Berriak Lehendakaritza

Lehendakariak egoera zailetatik ateratzeko euskara ezinbesteko bidelagun dela azpimarratu du Euskararen Aholku Batzordearen Bileran

2020-12-02
(*) Azpititulazio-zerbitzu hau sortzen da probetako software bertsio batekiko automatizatutako eran. Barka itzazue akatsak.
  • Bihar Euskararen Eguna dela eta, Iñigo Urkullu Lehendakariak Eusko Jaurlaritzak, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako aldundiek, Bilbo, Gasteiz eta Donostiako Udalek, EUDEL-ek eta UEMAk adostutako adierazpen instituzionala irakurri du
  • Euskararen Aholku Batzordeak Legealdi honetan egin duen lehenengo bileran bere osaera berria onetsi du

 Iñigo Urkullu Lehendakariak Euskararen Eguneko adierazpen instituzionala irakurri du gaur Euskararen Aholku Batzordeak legegintzaldi honetan egin duen lehen bileraren hasieran. Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak eta Miren Dobaran Hizkuntza Politikako sailburuordeak ere gaurko ekitaldian parte hartu dute. Biharkoa, abenduaren 3-a, Euskararen Eguna izanda, Lehendakariak irakurritako adierazpena Eusko Jaurlaritzak, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Aldundiek, Bilbo, Gasteiz eta Donostiako Udalek, EUDEL-ek eta Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak (UEMA) adostutakoa izan da. 

Lehendakariak aitortu duenez, “euskararen hiztun elkarteak ere sufritu du pandemiaren eragina, bereziki erabilera mailan. Zentzu horretan, erakunde publikoen konpromisoa sendoa eta egindako lana handia izanagatik ere, ezin izan diogu nahi bezala erantzun”. Hala ere, Iñigo Urkulluk nabarmendu du ezin dela ahaztu “funtsezko ekarpen bat, gizarte-ahalegin itzel eta miresgarri horren osagai ezinbestekoa eta geure esku soilik dagoena: euskaraz egin behar diogu aurre mundu mailako krisiari”. 

Euskaraldia martxan dagoela kontutan hartuta Lehendakariak azpimarratu duenez, “norabide biko bektorea da euskara eta euskaldunak lotzen gaituena; euskarak herri egiten gaitu; euskal hiztunon komunitateak egiten du euskara orainaren eta etorkizunaren hizkuntza”.

Euskararen Eguneko adierazpen instituzionalak batzen duenez, eta Lehendakariak adierazi duenez, “bagenekien euskaraz zetorrela geroa, euskaraz ere mintzo dela etorkizuna, eta aurten beste zerbait ikasi dugu: egoera zailetatik ateratzeko eginahalean lagungarri dugu euskara, bidelagun ezinbestekoa. Krisialditik sendoago ateratzea helburu dugun honetan, erabil dezagun euskara ere aurrera egiteko lanabes gisa. Euskaraz biziberritu behar dugulako geure gizartea. Euskararen ahotsa zor diogulako munduari. Euskaraz garelako munduko herritar. Euskara aurrerabidea delako. “

Euskararen Aholku Batzordea 

Iñigo Urkullu Lehendakaria izan da hain zuzen ere, Euskararen Aholku Batzordearen legegintzaldiko lehen bileraren buru. Organo honen helburua da ahaleginak eta proiektuak batzea eta koordinatzea euskara normalizatzeko. Lehendakaritzan egin den bileran batzordeko kide batzuek modu presentzialean parte hartu dute eta beste batzuek modu telematikoan. Batzarrean Euskararen Aholku Batzordearen eraketa berria eman da jakitera. Izan ere, Euskararen Aholku Batzordeari buruzko 99/2020 Dekretuari jarraiki  Euskararen Aholku Batzordearen funtzionamendua eta osaera egokitu dira. Hori dela eta, Batzorde Osokoaren kide kopurua murriztu da, berdintasun ikuspegia txertatu da osaeran eta funtzionamendu arauak eguneratu dira.

Gaur egun 26 kidek osatzen dute Euskararen Aholku Batzordea. Gaurko bileran eraketa berria onartzeaz gain, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu Bingen Zupiriak 2020-2024 legealdirako Hizkuntza Politaren arloan dauden lehentasunak azaldu ditu. Miren Dobaran Hizkuntza Politikako sailburuordeak berriz, Euskararen Aholku Batzordearen hiru batzorde-atalak (ingurune digitala, genero eta hizkuntza eta eremu sozioekonomiko pribatua) aurkeztu ditu. Batzorde horietan gizartearen ordezkaritza zabala batzen da izan ere, arlo bakoitzean adituak diren pertsonek osatzen dituzte.

 

 

 

2 iruzkin
  • @AlmudenaOtaola
    2020-12-04

    Comentario de Twitter:
    RT @ZupiriaB: 🗣️Erabil dezagun euskara gehiago, gehiagorekin, gehiagotan 👉 https://t.co/VcSEjx4LiN https://t.co/z9ya8fYWxu

  • @ZupiriaB
    2020-12-03

    Comentario de Twitter:
    🗣️Erabil dezagun euskara gehiago, gehiagorekin, gehiagotan 👉 https://t.co/VcSEjx4LiN https://t.co/z9ya8fYWxu

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak