Berriak Lehendakaritza

Eusko Jaurlaritzak landa-eremuetarako banda zabalaren estalduraren unibertsalizazioa osatuko du

2020-12-01

Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramaile eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak agerraldia egin du Gobernu Kontseiluaren osteko ohiko prentsaurrekoan, Olatz Garamendi Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuarekin batera.

Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak abenduaren 1ean urtero ospatzen den HIESaren Munduko Egunari erreferentzia eginez hasi du agerraldia. Bingen Zupiriak prebentzioaren eta babes-neurriak hartzearen beharra nabarmendu du, sexu-harremanetako infekzioei eta gaisotasunari aurre egiteko modurik eraginkorrena baita; eta, aldi berean, solidarioak izatearen garrantzia azpimarratu du, norbanakoaren erantzukizunetik abiatuta.

Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuak azaldu du Gobernu Kontseiluak onartu egin duela hiru milioi euro bideratzea, telekomunikazio operadoreek, zuntz optikoa bizilagun gutxi eta maiz isolatuta dauden landa-eremuetara eramateko. Gaur gaurkoz, gune hauetan ez dago halako azpiegitura teknologikorik eta, ekimen honi esker, 4.710 etxebizitzatara iritsiko da konexioa. Honenbestez, Euskadi landatar osora hedatuko da kobertura. “Irmoki uste dut lortuko dugula aipatu desberdintasunak ezabatzea, bai eta eremu horietako auzotarrei zerbitzu berriak eskuratzeko aukera ematea ere. Horrek, aldi berean, administrazioen eta herritarren arteko harremanak hobetzea eta arintzea ahalbidetzen du”, azpimarratu du.

Bestalde, Olatz Garamendi Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuak jakinarazi du Gobernu Kontseiluak argi berdea eman diola Euskadiko Administrazio Orokorreko eta haren erakunde autonomoetako langileen egitura eguneratuko duen Kidegoen eta Eskalen Lege Proiektuari. Garamendik azaldu duenez, Legeak lanpostu bakoitzerako funtzioak eta titulazioak berrantolatzea ahalbidetuko du, eta Administrazioaren egungo talde eta azpitalde profesionalen kopurua sinplifikatuko du; horrez gain, prozesuak malgutuko ditu lanpostu bakoitzaren betekizunak eguneratzeko eta aldatzeko, lanbide titulazioetan gertatzen diren aldaketen arabera. “Administrazioko giza baliabideak behar bezala antolatzeak herritarren beharrei erantzun egokia ematen lagunduko digu. Eta ez hori bakarrik, langileen hautaketa prozesu arrazionalagoa ere ahalbidetuko du, barne-antolakuntzako behar eta premia berriekin bat datorren hautaketa prozesua ahalbidetuko baitu”, gaineratu du.

Gainera, Garamendi sailburuak aditzera eman du Lege proiektuari esker lan-eskaintza publikoetan sartzeko txanda bereziak sortu ahal izango direla, deitutako plazen kidego eta eskaletan gutxienez zortzi urteko antzinatasuna egiaztatzen duten bitarteko langileentzat. “Gaur egun interinoek multzo zabala osatzen dute gure administrazioko langileen artean eta txanda berezi hauei esker enplegua finkatu ahal izango dugu”, esan du.

Zupiria sailburuak jakinarazi du gaurko Gobernu Kontseiluak erabaki duela 6 milioi euro bideratzea udalentzako laguntzatan, ikastetxeetan hobekuntzak egiteko “Udalaguntza 2020” deialdiaren bidez. Sailburuak nabarmendu du aurten COVID-19a dela eta eskola-zerbitzu horien esparruan jarri behar izan dituzten karpak ere finatzatuko direla, deialdiak ezartzen dituen baldintzak betetzen badituzte.

Halaber, Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak jakitera eman du Gobernu Kontseiluak, Euskal Autonomia Erkidegoko txikizkako merkataritzaren erronka nagusiak ezagututa, “Euskal Retail Prestakuntza” programarekin aurrera jarraituko duela. Hala, Eusko Ganberei dirulaguntza izendunak emango zaizkie, 800.000€-koak, prestakuntza-programaren jarduerak garatzeko.

Horrez gain, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak zehaztu du Gobernu Kontseiluak 100.000 euroko diru-laguntza onartu duela Durangoko Azokaren inguruan zuzeneko jardueren ezohiko plan bat finantzatzeko, Covid-19ak sortutako krisiaren ondorioak arintzeko. Horrela, azaldu du osasun egoera dela eta, aurten Durangoko Azoka, batez ere, online egingo dela, baina Gerediaga Elkarteak "Zu non, han DA!" proiektua antolatu duela Azoka eta euskal kultura ahalik eta biztanle gehienengana hurbiltzeko helburuarekin, osasun krisiak eragindako edukiera eta mugikortasun murrizketak kontuan hartuta.

Gai-zerrenda

Prentsa-txostena

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak