Berriak Enplegu eta Gizarte Gaiak
Eu

Lanbidek ia 10.000 plazara zabaldu du bere prestakuntza ikastaroen eskaintza

2011.eko ekainak 15

  

  • Euskal Enplegu Zerbitzuak 639 ikastaro emango ditu, eta horietan izena emateko epea datorren ekainaren 20an irekiko da
  • Lehen aldiz, izen-emateak lanbide.net webgune ofizialaren bitartez egin ahal izango dira, Lanbideren bulego-sareaz gain
  • Deialdi horren hartzaile nagusiak lan-merkatuan eskaintza handia duten profesionalak dira, eta aukera emango du profesionaltasun-ziurtagiriak eskuratzeko

Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuak datorren ekainaren 20an irekiko du bere prestakuntza-ikastaroen deialdi berrian izena emateko epea. Urteko bigarren bolada horretarako, Lanbidek 639 ikastaroraino zabaldu du bere eskaintza. Hasiera batean 442 aurreikusi ziren. Horrela, guztira 9.963 plaza izango dira, hau da, hasierako programan baino 3.313 postu gehiago, euskal enplegu-eskatzaileen prestakuntza hobetzeko helburuarekin. "Aparteko ahalegina egin dugu ahalik eta pertsona gehienen kualifikazioa hobetzeko eta, horrela, lan-merkatuan sartzeko dituzten aukerak handitzeko"; hori adierazi du Javier Ruiz jaunak, Plangintza eta Enpleguko sailburuordeak.

Lanbidek enplegu-politika aktiboen arloko eskumenak bere gain hartu zituenetik garatu dituen ekimenen artean, ezaugarri horietako bigarren ekimena da hori, eta horren barruan 348 ikastaro garatuko dira Bizkaian, 205 Gipuzkoan, eta 86 Araban. Lurraldeen arabera, Bizkaiak 5.534 plaza eskainiko ditu, Gipuzkoan 3.070 plaza izango dira, eta Araban 1.359.

Deialdi horretarako, Lanbidek Euskal Autonomia Erkidegoko eragile sozioekonomikoei kontsultatu die, gaur egungo egoera ekonomikoen irteera handienak dituzten lanbideak zeintzuk diren jakiteko. "Ez dugu prestakuntzan gastatu nahi, prestakuntzan inbertitu baizik. Langabeentzako prestakuntza-arloko ibilbide bat eraiki nahi dugu, langabeak lan-merkatuan aktibatzeko aukera izan dezan" azaldu du Javier Ruiz jaunak.

Ikastaro-kanpaina berri hori enplegurako Lanbide Heziketa emateko homologatuak dauden prestakuntza-zentroetan eskainiko da. Eskaintzak hainbat espezialitate biltzen ditu: eguzki-instalazioak mantentzea, turismoaren sustapena, sistema mikroinformatikoen muntaia, Alzheimer gaixoentzako arreta espezializatua, edo arreta soziosanitarioa etxean ematea.

Profesionaltasun-ziurtagiriak

Eta aurreko deialdietan ez bezala, euskal enplegu-zerbitzuak babestutako sustapen horrek aukera ematen du profesionaltasun-ziurtagiri berriak eskuratzeko. Agiri hori ofiziala da eta Espainia osoan du indarra, eta lanbide jakin bat baliozkotzen du.

Profesionaltasun-ziurtagiria modulu-programa bat osatzean eskuratzen da. "Sistema horren bitartez, ikasleak ziurtagiri ofizial bat eskuratzeko bidean aurrera egiten du. Prestakuntza koherente eta oso baten aldeko apustua egiten dugu, ikasleak aktibatzeko balio duena eta enpresen premiei erantzuten diena" adierazi du Ruiz jaunak. "Formula horrek abantaila erantsia dauka, hain zuzen ere profesionaltasuna ziurtatuko den eremuan lan-esperientzia duela egiaztatzen badu, prestakuntza-prozesuaren zati batzuk ez ditu egin beharko". Esate baterako, titulaziorik izan gabe bere jardueran hainbat urte metatu dituen igeltserotzako ofizial bat.

 

 

 

Ikastaro kopurua

 

Plazak

 

Araba

86

1.359

Bizkaia

348

5.534

Gipuzkoa

205

3.070

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko