Elkarlan Sariak
Berriak Hezkuntza
qrcode

   1,1 milioi euro Euskadin bikaintasuneko ikerketa sustatzeko laguntzatan (Gobernu Bilera 2020-12-9)

2020-12-09
  • Hezkuntza Sailak hiru dirulaguntza zuzen eman ditu, bikaintasuneko ikerketa-proiektuetara eta ekipamendu zientifikoa eskuratzera bideratuak

Gobernu Kontseiluak, gaurko bileran, Hezkuntza sailburuak proposatuta, hiru dirulaguntza zuzen ematea onetsi du, euskal unibertsitate-ekosistemari lotutako bikaintasuneko ikerketaren eremuko eragileei zuzenduta. Zehazki, Euskal Herriko Unibertsitatearentzako (UPV/EHU) eta BCMaterials eta BCBL bikaintasuneko ikerketa-zentroentzako laguntza zuzenak baimendu dira. Ekipamendu zientifikoa erostera eta bikaintasuneko ikerketa-proiektuak bultzatzera bideratuta, hiru laguntzok 1.113.000 euroko kopurua dute orotara, era honetan banatuta:

200.000 euro BCBL – Basque Center on Cognition, Brain and Language ikerketa zentruari, osasun-eremuko ikerketa-proiektu bat abiarazteko. Laguntzaren helburua da Biozientzien eta Osasunaren arloan elkarlaneko ikerketa-proiektua garatzea, paziente esnatuekin garuneko eremu adierazgarrien kirurgiako ikerketa klinikoko segurtasuna baloratzeko; bertan BCBL-k, Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleak (ESI Ezkerraldea) eta BioCrucesek elkarlanean dihardute.

Eragile horiek lan egiten duten “Neurodegenerazioa, garuneko kaltea eta errehabilitazioa” ikerketa-ildoaren barruan, gizarteari transferitzeko proiektua garatzen ari da, paregabea eta berritzailea: garuneko tumorea duen pazientearen biziraupena haren gaiztotasun-mailaren eta egindako erresekzio kirurgikoaren araberakoa izango da. Hori dela eta, paziente esnatuarekin egiten den kirurgia teknika eraginkorra da garuneko tumoreak dituzten pazienteetan; izan ere, pazientearen biziraupena eta gaixotasunik gabeko aldia luzatzen du eta, hala, bizi-kalitatea mantendu.

BCBLren ikerketak, besteak beste, honako helburu hauek ditu: segurtasun klinikoan eragitea, sekuelak gutxitzea eta kirurgia-mota horren eraginpean dauden pazienteen ongizatea bermatzea. Modu berean, ikerketa honen helburu da funtzio kognitiboen oinarri diren garuneko sareei buruzko ezagutza sortzea, zehazki hizkuntzarenak, eta garuneko plastikotasuna hobeto ezagutzea.

Proiektuak garrantzi handia du bai nazioarteko komunitate zientifikoarentzat bai Euskadikoarentzat, eta, gainera, euskal osasun- eta ikerketa-sistemaren hiru agenteren parte-hartzea ere badu: BCBL, ESI Ezkerraldea (Gurutzetako Ospitalea) eta BioCruces OII.

BCBLk dirulaguntzaren zenbatekoa proiektuari atxikita dauden langileen (ikertzaileak, laborategiko langileak eta administraziokoak) lan-kostuak ordaintzera bideratuko du.

413.000 euro UPV/EHUrentzat, transmisioko mikroskopio elektronikoa erosteko. Laguntza horren helburua da UPV/EHUren Ikerketako Zerbitzu Nagusietarako transmisioko mikroskopio elektronikoaren erosketa finantzatzea, ekipamendu berri horri esker bioteknologiaren, energiaren eta materialen zientzia eta teknologiaren arloak sustatzeko.

UPV/EHUren Ikerketako Zerbitzu Nagusiak, SGIker, agente esanguratsua dira Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sarearen ikerketaren ekosisteman. Azken belaunaldiko instalazioak, gaikuntza eta ikerketa-komunitatearentzako eta industria-bazkideentzako zerbitzuak eskaintzen dituzte. SGIkerrek azpiegitura eta langile oso kualifikatuak ditu, aldi berean UPV/EHUren hiru lurralde historikoetan dauden unitate eta zerbitzuetan banatuta. Unitate horiek eta haien zientzia- eta teknologia-azpiegitura langileek eurek kudeatzen dute. Guztira, 53 pertsonak eratzen dute staff teknikoa; haietatik, 39k doktore-gradua dute.

500.000 euro BCMaterials - Material, Aplikazio eta Nanoegituren Euskal Zentroarentzat, bertako Nanokimikaren, Biomaterialen, Manufaktura aurreratuaren eta Optikaren eta Optoelektronikaren laborategien egokitzapenerako eta ekipamendurako. BCMaterials nazioarteko erreferentzia-zentro gisa finkatzeko, zentroa hedatu egin behar da eta, horretarako, espazio egokituak sortu behar dira ikertzaileak sartzeko, bai eta ildo eta arloentzako ikerketa-laborategi bereziak ere.

Hori dela eta, gorago aipatutako dirulaguntza BCMaterials ikerketa-zentroaren laborategien egokitzapenera eta ekipamendura bideratuko da.

Bikaintasuneko ikerketa-zentro honek fisikariak, kimikariak, biologoak eta ingeniariak hartzen ditu, eta, sortu zenetik, material berrien inguruko garapena sustatzen du, modu integratuan eta diziplina anitzekoan. BCMaterialsek ikerketaren alderdi oinarrizkoenetan eta ezaugarri mekanikoak, termikoak, kimikoak, elektrikoak, magnetikoak eta optiko aurreratuak dituzten material funtzionalen aplikazioetan dihardu, besteak beste; hala, sintesia, prozesatua, karakterizazioa eta material horiek gailuetan integratzeko ahalegina egiten du.  

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko