Berriak Segurtasuna

Bermeon atxilotu dute pisukideari labana batekin eraso egin ondoren

2020-11-27

Ertzainek gizon bat atxilotu zuten atzo Bermeon arma zuriaz lesioak eragitea leporatuta, pisukideari labana batekin eraso egin ondoren. Biktimari ebakia egin zion esku batean, dirudienez bien artean sortu zen eztabaidaren ondoren eraso egin zionean.

Atzo, osteguna, gaueko bederatziak eta laurden aldera arrastatu zuten gizona Bermeoko Alde Zaharreko etxebizitza batean. Gizon batek Ertzaintzara deitu zuen eztabaida baten ondoren pisukideak labana batekin eraso egin ziola esanez. Biktimaren esanetan, erasotzailea labana sartzen saiatu zen hainbat aldiz, eta, labankadak saihestean, esku batean zauritu zuen.

Adierazitako lekura hurbildu zen patruila batek portalean aurkitu zuen biktima, eta esku batean ebakia zuela ikusi zuen. Etxebizitzan sartu zirenean, agenteek barruan aurkitu zuten ustezko erasotzailea, eta lesio-delitua leporatuta atxilotu zuten. Biek partekatzen duten etxebizitza barruan aurkitu zuten erasotzaileak erabilitako arma, sukaldeko labana bat.

Atxilotuak 26 urte ditu, eta Ertzaintzaren egoitzara eraman zuten dagozkion eginbideak gauzatzera. Horiek amaitutakoan, datozen orduotan, eramango dute agintari judizialaren aurrera.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko