II. Bootcamp Enkarterrialde Open Lab-ek nekazaritzako elikagaien eta basoen berrikuntzaren gaiari helduko dio Enkarterrian eta Meatzaldean

2020-12-01

Ekitaldiaren helburua da bi sektore horien lehiakortasuna sustatzea Enkarterriko eta Meatzaldeko udalerrietan, produktuaren banaketari eta balioespenari dagokienez, prozesuen digitalizazioa eta bioekonomia oinarritzat hartuta

Elikagaien Kalitate eta Industriako zuzendari Javier Plasenciak nabarmendu du elikaduraren balio kateko berrikuntza eta ekintzailetza eta basogintzako bioekonomia funtsezko lan ardatzak direla Eusko Jaurlaritzarentzat

Enkarterrialde landa garapenerako elkarteak II. Bootcamp Enkarterrialde Open Lab jarri du abian. Gaur hasiko da ekitaldia, eta abenduaren 3ra arte iraungo du, eta nekazaritzako elikagaien eta basoen berrikuntzari helduko dio, bioekonomia erreferentzia esparrutzat hartuta.

Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Iraunkortasun eta Ingurumeneko Sailak, eskualdeko lehiakortasuna bultzatzeko duen programaren barruan, jardunaldi horietan parte hartuko du HAZI eta Neiker enpresen bidez.

Elikagaien Kalitate eta Industriako zuzendari Javier Plasenciak Bootcamp Open Lab ekitaldiaren inaugurazioan parte hartu du, eta nabarmendu du elikaduraren balio kateko berrikuntza eta ekintzailetza eta basogintzako bioekonomia funtsezko lan ardatzak direla Eusko Jaurlaritzarentzat.

Berrikuntzari dagokionez, Plasenciak adierazi du Digitalizazio Adimendunaren Garapenerako Estrategia abian jarri dela Elikaduraren eta Gastronomiaren Balio Katean. Horretarako, digitalizazio proiektuak ezarri dira blockchainarekin, Big Datarekin eta beste teknologia batzuekin, eta proiektu oso berritzaileak garatu direla, hala nola presio handiak edo vending osasungarria.

Ekintzailetzari eta enpresei laguntzeari dagokienez, gaur egun Eusko Jaurlaritza ekintzaileei laguntzeko zenbait programa bultzatzen ari da (ONekin, Gaztenek edo Geroa), baita startup azeleratzaileak martxan jartzea ere (EIT Food, Culinary Action).

Halaber, Plasenciak gogora ekarri du joan den martxoan Bioekonomiaren aldeko Euskal Aliantza sortu zela, garapen iraunkorrarekiko, ingurumenaren errespetuarekiko eta klima aldaketaren aurkako estrategiarekiko konpromisoan aitzindaria den alianza alegia. Aliantza horrek bi helburu ditu jomuga: batetik, enpresa eragileen sare bat sortzea, baliabide biologikoetan oinarritutako produktuak sortzeko eredu ekonomiko hau indartzen laguntzeko; eta, bestetik, erakundeen, zentro teknologikoen eta enpresen arteko lankidetza ezartzea, ekoizpen modu hau haz dadin.

Nekazaritzako elikagaien eta basogintzaren lehiakortasuna sustatzea

Nekazaritzako Elikagaien eta Basogintzaren gaineko II. Bootcamp Enkarterrialde Open Lab honen helburua da bi sektore horien lehiakortasuna sustatzea Enkarterriko eta Meatzaldeko udalerrietan, produktuaren banaketari eta balioespenari dagokienez, prozesuen digitalizazioa eta bioekonomia oinarritzat hartuta.

Hiru jarudunaldiek bina saio izango dituzte: Goizetik, OPEN PROGRAMAZIOA garatzen da, inspirazioan, ikaskuntzan eta konexioan oinarrituta. Arratsaldeko saioak, berriz, LAB PROGRAMAZIOA deitzen dira, eta ekimenei modu praktikoan laguntzera bideratuta daude nagusiki.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak