Europak oniritzia eman dio Eskoziak eta Euskadik itsas energia batera bultzatzeko hartutako akordioari

2020-12-04

EuropeWave proiektua 2021etik 2026ra bitarte garatuko da 

  • Olatuen energia garatzeko Europan orain arte egin den proiekturik garrantzitsuenetako bat da, eta aurrera egiteko gaitasuna frogatzen duten teknologien erosketa bultzatzea du xede, laborategiko entseguekin hasi eta itsasoko probetaraino.
  • Energiaren Euskal Erakundeak, Wave Energy Scotland-ek eta energia ozeanikoen europar elkarteak (Ocean Energy Europe-OEE) parte hartzen dute proiektuan. 
  • 22,7 M€ inbertituko dira guztira, Europako Batzordeak % 50 jarriz, eta Energiaren Euskal Erakundeak, berriz, 7,5M€, olatuen energia-kaptadoreen merkaturatu aurreko erosketa publikorako, eta gailu horiek EMECen (Eskozia) eta Biscay Marine Energy Platform BiMEPen (Euskadi) probatuko dira.

EuropeWave proiektuak Europako Batzordearen oniritzia jaso du, datorren urtean, olatuen energia-kaptadoreen ikerketa eta garapena gidatzeko azkenaldian sortu den ekimen nagusia martxan jartzearren. Baterako inbertsioak 22,7 milioi izango dira guztira, eta hiru gailu hautatzeko aukera emango dute, ondoren itsasoan probatuko direnak.

Itsas energia berriztagarriek jauzi kuantitatibo eta kualitatibo bat izango dute, olatuetatik abiatuta energia elektrikoa sortzeko gai izango diren teknologien garapenean. Horretarako, Euskadik eta Eskoziak, Europan itsas energien entseguetarako eremu garrantzitsuenak dauzkaten eskualdeak izaki, asmo handiko deialdi bat egingo dute merkaturatu aurreko erosketa publikoa egiteko, hainbat teknologia ebaluatzea ahalbidetuko duena. Hiru kanporaketa-faseetan barrena, proiektuaren ondorioz olatuen energiaren hiru teknologia/kaptadore probatuko dira, bat Eskoziako EMEC entsegu-eremuan, eta bi Euskadin, BiMEPek Armintzako kostaren aurrean dauzkan instalazioetan.

Euskadik eta Eskoziak garatuko dute proiektua, ebaluazioaren eta erosketa teknologikoaren ardura hartuko duten Energiaren Euskal Erakundearen eta Wave Energy Scotland-en (WES) bitartez, eta OEE energia ozeanikoen Europako elkartea hirugarren bazkidea izango da, zabalkundearekin lotutako lanen ardura hartuta. Aurreikuspenen arabera, proiektuak 22,7 milioi euroko aurrekontua izango du; Europako Batzordeak % 50 jarriko du, eta Energiaren Euskal Erakundeak (7,5M€) eta WESek (3,7 M€), gainerako % 50a.

Proiektuko fase teknikoak

Merkaturatu aurreko erosketa publikoaren metodologian hiru lehiaketa-fase ezartzen dira azken mailara iristeko. Azken une horretan, hautatutako hornitzaileek aukera izango dute bere teknologia itsasoan probatzeko.

Lehen fase batean, guztira zazpi hornitzailek frogatu beharko dute behar adinako gutxieneko aurrerapen teknologikoa egin dutela, laborategiko balidazioaren bitartez. Aldi horretan, enpresa horiek aurrera egingo dute beren teknologiaren modelatze fisikoan eta zenbakizkoan, eta, etapa honen amaieran, I+Gko bost hornitzaile hautatuko dira.

Bigarren fasean, I+Gko enpresa horietako bostek entseguak egingo dituzte, olatu-tangetan edo eskalako gailuetarako entsegu-eremuetan. Emaitzak ebaluatu ondoren, hiru finalistek aurrera egingo dute hirugarren eta azken faserantz, non eskalako prototipo guztiz adierazgarri bat diseinatuko den, BIMEPen eta EMECen itsaso zabaleko entsegu-instalazioetan fabrikatzeari, muntatzeari eta martxan jartzeari ekin baino lehen. 

BiMEP, itsas energiak oro har

Biscay Marine Energy Platform (BiMEP) Euskadiko itsas energien entseguetarako eremuak bere bosgarren urteurrena ospatzen du 2020an, sektorearen buruan kokatzen duten zenbait mugarrirekin. Nazioarteko hornitzaileek eremu hori hautatu dute beren olatu-kaptadore flotatzaileak probatzeko. Wello finlandiarrak, adibidez, bi urtez amarratuko du Penguin gailua, garapen-egoera aurreratuan dagoen olatuen kaptadorea, BiMEPek eskainitako itsas baldintza bikainetan bere balioa aztertu nahi duena.

Gainera, entsegu-eremu hori zerbitzuen hornitzaile integral bat da dagoeneko, eoliko flotatzailerako itsas proben banku gisa jarduteko bidezkoak diren baimenak lortu eta beharrezkoak diren izapide guztiak burutu dituelako. Ildo horretan, Saitec euskal enpresak bere gain hartu du jada SATH izeneko aero-sorgailua eta plataforma flotatzailea instalatzeko tokia gordetzea, eta, ikerketa horri esker, aero-sorgailu flotatzaileen garapenean aurrera egiteko aukera izango da, ezinbestekoak itsaso sakonetan energia lortzeko, hondoan aero-sorgailuak ainguratzeko aukerarik ez dagoenean.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko