Euskaraldiak bultzatutako hizkuntza praktiketan sakontzen jarraitzeko deia egin dute ariketaren balorazioan

2020-12-04
  •  Euskaraldiaren bigarren edizioa gaur amaituko da
  • Bilbon egindako balorazioan bigarren edizioa ere ariketa sozial masiboa izan dela azpimarratu da
  • Gizarteak euskararekiko duen herri-gogoa ariketarako hauspoa izan dela nabarmendu eta batzordeek eta entitateek egindako lana eskertuko dute

“Hizkuntza praktika berriak sortzen ari gara” leloa zabalduz egin dute gaur Euskaraldiaren bigarren edizioaren balorazioa ekimenaren sustatzaileek. Bilboko EHUko Ingenieritza Eskolan egindako agerraldian azken 15 egunetan Euskal Herriko milaka ahobizi eta belarriprestek egindako ariketa soziala berriro ere masiboa izan dela azpimarratu da.

Urte honetan egondako zailtasunek antolaketa prozesuan eta Euskaraldiaren beraren garapenean eragin nabarmena izan duten arren, gizarteak euskararekiko duen herri-gogoa ariketarako hauspoa izan dela azaldu dute antolatzaileek; eta batzorde eta entitateek egindako lana eskertu dute.

Prentsaurrekoan, Euskaraldiko koordinatzaile Arrate Illarok, Euskaltzaleen Topaguneko presidente Kike Amonarrizek, Euskal Konfederazioko ordezkari Amets Lahetjuzanek, Nafarroako Gobernuaren Euskarabidea euskararen nafar institutuko zuzendari Mikel Arregik eta Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu Bingen Zupiriak hartu dute hitza. Euskal Hirigune Elkargoko ordezkariek ezin izan dute gaurko agerraldian parte hartu, baina Ipar Euskal Herrian Euskaraldiak izan duen eragina azpimarratuz oharra helarazi dute.

Agerraldi zabala izan da gaurkoa, Euskaraldiaren antolaketa eta sustapenean parte hartu duten hainbat eragileren ordezkariak izan baitira Bilbon. Ondokoak izan dira Bilbon bildutako erakunde eta ordezkariak, aurrez aipatutakoez gain:

  • Eusko Jaurlaritzatik, Estibaliz Alkorta Euskara Sustatzeko zuzendaria; Bizkaiko Foru Aldunditik, Xabier Arauzo Euskara Zuzendari Nagusia; Gipuzkoako Foru Aldunditik, Garbiñe Mendizabal Hizkuntza Berdintasunerako Zuzendaria; Arabako Foru Aldunditik, Jokin Larrañaga Euskara Zerbitzuko zuzendaria
  • Euskaltzaleen Topagunetik, Jasone Mendizabal; Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseilutik, Paul Bilbao; Hizkuntza Eskubideen Behatokitik, Agurne Gaubeka; Emun kooperatibatik, Olatz Olaso; Elhuyar aholkularitzatik, Maddi Etxebarria; AEKtik, Mertxe Mugika; Ikastolen Elkartetik, Koldo Tellitu; Kristau Eskolatik, Arantza Jaka; PuntuEUS fundaziotik, Josu Waliño; Urtxintxa eskolatik, Maite Asensio; Labayrutik, Jokin Gorozika
  • Bilboko Udaletik, Koldo Narbaiza Euskara eta Hezkuntza zinegotzia eta Jone Unzueta zuzendaria; EUDEL-Euskadiko Udalaren Elkartetik, Aritz Abaroa Bermeoko alkatea; UEMAtik, Iraitz Lazkano Elgetako alkatea
  • EHUtik, Jon Zarate Euskara errektoreordea; EITBtik, Urko Aristi; Etxepare Euskal Institututik, Garbiñe Iztueta; Athletic Fundaziotik, Iker Goñi.
  • Ipar Euskal Herriko Euskaraldiko koordinazio taldetik, Mattin Troitiño; Tolosaldeko Galtzaundi elkartetik, Imanol Artola; Getxoko Egizu eta Bizarra Lepoan elkartetatik, Alaitz Billate, Ainhoa Romarate eta Maier Arrieta; Bilboko Euskaraldiko batzordetik, Jon Intxaurraga eta Markel Amillategi.

EUSKARALDIAREN BALORAZIOA: 

1.- Ariketa sozial masiboa

Bigarren Euskaraldia ere ariketa sozial masiboa izan da. Euskal Herri osoko milaka lagunek parte hartu dugu hizkuntza ohiturak aldatzea eta inertzia linguistikoak astintzea helburu izan dituen ariketan. Aurten 179.780 lagunek eman dugu izena.

Aurreikuspenak egitea zaila den urtean, oso pozgarria da milaka lagunen konpromisoa berretsi dela eta aurreko edizioan parte hartu ez zuen ahobizi eta belarriprest asko ariketara batu dela ikustea.

Eta bereziki asetzen gaituen zerbait da ariketan zehar jaso ditugun esperientzia eta ohitura aldaketei lotutako bizipenak. Euskaraldia ariketa pertsonal bezain kolektiboa da eta bizipen guzti horiek dira ariketari zentzua ematen diotenak.

2.- Herri-gogoa hauspo

Euskaraldia egitea erronka izan da 2020 urte berezi honetan. Gizartean euskararen aldeko jarrera eta hizkuntzaren normalizazio prozesuarekiko atxikimendua zabala da. Euskal gizarteak berriro erakutsi du garai zailetan ere gai dela ariketa sozial honen bueltan indarrak bildu eta Euskal Herri osora zabaltzeko.

Gizarte bizia da gurea. Euskararen aldeko herri gogoak gauza harrigarriak egitera eraman izan gaitu hainbat hamarkadatan, eta beste hizkuntza komunitate batzuentzat eredu gara. Aurten, herri gogo hori berriro ariketa sozial masibo honen bueltan aktibatu da. Gizarte modura behar genuen.

Euskaraldiaren inguruan antolatu diren albo-ekimen ugari egon da aurten gainera, herri bizi bat garenaren seinale.

3.- Hizkuntza ohitura aldaketa, ariketaren ardatz

Ariketa soziala da Euskaraldia, parte hartzaileak hizkuntza praktiken gaineko hausnarketa egin eta hizkuntza ohiturak aldatzera bultzatzen dituen ariketa. Ez da nolanahiko aldaketa: bakoitzaren ohiko harreman sareetan eragiteak hautu kontzientea egitea eskatzen du eta praktikari eusteak jarraikortasuna. Entitateetan ere, ariguneak sortu eta babesteko erabakia adostasun baten ondorio izan da.

Ahobizi eta belarriprest rolak ez dira guztiz berriak izan Euskaraldiaren bigarren edizioan. Hala ere, roletan sakontzen jarraitu beharra dagoela nabarmendu da aurten ere. Oraindik ere belarriprest izan daitekeen jende asko dago arrazoi ezberdinengatik Euskaraldian modu aktiboan parte hartzeko erabakia hartu ez duena. Hurrengo ediziorako ere, euskararen erabilera nabarmen areagotzeko oso garrantzitsua den jende multzo zabal hori aktibatzea erronka da. 

4.- Euskararentzako guneak irabazten, entitate askoren erabakiari esker

Euskararen erabilera handitzeko hiztunen praktikak eta ohiturak astintzeaz gain, euskararentzako gune erosoak sortzea behar-beharrezkoa dela sinetsita, ariguneak sortzeko proposamena helarazi diegu era guztietako entitateei. Milaka enpresa handi eta txiki, merkatari, erakunde publiko eta era guztietako elkarte batu dira Euskaraldira.

Euskara lasai erabiltzeko gune babestuak, ahobizi eta belarripresten hizkuntza praktikak erosoago gauzatzen baitira eremu babestuetan. Ariguneen balioa azpimarratu nahi dugu, adostasunaren ondorio baitira; ariguneko kideen eta gunea babesteko ardura dutenen arteko adostasunetik sortuak. Horrek lagundu behar du 15 egunetan sortutako dinamika zein praktika berriak denboran luzatzen.

Ez da erraza izan aurten entitate askorentzat ariguneak sortzeko prozesua, pandemiak eraginda. Eta, hala ere, milaka entitate batu dira ariketara, eta gogotsu ekin diote gune babestuak sortu eta hedatzeari. Baina ariguneak sortuta ateak zabaltzeko zailtasun edo ezintasuna izan duten hainbat entitate ere egon dira. Gogoan ditugu eta beraiekiko zor bat ere sentitzen dugu, ariketara batzeko egin duten ahalegina itzultzekoa.

5.- Herri batzordeak Euskaraldiaren oinarri

Ez da urte erraza izan gizarte ekimen antolatuarentzat. Euskaraldiaren bigarren ediziorako herriz herri batzordeak sortzen eta berrrantolatzen ari zirenean gordin agertu zen Covid19 gaitza. Hilabete zailak bizi izan ditugu eta ez da erraza izan herrietako batzordeen dinamikari eustea eta kalean lan egitea.

Eta, hala ere, lehen edizioan baino udalerri gehiagotan antolatu da Euskaraldia, tokian tokiko euskalgintza, erakunde eta euskaltzaleei esker. Herri gehiagotan egon dira batzordeak eta boluntarioak lanean, ahalegin ikaragarria egiten, gizarte harremanak mugatuak dauden garaian era guztietako entitateetan eragin eta herritarrak ariketa sozialera batzera gonbidatzen.

Nahi genuke Euskaraldiak abiatu dituen hainbat batzorderen lanak jarraipena izatea Euskaralditik harantzago ere. Herriz herri euskaltzaleen mugimendu indartsu bat da euskararen normalizazioan urratsak ematen jarraitzeko oinarrietako bat, euskararen normalizazio bidean askotariko ekimen eta jarduerak antolatzen jarraituko dituen mugimendu indartsua.

6.- Lankidetza

Euskaraldiaren hasieratik bultzatu dugun lankidetza ereduari eutsi diogu aurtengo ariketan ere, euskarak eta euskaltzaleok euskalgintzan ari garen gizarte eragileen, erakunde publikoen eta bestelako eragileen arteko indar uztarketak behar baititugu. Herritar norbanakoak, boluntarioak ere badira lankidetza horren parte.

Norbere funtziotik, norbere erantzukizun sozialetik aritu gara eragileak, herrietan zein koordinazio orokorrean. Ezegonkortasun handiko garaian, lankidetzan egin nahi izan ditugu lanik zehatzenak zein orokorrenak.

Elkarlanak elkarrekiko konfiantza eta aitortza eskatzen ditu, ikas prozesu bat ere izaten da tarteka. Baina herri gisa elkartzen gaituen horri begira, ikasteko eta lankidetza jarraiak eraikitzen segitzeko asmo irmoa daukagu.

7.- Biharko eguna ere garrantzitsua da

Euskaraldiak inertziak apurtzeko babesa eman digu egunotan, eta aldatu ditugun dinamikei ahalik eta gehien eusteko garaia da orain. Berriz ikusi dugu uste duguna baino jende gehiagok ulertzen duela euskaraz; norberak ekiteak inguruan ere eragiten duela; uste baino gehiago bizi gaitezkeela euskaraz; ingurune digitalean ere urrats asko ditugula emateko; tresna txiki batzuekin errazago egin dezakegula; ohiturak aldatzea posible dela.

Babesa, konplizitatea, sorpresa, norbere hautua, eustea, eskatzea; ahalduntzerako eta normalizaziorako bidean lagungarri izan ditzagun aurrerantzean ere. Txapak egunotan eman dizkigun ahalmen horiek gurekin eraman ditzagun euskarari eutsi nahi diogun guztietan.

Kalean zein ingurune digitalean, bietan biderka ditzakegu euskaraz aritzeko aukerak. Eta baita ariguneetan ere, noski. Lortutako adostasunak eta identifikatutako espazio horiek balia ditzagun aurrerantzean ere, gure lantoki, elkarte, denda eta espazio publikoetan euskaraz aritzeko.

8.- “Gehiago, gehiagorekin, gehiagotan”

Bigarren edizioan ariketan bakoitzaren hizkuntza praktiketan sakontzeko proposamena egin diegu herritar eta entitateei. Sakontze horretan elementu berriak ekarri ditu Euskaraldiak, eta bide beretik proposatuko ditugu ekimenaren hurrengo urratsak ere: herritarrekin eta entitateekin praktika urratzaileak landuz eta sakonduz.

Gizarte modura garai zailak bizitzea tokatzen ari zaigu. Baina Euskaraldian ondo ikusi dugun modura, arduraz jokatzeko garaiak dira hauek: herritarrok gure helburu eta pentsamenduarekin bat datozen praktikak landuz, eta era guztietako entitateek dagokien esparruan erantzukizunez jokatuz eta helburuak neurri bihurtuz.

Euskal gizartea zorionduz bukatu nahi dugu balorazioa. Euskaraldiaren bigarren edizioan ere erakutsi dugu elkar hartuta inertziak apurtzen, ohiturak aldatzen eta euskararentzako guneak irabazten jarraitu dezakegula. Badugu zeregina oraindik ere, baina egunotan sortutako energia sozialari eta auzolanari eusteko deia egin nahi dugu, sortzen ari garen hizkuntza praktika berriek bidea egin dezaten.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak