Javier Hurtado sailburua: "Espazio publikoaren birkonkistaren defendatzailea naiz, horrek herriko merkataritza eta ostalaritza bultzatzen baitu"

2020-12-02
  • Javier Hurtadok azpimarratu duenez, merkataritzak aldatu, egokitu eta berrasmatu egin behar du, ziurgabetasuna nagusi izango den eta malgutasuna eta erantzuteko ahalmena ezinbestekoak izango diren egoera bati aurre egin ahal izateko.

  • Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak lehiakortasunaren hobekuntza are neurri handiagoan sendotzeko helburuarekin dihardu, eta euskal merkataritza indartsuago, sendoago eta lehiakorrago bat bultzatzen du.

Euskal Merkataritzaren XXII. Topaketa egin da gaur online formatuan, “Aro berriko merkataritza” lelopean, eta, inaugurazio-ekitaldian, Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburu Javier Hurtadok azpimarratu du merkataritzak aldatu, egokitu eta berrasmatu egin behar duela ziurgabetasuna nagusi izango den eta malgutasuna eta erantzuteko ahalmena ezinbestekoak izango diren egoera bati aurre egin ahal izateko. “Eta hori egiteko —gaineratu du—, merkataritzak kontuan hartu behar du eraldaketa digitala egitea ez ezik kontsumitzaileek merkataritza tradizionalaren garrantzia agerian uztea eta aitortzea ere eskatuko duen egoera bati aurre egin beharko diola”.

Javier Hurtadok adierazi duenez, bi joera garbi daude euskal merkataritzan: digitalizazioarena eta omnikanalitatearena, kontsumitzaileen ohitura berrien eta berrikuntza teknologikoaren ondorioz COVIDaren krisiaren aurretik ere agertzen ari zena; eta biztanleriaren zahartzearen eta auzoko saltokien garrantzia (pandemiarekin areagotu egin dena) ulertzearen ondorioz berriz ere tokiko merkataritzara erakartzen gaituena. “Hurbileko merkataritzaren gizarte-rol berri baterako bidea ireki da —adierazi du—, eta dikotomia horretan, Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak garbi dauka tokiko merkataritzak bere identitateari eta berezitasunari eutsi behar diola: auzoko dendak bai, baina 4.0 dendak ere bai”.

Ildo horretan, Hurtado sailburuak gogorarazi du Sailak sektorearekin eta gainerako erakundeekin diharduela lehiakortasunaren hobekuntza are neurri handiagoan sendotzeko, eta euskal merkataritza indartsuago, sendoago eta lehiakorrago bat bultzatzen duela. “Gure neurri eta laguntzen bidez —azaldu du—, berrikuntza teknologikoa eraman nahi dugu sektorera, merkataritza tradizionalean beharrezkoa den eraldaketa digitala errazteko. Erakundeen ekintzailetza- eta lehiakortasun-politikak tresna estrategikoak dira sektorea finkatzeko eta modernizatzeko, eta funtsezkoak herritarrei eman beharreko zerbitzua, bizi-kalitatea eta gure hiri-ereduaren gizarte-kohesioa bermatzeko”.

Era berean, sailburuak hiri-espazioa berriz konkistatzearen garrantzia gogorarazi du. " Espazio publikoaren eta pertsonentzat berreskuratutako hiri-espazioak berriz konkistatu beharraren defendatzaile sutsua naiz ni. Datuek erakusten dutenez, jasangarritasun-neurriek eta hiriguneak oinezkoentzat jartzeak kontsumitzaileak erakartzen dituzte, eta, horrela, gune horiek aberastu egiten dira eta errentagarritasuna handitu egiten da, eta hori onuragarria da bertako merkataritzarentzat eta ostalaritzarentzat ".

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak