Berriak Enplegu eta Gizarte Gaiak
Eu

Lan-istripuen prebentzioa enpresa lehiakortasunaren balio bat da

2011.eko ekainak 15

 

  • Gemma Zabaleta Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburuak azpimarratu duenez, langileen segurtasun eta osasunik gabe "ez dago aurrerapen, ongizate eta bizi-kalitaterako bermerik".
  • Laneko Osasuneko Euskal Estrategia 2011-2014 enpresetako egunerokotasunaren kudeaketan prebentzioa txertatzeko gida da

"Prebentzioa da enpresen produktibitatea hobetzeko eta lehiakortasuna areagotzeko tresnarik onena". Horrela hitz egin du Gemma Zabaleta Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburuak lan-istripuen aurrean enpresaburuek duten erantzukizunari buruz SEA Arabako Enpresarien elkarteak antolatu duen topaketan. "Enpresek ulertu behar dute prebentzioa etorkizunez beteriko balioa dela, eta ekintza puntual bat ez dela nahikoa egoera zehatz bat konpontzeko", zehaztu du.

Zabaletak azpimarratu duenez, XXI. mende honetan bateraezina da lan‑segurtasunik eza eta produkzio-zentro aurreratuak, modernoak, lehiakorrak eta etorkizuna dutenak edukitzea. "Ezinezkoa da ekoizpen-ehuna eta arrisku-egoerak bateratzea".

Sailburuaren iritziz, arrisku horietako asko saihestu daitezke, eta horrela lan‑ezbeharrekin amaitu. Laneko segurtasunarekin konpromisorik ez badago, ezin izango dugu esan gizarte-eredu orekatua dugula.  "Ahalegin handia egin behar dugu eragile guztion artean: Administrazioa, enpresaburuak, sindikatuak eta langileak berak. Langileen segurtasuna eta osasuna lehentasun osokoak dira. Ziur gaude horiek gabe ez dagoela aurrerapena, ongizatea edo bizi‑kalitatea lortzeko bermerik".

Zabaletak gogora ekarri du Laneko Segurtasun eta Osasuneko Euskal Estrategia 2011-2014 onartu izana; izan ere, Eusko Jaurlaritzak datozen urteetan garatu beharko dituen prebentzio-politiken gida eta markoa izango baita. Laneko segurtasunaren euskal estrategia horrek elkarrizketa sozialaren bermea dauka; hau da, eragile sozial eta ekonomiko desberdinen interesak bateratzeko ahaleginaren emaitza da, eta "administrazioaren sostengua dauka, lan-arriskuen prebentzioaren arlo korapilatsuan politika publiko eraginkorrak garatzeko gauza den administraizoarena".

Sailburuak gaineratu duenez, "Laneko Osasunaren Euskal Estrategia" prebentzioa enpresetan txertatu dadin lortzeko gida gisa erabili daitekeen mapa da, prebentzio horren benetako aplikazioa finkatzeko". Besteak beste, plan horrek laguntza teknikoa eta erremintak ematen dizkie Euskadiko enpresei, arriskuak enpresen kudeaketan txertatzen laguntzeko; gainera, nork bere baliabideekin prebentzio-jarduera garatzea sustatzen du, eta ikuskapen eta kontroleko kanpaina selektiboak aurreikusten ditu.

"Neurri horiek guztiek helburu bakarra dute: Enpresei laguntza eskaintzea eta istripuak prebenitzeko behar dituzten tresnak ematea", azpimarratu du, berriro, sailburuak.

Orain arte, lan-ezbeharrak izan dira lan-arriskuen alderdi ikusgarriena, ia bakarra. Baina, lan-segurtasunaren euskal plan berriari esker gaur arte ezkutuan zegoen errealitate bat azaleratu da: lanbide-gaixotasunak. Horrela, Lan Osasuneko Euskal Estrategiaren barruan lanbide-gaixotasunei buruzko ikerketa bat egin da, Estatu osoan lehenengoa izan dena. Haren ondorioekin Euskadiko lanbide-gaixotasunen mapa egin da, eta horri esker zehaztasunez jakin daiteke, besteak beste, gaixotasun horiek nola banatzen diren lurraldeen eta beste hainbat eragileren arabera: sexua, adina, jarduera ekonomikoa, enpresa eta langileak lanpostuan duen antzinatasuna. Horrez gain, gaixotasun horiek duten kostu ekonomikoaren berri ere ematen du.

Lan horrek agerian utzi duenez, lanbide-gaixotasunen gastua 106 milioi euro baino gehiagokoa izan zen 2008. urtean; hau da, urte hartan Euskadik izan zuen BPGaren (67.924,5 milioi euro) % 0,16, eta Euskadiko osasun-gastu publikoaren (3.200 milioi euro) % 3,3.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)