Berriak Hezkuntza

6 milioi euro udalentzako laguntzatan, ikastetxeetan hobekuntzak egiteko “Udalaguntza 2020” deialdiaren bidez (Gobernu Bilera 2020-12-1)

2020-12-01
  • Udalaguntza deialdiaren bidez 304 obra finantzatu ziren iaz, udal titulartasuneko eraikinetan kokaturik dauden 65 ikastetxetan
  • Aurtengo deialdiak berrikuntza dakar: %90ean finantzatuko dira udalek Covid-19 dela-eta eskola-esparruetan jarritako karpak

Gobernu Kontseiluak gaurko bileran onartu du, Hezkuntza sailburuaren proposamenez, Udalaguntza-2020 izenez ezagutzen den dirulaguntza deialdia. Deialdi honen bidez, Hezkuntza Sailaren mendeko ikastetxeak dauden udal-jabetzako higiezinetan obrak gauzatzeko eta karpak hornitzeko eta instalatzeko gastuak finantzatzeko dirulaguntzak ematen dira. Deialdi honek 6 milioi euroko diru-kopurua du.

Udalaguntza-2020 deialdian parte hartu ahal izango dute aurrerago aipaturiko ezaugarriak betetzen dituzten ikastetxeak kokaturik dauden eraikinen titular izan eta haietan hobekuntza lanak egiteko proiektuak aurkezten dituzten Euskadiko udalek. Kasurik gehienetan, Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxe publikoak izan ohi dira. Agindu honen bidez finantzatu daitezkeen obrek 2020ko urtarrilaren 1 eta 2021ko abuztuaren 31 bitartean hasi beharko dute eta 2021ko abenduaren 31 baino lehenago bukatuak egon beharko.

Hezkuntza Sailak deialdi honen bidez emango duen dirulaguntza Balorazio Batzordeak onarturiko aurrekontuaren %60koa izango da. Gainerako %40 proiektua aurkeztu duen udalaren gain izango da. Eskaera bakoitzeko gehienezko kopurua, dena den, 360.000 eurokoa izango da. Hortaz, Balorazio Batzordeak onartutako  600.000  euro  baino  gehiagoko  aurrekontuak  dituzten eskaerei dirulaguntza ematen bazaie, muga hori kontuan hartuta egingo da.

Karpak eskola-esparruan

Aurtengo deialdiaren berritasun nagusia da, bizi dugun pandemia egoeraren eraginez, karpak hornitzeko eta instalatzeko gastuak ere finantzatuko direla, baldin eta Covid-19ren ondoriozko beharretan justifikatutakoak badira, karpa jabetzan zein alokairuan hartua izan. Hala ere, deialdian sartutako kostua ikastetxeak Covid-19 dela-eta erabili behar duen denborari lotutakoa izango da. Karpa, gainera,

Agindu honen ondorioetarako, finantzatu daitezkeen karpak hornitu eta instalatzea da eskola-esparruan kokatutako patioetan edo beste espazio libre batzuetan egiten den COVID-19 pandemiaren ondoriozko beharretan justifikatutakoak, karpa jabetzan edo alokairuan jartzea eta erostea barne. Karpa patioetan edo eskola-esparruko espazio libreetan instalatu beharko da. Kasu horretan, Hezkuntza Sailaren dirulaguntzak Balorazio Batzordeak onartutako aurrekontuaren %90 finantzatuko du, Udalaguntzaren bidez finantzatutako gainerako jardueretan ohikoa den % 60aren ordez.

Instalazioak egokitzea

Karpen instalazioaz harago, ikastetxeen irisgarritasuna hobetzeko lanak izan ohi dira sarritan deialdi honen bidez diruz laguntzen direnak, edo baita eraikin horien instalazioak eguneratu edo egokitzeko lanak ere, hala nola: kanpo nahiz barne arotzeria aldatzea; fatxada eraberritzea; patio eta jolastokietan zorua berritzea; eraginkortasun energetikoa hobetzeko jarduketak; espazioak birbanatzea; teilatu-konponketak; instalazio elektrikoak eguneratzea; komunak eta saneamenduak konpontzea; edo berogailu sistema aldatzea, beste hamaika motatako lanekin batera. Guztiak ere irakaskuntzaren kalitatean modu zuzen zuzenean eragiten duten jarduerak izan ohi dira. Nola nahi, ez dira deialdi honen bidez finantzatuko lehen ezarpeneko lanak, ezta kontserbazioko eta mantentze obrak ere.

Udalaguntza deialdiaren sorrera, ikastetxeen instalazioetan hobekuntza eta eguneratze lanak burutzeko Hezkuntza Sailaren eta tokiko erakundeen arteko koordinazioan aurkitzen da. Elkarlan horri esker, gainera, baliabide publikoen optimizazioa eta administrazio bakoitzak egiten dituen ahalegin eta jarduketen eraginkortasun handiagoa ere lortzen dira.

2020ko Udalaguntza deialdian parte hartu nahi duten udalek hilabeteko epea izango dute proiektuak aurkezteko –eskatzen den dokumentazioarekin batera-, deialdia EHAAn argitaratu eta hurrengo egunean hasita.

Iazko Udalaguntza deialdiaren bidez (Udalaguntza 2019) 304 obra finantzatu zituen Hezkuntza Sailak, Euskadiko 95 udalerritan kokaturiko Haur eta Lehen Hezkuntzako 165 ikastetxe publikotan.

Iruzkin bat
  • 2020-12-03

    Noiz aterako da deialdia?

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko