Javier Hurtado sailburua: “Jasangarritasuna eta digitalizazioa funtsezkoak dira suspertze jasangarrirako, eta Umbra Light Festival bezalako ekitaldiak lagungarriak izango dira kaleetako dinamizazioa berreskuratzeko”

2020-12-03

Umbra Light Festival jaialdiaren bigarren edizioaren aurkezpenean, Gasteizko kaleak eta merkataritza dinamizatzen laguntzeko helburua eta ostalaritzan, merkataritzan eta turismo-enpresetan jarduera sortzen duten proiektuekin aurrera jarraitzeko beharra azpimarratu ditu Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburu Javier Hurtadok.

Bigarren diputatu nagusiorde eta Enplegu; Merkataritza eta Turismo Sustapeneko foru-diputatu Cristina Gonzálezekin eta Ekonomiaren Sustapen, Enplegu, Merkataritza eta Turismoko zinegotzi eta alkateorde Maider Etxebarriarekin batera eskainitako prentsaurrekoan, hiru erakundeek berretsi egin dute 2021eko azaroan egingo den ekitaldia antolatzen laguntzeko eta ekitaldia bultzatzeko duten konpromisoa.

Umbra Light Festival izenekoaren bigarren edizioan, argi-instalazio guztien motibo nagusia eta lotura Nazio Batuen Garapen Jasangarriaren Helburuak izango dira, eta, bereziki, ingurumenaren kontserbazioari, energia garbien sustapenari, klima-aldaketaren aurkako borrokari eta emakumeen eta gizonen arteko berdintasunari lotutakoak. Hain zuzen ere, Hurtado sailburuak gogorarazi du Garapen Jasangarriaren Helburuak Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailaren jarduera egituratzen duten eta merkataritza- eta turismo-jarduera zuzenduko duten ardatzetako bat direla.

Turismoaren arloan, Euskadi oso egoera onean zegoen pandemiaren aurretik, hazkunde jarraitua eta jasangarria zuen, eta lehiakortasun handia erakutsi zuen. Lehiakortasun horrek suspertzeko tresnarik onena izan behar du orain. “Lehiakortasun horrek —gaineratu du— ezarritako ibilbide-orrian aurrera egiteko eraldaketa- eta aukera-tresna izan behar du, eta estrategia eta kudeaketa turistikoaren jasangarritasunaren eta erantzukizunaren aldeko apustuak izan behar du haren ezaugarri bereizgarria, Nazio Batuen Garapen Jasangarriaren Helburuak txertatuta”.

Merkataritzari dagokionez, Javier Hurtadok azpimarratu du merkataritza oso garrantzitsua dela Garapen Jasangarriaren Helburuak lortzeari begira. Jarduera horrek zuzeneko eragina du Garapen Jasangarriaren Helburuetan, hala nola 11. helburuan (Hiri eta komunitate jasangarriak), 12. helburuan (Ekoizpen eta kontsumo arduratsua) eta 8. helburuan (Lan duina eta hazkunde ekonomikoa). Eta ezin dugu ahaztu administrazioen arteko lankidetza-premiari eta aliantzei buruzko 17. helburua.

Sailburuak amaitzeko adierazi duenez, Europak datozen urteetan izango duen norabidea kontuan hartuta, jasangarritasuna eta digitalizazioa funtsezkoak dira susperraldi jasangarrirako bidetik jotzeko eta merkataritzaren eta turismoaren sektoreko proiektuak suspertze ekonomikorako abian jarriko diren planetan txertatzeko. “Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Saila lehiakortasunaren hobekuntza are neurri handiagoan sendotzearen eta eraldaketa digitala bultzatzearen alde dago, eta horretan dihardu. Horren bidez, kalitateko enplegua sortuko duen eta tokiko garapenean eragina izango duen euskal merkataritza eta turismo indartsuago, sendoago, lehiakorrago eta burutsuago bat finkatzen lagunduko dugu”.

.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak