Berriak Segurtasuna

Nazioarteko adituek 2050ean hildako 'Vision Zero' -ri buruzko esperientziak partekatu dituzte

2020-12-02

Bilbo, 2020ko abenduak 02

 

Bide segurtasuna Euskadin, Garapen Iraunkorrerako 2030erako Helburua trafikoko jardunaldi teknikoan nazioarteko adituek parte hartu dute, eta mugikortasun iraunkorrari buruz hitz egin dute, istripugarritasuna murrizteko euren esperientziak azaldu dituzte eta bide segurtasunean “Zero Biktima Ikuspegia” lortzeko politika globalak partekatu dituzte. Eusko Jaurlaritzak antolatu dituen jardunaldi profesional hauen helburua zen bide-segurtasunaren erronkarekin konpromisoa hartuta duten eragileen aldetik jakintza sortzea eta trukatzea eta, aldi berean, esperientziak eta jardunbide egokiak partekatzea mugikortasun seguruago eta iraunkorrago baterantz jotzeko.

Lehenengo lehendakariorde eta Segurtasuneko sailburu Josu Erkorekak  inauguratu du Bilbon “Bide-segurtasuna Euskadin, Garapen Iraunkorrerako 2030erako Helburua” trafikoko jardunaldi teknikoa. Sailburuak jakitera eman du Eusko Jaurlaritza 2021-2025 aldirako Bide Segurtasunerako Plan Estrategiko berria osatzen ari dela Gobernu Kontseiluak datorren martxoan onar dezan. Dokumentu horrekin finkatu egingo da Euskadin bide-segurtasunaren eta mugikortasun seguru, iraunkor eta digitalizatuaren arloan gertatzen ari den aldaketa kulturala.

Josu Erkorekak bere esku-hartzean berretsi du Eusko Jaurlaritzak trafikoaren arloan ere bat egin duela NBEren 2030 Agendaren helburuekin: 2020ko kopuruen aldean, 2030erako zirkulazio-istripuetan hildako eta larri zauritutako pertsonen kopurua erdira jaistea Euskadin eta 2050erako zero biktimara iristea (Zero Biktima Ikuspegia izenez ezagutzen den helburua). Bi konpromiso edo helburu horiek zuzenduko dute Eusko Jaurlaritzak datozen urteotan trafikoaren arloan egingo duen planifikazio eta jarduketa osoa.

 

EUSKADI, DATU NABARMENAK

Azken 20 urte hauetan Euskadin emaitza nabarmenak lortu dira trafiko-istripuen ondorioz hildako pertsonen kopurua murrizteko bidean: 

  • urtean 218 pertsona hil ziren.
  • 2010ean 67.
  • 2019an 50.
  • 2020an (azaroaren 30era arte), 36.

 

Beheranzko joera hori Eusko Jaurlaritzak, bide-segurtasunaren erronkarekin konprometitutako agenteekin eta beste erakunde batzuekin lankidetza estuan eta ondo koordinatuta, abian jarri dituen ekintza estrategikoen ondorio da, eragin zuzena izaten ari baitira bide-segurtasunaren hobekuntza orokorrean:   

  • Prebentzio-ekintzak: kontzientziazioa, heziketa, formakuntza eta sentsibilizazioa, bereziki kolektiborik zaurgarrienen artean: motor-gidariak, oinezkoak eta txirrindulariak. Berez, 2019an hildako pertsonen %60 kolektibo zaurgarri batekoak ziren.

 

  • Zaintza, kontrol eta jarduketa ekintzak: biktimak eragiten dituzten istripuen % 70 hiru arrazoi nagusirengatik gertatzen dira: gidatzean arreta galtzeagatik, alkoholaren eta drogen kontsumoagatik eta abiadura desegokiagatik.

 Horrez gainera, nabarmentzekoak dira helburu hori lortzeko abian jarri diren oinarrizko bi erremintak:

  •  Trafikoa kudeatzeko eta trafikoari buruzko informazioa emateko eredua, teknologia berriak integratzen dituena, denbora errealean erabakiak hartzeko erreminta arin eta eraginkor gisa.
  • Trafiko Istripuen Biktimen Erregistroa, analisi eta ezagutzarako erreminta estrategiko honek  trafiko-istripuak gutxitzera bideratutako politikak diseinatzeko erabakiak hartzen laguntzen du zero hildako eta zauritu larri izateko ikuspegiarekin

 

LAU PANEL TEMATIKO

Lau panel tematikok osatu dute Eusko Jaurlaritzak antolatu duen eta oraingoan Iberdrola dorretik bideokonferentzia bidez egin den eta Irekian streaming bidez jarraitu ahal izan den trafikoko jardunaldi teknikoa.

Lehenengo panela izan da “Politika globalak sustatzea bide segurtasunaren arloan, Vision Zero-aren aplikazioan oinarrituta eta Sistema Seguruaren ikuspegitik”, eta bertan Matts-Ake Belin Suediako Gobernuko Garraio Administrazioko Vision Zero Akademiako zuzendariak ‘Vision Zero: berrikuntza bat politikan’ gaiari buruz hitz egin du.

Bigarren panelaren izenburua izan da “Bide Segurtasunaren eta Garapen Jasangarrirako 2030 Agendaren inplementazioaren arteko lotura”, eta bertan parte hartu dute Etienne Krug Lovainako Unibertsitateko Medikuntzako doktore eta NBEko Bide Segurtasuneko aditu taldeko presidenteak, ‘Mugikortasun global seguruago eta garbiago baterantz’ hitzaldiarekin, eta Raquel Barriosek, ‘Enpresen Administrazioa gizarte ekintzailetzaren ikuspegitik’ Masterra duenak eta YOURS – Youth for Road Safety – Bide Segurtasunaren aldeko Gazteen Munduko Koalizioaren koordinatzailea denak.

 Mugikortasun jasangarria sustatzeko eta espazio publikoak herritarrei itzultzeko hirien berrantolakuntza, gizartea eraldatzeko ardatz gisa” izan da hirugarren panel tematikoaren gaia. Panel honetan parte hartu dute Carlos Morenok, Sorbonako Unibertsitateko Ekintzailetza, Lurraldea eta Berrikuntza katedraren zuzendaria, hiri adimendunetan eta hirigintzan aditua eta Pariseko alkatearen aholkularia denak, ‘Hamabost minutuen hiria – Mugikortasuna birpentsatuz komunitate bizien ikuspegiaren bidez’ hitzaldiarekin; eta Aritza Aldamak, Telekomunikazioko ingeniaria eta Kapsch taldeko produktu burua eta datuen analisirako taldearen arduraduna denak,  eta aditu honek ‘Adimen areagotua mugikortasuna kudeatzeko 2030ean’ gaiari buruz hitz egin du.

Jardunaldi teknikoko laugarren eta azken paneleko moderatzailea Xabier García Ramsdem kazetaria izan da. Laugarren panel honen izenburua “Lidergoan eta bide hezkuntzako estrategietan oinarritutako bide segurtasun eredua izan da, eta Pille Ossul Estoniako Gobernuaren Ekonomia eta Komunikazio Ministerioko Garraio eta Trafiko zuzendariak eta Erik Ernits Estoniako Errepideen Administrazioaren Plangintza Estrategikoko Departamentuaren buruak jardunbide egoki baten adibidea azaldu dute ‘Bide Segurtasuna Estonian, etengabeko bilakaeran dagoen gaia’ izenburupean. Bestalde, María del Mar Cogollos AESLEME – Bizkarrezur-muineko Lesioa Aztertzeko Elkartearen zuzendariak, sentsibilizazioaren eragile moduan, ‘Etengabeko bide hezkuntzaren zeregina gure bizi zikloan’ gaiaz hitz egin du.  

 Azkenik, Sonia Díaz de Corcuera Trafikoko zuzendariak eman dio amaiera jardunaldiari, eta Eusko Jaurlaritzaren Bide Segurtasunaren eta Mugikortasun Seguru eta Iraunkorraren 2021-2025 Plan Estrategikoaren lerro nagusiak aurreratu ditu.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak