Berriak Segurtasuna

Bi atxilotu Lezon bere etxean zegoen pertsona bati lapurreta egiteagatik eta hainbat denboran bere borondatearen kontra atxikitzeagatik

2020-12-04

Ertzaintzaren ikerketa baten ondorioz, aste honetan 20 urteko bi gazte atxilotu dituzte Donostian eta Irunen indarkeria erabiliz lapurreta egitea, etxe batean indarrez sartzea eta legearen aurkako atxiloketa leporatuta, urriaren 27an Lezoko bizilagun bati lapurreta egiteagatik eta bere borondatearen kontra atxikitzeagatik.
Ertzaintzak egindako ikerketaren arabera, urriaren 27an bi inplikatuek Lezoko etxe bateko atea jo zuten, eta etxean bakarrik zegoen gizonak atea ireki zuenean, biak bortxaz sartu ziren biktimari, adin ertaineko gizon bati, lapurreta egiteko asmoz.
Lapurreta egin ahal izateko gizona beldurtzeko asmoz, erasotzaileek arma zuri batekin mehatxatu zuten, eta dirua eta bi telefono mugikor lapurtu zizkioten. Gainera, lapurrak denbora batez etxean egon ziren, eta denbora horretan hainbat gela eta armairu miatu zituzten bi banketxetako txartelak aurkitu zituzten arte. Gero, mehatxupean, lapurrak biktimarekin joan ziren kutxazain automatiko batera arte, eta 600 euro ateratzera behartu zuten. Jarraian, bi lapurrek alde egin zuten.
Gertatutakoaren berri izan ondoren, Errenteriako Ertzain-etxeko agenteek ikerketa jarri zuten abian, eta aste honetan atxilotu dituzte indarkeria erabiliz lapurreta egin zuten bi gizonak, delitu-aurrekariak dituzten 20 urteko bi gazte.
Atzo, osteguna, bi atxilotuak Donostiako Epaitegira eraman zituzten. Horietako bat espetxean sartu zuten, baina beste delitu batekin erlazionatutako errekisitoria judizial batengatik. Bestea aske utzi zuten karguak egotzita, eta biktimarengandik urruntzeko agindua ezarri diote.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko