Eusko Jaurlaritzak proposatu du Gizarte Eskubideen Europako Oinarriaren Ekintza Planak “herritarrengandik hurbilen dauden” eskualdeetako administrazioak jasotzeko

2020-11-28
  • Gizarte- eta berdintasun-eremuetan aurrera egiteko
  • Lakuak kudeaketa komunitariorako 13 gizarte-ekimen nabamendu ditu
  • Sailburu Beatriz Artolazabal: "Eskubide Sozialen Europako Zutabearen aplikazio eraginkorra posible izango da baliabide ekonomikoekin eta egiturazko erreformekin"

 

Vitoria-Gasteiz / Brusela, 2020 11 28

Eusko Jaurlaritzak Europako Batzordeari proposatu dio Gizarte Eskubideen Europako Oinarriaren Ekintza Planak, datorren urtean aktibatuko denak, “herritarrengandik hurbilen dauden” eskualdeetako eremuak jasotzeko, gizarte- eta berdintasun-eremuetan aurrera egiteko. “Era berean, aldaketa demografikoarekin eta zahartzearekin lotuta, gure ustez Batasun osoan jardun behar da zahartze aktiboa eta osasungarria sustatzeko, eta adinekoen ahalduntzea bultzatzeko”, esan du Beatriz Artolazabal sailburuak.

 Gizarte Eskubideen Europako Oinarriaren helburua da herritarrei gizarte-eskubide berriak eta eraginkorragoak bermatzea, 20 printzipio eta eskubideren bidez, besteak beste: bidezko soldata, arreta medikoa, ikaskuntza etengabea, norberaren eta laneko bizitzaren arteko oreka hobea, genero-berdintasuna, gutxieneko errenta.

 Eusko Jaurlaritzak beharrezkoak diren politika-neurrien eta lege-ekimenen gaineko ikuspuntu eta ekarpen nagusiak aurkeztu ditu, eta Gizarte Eskubideen Europako Oinarria ezartzeko konpromisoa erakutsi du; hala eskatu da Europako Batzordeak EBko agintari guztiekin Gizarte Eskubideen Europako Oinarria ezartzen eta 2021aren hasieran aurkeztuko den Ekintza Plana prestatzen laguntzeko eginiko eztabaidan egin zuen deialdiaren bidez.

 “Bidezko Trantsizioetarako Europa Sozial Indartsua” Batzordearen komunikazioarekin eta Kontseiluak “Erronka demografikoen aurrean jarraitu beharreko bidea”ri eta “Iraupen luzeko zaintzei” buruz emandako ondorioekin bat etorriz, Eusko Jaurlaritzaren nahia da “Europako gizarte-politikak egungo erronka eta aukerei erantzutea, eta Gizarte Eskubideen Europako Oinarria eraginkortasunez aplikatzea. Are gehiago orain, COVID19aren ondorioz sortutako pandemiak agerian utzi baitu epe luzeko zaintzarekin eta nagusiei eta mendekoei arreta ematearekin zerikusia duten zenbait eskema klasiko aldatzea beharrezkoa dela”.

 Eskualdeak eta Estatuz azpiko gobernuak

Gizarte Eskubideen Europako Oinarria bere Ekintza Planarekin ezartzeko Eusko Jaurlaritzak eginiko hamahiru ekarpenen artean nabarmentzekoa da honako hau: “Oinarriak administrazio guztiak barne hartu behar ditu –bereziki eskualdeetakoak, herritarrengandik hurbilen daudenak baitira–, gizarte-, berdintasun- eta enplegu-eremuetan aurrera egiteko ahaleginetan. Eusko Jaurlaritzak proposatu du zenbait eremutan –besteak beste lan-aktibazioa, aukerak sortzea, gizarte-ekonomikoa bultzatzea, ekintzaile-espiritua eta ekonomia digitala– eskualde-mailan egiten den lana EBrekin koordinazioan sustatzea. Emakume eta gizonentzako eta hura osatzen duten kolektibo guztientzako aukera bidezkoak lortu behar dira.

 Hezkuntza eta prestakuntza dela eta (1. printzipioa), Eusko Jaurlaritzak ongi etorria ematen dio Europako Batzordeak aurkeztutako Lehiakortasun jasangarritasunerako, zuzentasun sozialerako eta erresilientziarako Europako Gaitasunen Agenda eta Gaitasunen araberako Ituna aurkezteari.

 Genero-berdintasuna dela eta (2. printzipioa), 2020-2024 Genero Berdintasunaren Europako Estrategia berriaren barruan, Eusko Jaurlaritzak Bruselari neurri lotesleak eskatzen dizkio soldata-gardentasunaren arloan, eta enpresetako organo erabakitzaileetan emakumezkoen talentua berdintasun-baldintzetan bermatuko duen Europako araudia garatzeko. Gainera, genero-indarkeriaren aurkako sentsibilizazioa sustatu behar da”.

 Aukera-berdintasuna dela eta (3. printzipioa), Lakuak EBren Ekintza Planerako eginiko proposamenak beharrezkotzat jotzen du edozein bazterketa-motarekin amaitzea, sexuagatik, arraza- edo etnia-jatorriagatik, erlijioagatik edo usteengatik, desgaitasunagatik, adinagatik edo sexu-orientazioagatik izan. Aukera-berdintasunaren arloan lantzen diren politika- eta legegintza-proposamenetan ulertzen dugu arriskuan edo pobrezia-egoeran dauden kolektiboak txertatzeko ikuspegia jaso behar dela.

 Enplegurako eta gazte-bermerako laguntza aktiboa dela eta, Eusko Jaurlaritzak ongi etorria ematen dio gazte-bermea sendotu izanari; izan ere, sendoa izan behar du, bai aurrekontu-mailan bai neurketaren eta emaitzen kontrolaren mailan. Gazteen parte-hartzea funtsezkoa da gizartean, bai eta haiek emantzipatzeko aukerak sortzea ere. Gazteak erronka demografikoari irtenbidea emateko zati dira: populazio-berme gisa eta herrialdeen etorkizuneko gizarte- eta ekonomia-euskarri gisa”.

 Soldatei buruzko bidezko lan-baldintzak direla eta, Lakuak proposatzen du enpresek gizarte-erantzukizun korporatiboan kokatzen den bizitzeko soldata bat (Living Wage) ezartzeko bideragarritasuna aztertzea.

 Laneko bizitzaren eta bizitza pribatuaren arteko oreka Eusko Jaurlaritzak Europako Batzordeari adierazi dion beste arreta-puntu bat da; “izan ere, norberaren bizitza, familia eta lana uztartzeko neurriak ezartzeko lanean jarraitu behar da, bai eta emakumea lan-merkatuan sartzeko eta haren lanbide-karrera garatzeko ere. Familiekiko erakunde-erantzunkidetasuna sustatu behar da, zaintza-zerbitzuen sareen bitartez, eta gizon eta emakumeen aldetik zaintzaren erantzukizunen banaketa bidezkorako eta kontziliazio erantzunkiderako aukera ematen duten praktikak sustatu, egungo zaintzen feminizazioa gainditzeko –bai profesionalak bai ez-profesionalak–“.

 Haurtzaroa

Haurrei asistentzia eta laguntza emateari dagokionez, Lakuak ongi etorria ematen dio Batzordeak Europako Haur Bermea ezartzeko egin duen bideragarritasun-azterlanari; haren helburua da haurrek oinarrizko zerbitzuetara jo ahal izatea. Haurren eskubideekin konprometitu behar gara, eta pobrezia-arriskuan eta gizarte-bazterketan dauden ume guztiek osasun-laguntzarako, hezkuntzarako eta doako zaintzetarako, etxebizitza duinerako eta nutrizio egokirako eskubidea dutela ziurtatu.

 Baliabide nahikorik ez duen pertsona orok bizitza duina izan dezakeela bermatzeko, Eusko Jaurlaritzaren ustez egokia da “gutxieneko errentaren eskemen gaian eragitea. Hori lan-merkatuan berrintegratzeko pizgarriekin konbinatu behar da”.

 Era berean, Euskadiko gobernu autonomoaren iritziz, Oinarriaren Ekintza Planakdesgaitasuna duten pertsonen inklusioari bide eman behar dio eta desgaitasunen bat edo aniztasun funtzionala duten pertsonei laguntzen dien babeserako eta gizarte-inklusiorako egitura sortu behar du, eta babes bermatzailea eman behar zaie, beren bizitza duintasunez gara dezaten. Helburua enplegu babestutik enplegu arrunterako aldaketarako bide ematea da. Batzordeari eskatzen diogu desgaitasuna duten pertsonei lagunduko dieten neurriak prestatzen jarraitzeko, beren beharrak betetzen jarraitu eta pertsona horiek bizitza oso eta egokiaz gozatu ahal izateko”.

 Eraginkortasuna

Etxerik ez dutenek etxebizitzarako eta arretarako sarbidea izan dezaten, pertsona horiek muturreko kalteberatasun-egoeran daudela aintzat hartuta, gure proposamena da –dio Eusko Jaurlaritzak bere ekarpenean– Batzordeak “lehendabizi etxebizitza” (Housing First) zerbitzuen Europako eredua ezartzeko bideragarritasuna aztertzea, etxegabetasunari aurre egiteko”.

 “Gizarte Eskubideen Europako Oinarriaren aplikazioa eraginkorra izateko, finantza-baliabide nahikoa eduki behar dira, eskubide eta printzipio horiek aplikatzeko gizarte-politiketan inbertitzeko, eta egiturazko erreformak egin behar dira eta subsidiariotasun-printzipioarekiko errespetu osoa behar da. Horrela, eraginkortasuna hobetzeko, malgutasuna behar da, eskualde bakoitzeko beharrizanak eta lehentasunak presente izango dituena, eta, horretarako, konpromisoari eta politika-erantzukizun partekatuari bide eman behar zaio”, esan du Artolazabal sailburuak.

 Hori horrela, ingurune sozioekonomikoen arteko aldeak hartu behar dira kontuan eta, horretarako, eginkizun nagusia eman agintariei, Oinarriaren 20 helburuen kudeaketa eta betearazpena herritarrengandik hurbilago egon dadin eragiteko, administrazio-maila bakoitzari legez esleitutako eskumenen arabera.

 

 

2 iruzkin
  • 2020-11-29

    Ezin da hazkundea zorraren neurrigabeko igoeran oinarritu; mailegatutako ogia bi aldiz ordaintzen da

  • 2020-11-29

    No se puede basar el crecimiento en el aumento desmesurado de la deuda, pan prestado se paga dos veces

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak