gazteriak gizarte-erronkei erantzuten die”, adierazi du Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Berdintasuneko sailburuak Euskadiko Boluntariotzaren Kontseiluak egindako bileran. Eta horretarako, datuetan oinarritu da. Konfinamenduan zehar, Guztion Artean sarearen bidez, Eusko Jaurlaritzak antolatutako boluntariotzarako deialdira atxiki ziren hamar pertsonatik lau hogeita hamar urtetik beherakoak ziren. Gainera, boluntariotzari buruzko azken azterlanaren arabera, 18 eta 29 urte bitarteko pertsonen % 29,9k boluntariotzan jarduten dute gizarte-erakundeetan (EAEko boluntariotzari eta parte-hartze sozialeko beste modu batzuei buruzko azterlanetik 2018an argitaratutako datuak).

Gazteek euskal gizartearen alde duten inplikazio altruista hori agerian jarri da gaur Euskadiko Boluntariotzaren Kontseiluak egindako bileran. Bertan, Eusko Jaurlaritzako Berdintasuneko sailburua izan da. Izan ere, gogoeta-aldi baten ondoren, Eusko Jaurlaritzak Boluntariotzaren Euskal Kontseiluaren eta Euskadiko Gazteriaren Kontseiluaren (EGK) arteko lankidetza-ildo bat bultzatu nahi du, gazteek egiten duten ekintza boluntarioari zabalkundea emateko, esparru horretan jardunbide egokiak zabaltzeko eta, horrela, haien lana indartzeko. Lan hori 2021ean landuko den Boluntariotzaren Euskal Estrategian islatuko da, Artolazabalek iragarri duenez.

Horretarako, Maialen Olabe EGK – Euskadiko Gazteriaren Kontseiluko presidentea eta Agurtzane Llano Eusko Jaurlaritzako Gazteriako zuzendaria Boluntariotzaren Euskal Kontseiluaren bileran izan dira gaur, lankidetza-bide horiek sendotzeko asmoz.

Gainera, joan den abenduaren 5ean, larunbata, boluntarioen nazioarteko eguna ospatu zela-eta, Artolazabal sailburuak nabarmendu du boluntarioek “errotze eredugarria” dutela Euskal Autonomia Erkidegoan, eta hala erakutsi dela “bereziki Covid-19aren pandemian”. Bere ustez, boluntarioek “aukerak eskaintzen dituzte pertsonek beren bizitzetan eragin positiboa eta beren komunitateetan eginkizun eraikitzailea izan dezaten, beren denbora eta ezagutza eskainita. Haien dedikazioari esker, Euskal Autonomia Erkidegoak gizarte kohesionatuagoa, bidezkoagoa eta berdintasunezkoagoa du. Euskal Autonomia Erkidego konprometitu eta solidario baten isla dira”.

Era berean, Artolazabalek nabarmendu duenez, koronabirusak eragindako ezohiko egoerak eragin du “krisiaren ondorioak arintzera bideratutako boluntarioen ekimenak areagotzea”, eta, beraz, boluntariotza “ez da gelditu, hazi baizik”.

Guztion Artean

Guztira, 4.395 lagunek erantzun zioten Guztion Artean elkartearen deiari, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailak gaur jakitera eman duenez. Horietako 3.635 berriak ziren, eta pandemiaren lehen olatuan lagundu nahi zuten. Azkenik, 3.461 sartu ziren (gainerakoek ezin izan zuten bat egin, arrisku-kolektibokoak zirelako), eta horietatik 1.420 (% 41,02) hogeita hamar urtetik beherakoak ziren. Jadanik Gurutze Gorriko boluntario ziren 760 kidek lagundu zuten larrialdian abian jarritako proiektuetan. Gainera, aurten laguntzaile gisa izena eman duten 116 lagunek boluntario izaten jarraitu nahi izan dute Gurutze Gorriko deskonfinamenduaren ondoren.

Guztion Artean sarea Eusko Jaurlaritzak sustatutako plan bat izan zen, eta Euskal Autonomia Erkidegoko hirugarren sektore sozialeko erakundeen, Cáritas eta Gurutze Gorriaren eskutik abiatu zen. Helburu zuen elkartasun antolatuko ekimenak sustatu eta babestea, talde hauen oinarrizko beharrei erantzuteko: 70 urtetik gorako eta/edo mendeko pertsonak, edo beste kalteberatasun-egoera batzuetan bizi zirenak, bere etxeetan bakarrik edo bikotekidearekin bizi zirenak eta familiaren laguntzarik ez zutenak.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak