"Ekonomiaz" – Euskal ekonomia aldizkariaren ale bereziaren aurkezpen ekitaldia, XXXV. urteurrena dela eta: “Atzeraldi handiaren arrastoa Euskadin, eraginak eta herrialde gisa ditugun erronka nagusiak".

2020-12-03

  

Ekonomia eta Ogasun Sailak argitaratu du “Ekonomiaz” aldizkariaren XXXV. urteurrena ospatzeko zenbaki berezia, “Atzeraldi Handiaren arrastoa Euskadin. Eraginak eta herrialde gisa ditugun erronka nagusiak”.

Monografiko horren aurkezpen publikoa gaur goizean egin da Eusko Jaurlaritzaren egoitzan, eta bertan parte hartu dute Pedro Azpiazu Ekonomia eta Ogasuneko sailburuak eta Jordi Campàs Eusko Jaurlaritzako Ekonomia eta Plangintzako zuzendari eta “Ekonomiaz” aldizkariaren zuzendariak.

Ezohiko zenbaki horrek “Ekonomiaz” aldizkariaren hasieratik hartutako konpromisoan sakontzeko aukera ematen du: analisi ekonomikoari eskualde-ikuspegitik heltzea, euskal ekonomiari arreta berezia eskainiz.

“Atzeraldi Handiak arrasto ezabaezina utzi du gure ekonomian, eta arrasto hori aztertu behar zen, egungo egoeraren diagnostikoa egiteko ez ezik, Euskadik epe labur eta ertainean aurre egin beharreko erronkak zehazteko ere bai. Nolanahi ere, COVID-19aren pandemiaren osasun-krisialdiak gure ekonomiaren oinarriak eta orain arte bete ditugun joko-arauak kolokan jarri aurretik zehaztu ziren erronka horiek guztiak”.

“Hartara, arlo publikoaren errebalorizazioa oinarri izango duen beste susperraldi bati aurre egin beharko diogu, arlo publikoak sustatzen baitu osasun-krisialdiak eta haren ondorio ekonomikoek areagotu duten beharrezko eraldaketa sozioekonomikoa. Izan ere, ongizate inklusiboa eta erresilientea, eraldaketa energetiko-ekologikoa eta digitalizazioa bektore bihurtzen dira, egungo eta etorkizuneko aurrerapenaren eta oparotasunaren oinarriak finkatzeko eta nortasun- eta erreferentzia-ezaugarri gisa ezarri dugun giza garapen jasangarriko ereduan sakontzen jarraitzeko”.

Hamar urte pasa dira “Ekonomiaz” aldizkariak bere 25. urteurrena ospatzeko zenbaki berezia argitaratu zuenetik. Atzeraldi Handiaren atarian egindako zenbaki horretan, zenbait ikuspegi osagarritatik aztertu ziren euskal ekonomiak hogeita bost urte horietan izandako bilakaera eta herrialdearen lehen transformazio handiaren arrakastaren gakoak, betiere unean uneko lehentasunak identifikatzeko eta etorkizunean berriro ere arrakasta izateko. Horretarako, eta giza garapen jasangarriaren ildotik, garapenaren ikuspegi integrala jasotzen zen zenbait artikuluren bidez —ekoizpen-sarearen eraldaketari, ongizatearen eta gizarte-kohesioaren mailari eta ingurune fisikoari buruzko artikuluak ziren—.Hamar urte geroago, behar-beharrezkotzat jo da garai hartan egindako politika publikoen azterketa, diagnostikoa eta proposamena errepikatzea eta eguneratzea, Euskal Autonomia Erkidegoak 2030era begira aurre egin beharreko erronkak deszifratze aldera.

Ikuspegi horretatik, 2019an landu ziren zenbaki honetan bildutako ekarpenak. Haatik, 2020ko martxoan, COVID-19aren pandemiaren ondoriozko osasun-krisialdiak eten egin zuen susperraldia, eta atzean geratu ziren modu jarraituan hazkunde-tasa positiboa izan zuten 13 hiruhilekoak eta enplegu-igoera izan zuten 11 hiruhilekoak. Osasun-krisialdiak “Ekonomiaz” aldizkariaren argitalpen- eta aurkezpen-planak ere aldatu zituen, eta 10 urteko epea itxi zuen. Epe hori Atzeraldi Handiarekin hasi zen eta pandemia historiko baten etorrerarekin amaitzen da.

“Ekonomiaz” aldizkariaren 35. urteurrenaren ondoriozko argitalpena bost multzotan egituratzen da. Artikuluen lehen multzoaren bidez, Atzeraldi Handiaren ostean euskal ekonomiaren eta finantza-sektorearen jokabidearen diagnostiko zabala eskaintzen da eta Euskadik pandemiaren aurretik zituen erronkak azaltzen dira. Agertokiaren aldaketak, beraz, erronka horiek berrikustea eskatzen du, hartutako bideak erabat eten baitira.

Bigarren multzo batean, zenbait eskalatako gobernantzaren —publikoaren zein pribatuaren— gaia jorratzen da, beste erronka batzuetara egokitu behar baita.

Hurrengo multzoak tematikoak dira, zuzenean 2030erako erronkei begira daudenak. Hortaz, hirugarren multzoan, euskal ekonomiaren erresilientzia-gaitasuna sendotzera bideratutako politikak biltzen dira, arlo soziosanitarioko beharrei —osasun, hezkuntza, lan eta gizarte-babeseko beharrei— erantzungo dieten kalitateko zerbitzu publikoak zuzkituz. Laugarren multzoan, berriz, pandemiaren ondoren ekonomia suspertzeko palanka gisa hautatu den eraldaketa energetiko ekologikoarekin lotura estua duten politika sektorialak edo tematikoak biltzen dira. Azkenik, bosgarren multzoan, euskal ekonomiaren digitalizazio-maila eta bilakaera sektoriala deskribatzen duen eta, hartara, transformazio digitalaren erronkarekin bat datorren azterlan bat jasotzen da.

“Ekonomiaz XXXV. urteurrena” zenbakian 25 egileren azterlanak biltzen dira.

Lehenengo multzoa Alberto Alberdik eta Arantza Olaldek irekitzen dute. Luze eta zabal azaltzen dute euskal ekonomiak Atzeraldi Handiaz geroztik egin duen ibilbidea, bai makroekonomiaren eta lehiakortasunaren ikuspegitik, bai kanpoko sektorearen, lan-merkatuaren, sektore publikoaren eta finantzaketaren ikuspegitik. Balantze ekonomikoa, finantzarioa eta kontu publikoak aurkezten dituzte, eta, gero, krisialdiak eragin zituen inpaktuei begiratzen diete, Europar Batasunean baino askoz ere inpaktu handiagoak izan baitziren bertan. Bestalde, Josu Ferreirok eta Carmen Gomezek aditzera ematen dute sektore finantzarioa aurreko krisialdiaren eragileetako bat izan zen arren, oraindik ere ekonomiaren finantziarizazioaren arriskua dagoela.

Bigarren multzoak gobernantzari heltzen dio hainbat mailatatik, nola maila publikotik (erakundeen artekoa, etika, gardentasuna, bizikidetza), hala pribatutik (enpresaren eta lan-harremanen kontzeptu berria). Federico Steinberg-ek, multzoari hasiera emateko, munduko merkataritzaren errealitatea deskribatzen du eta haren gobernantza-egiturak oso azkar ari direla aldatzen adierazten du. Aditzera ematen du, herrialde-estrategia bat planteatuko bada, funtsezkoa dela kanpo-ingurunea aztertzea, are gehiago aurreko ordena globala eta Europako eredua auzitan dauden eta desoreka ekonomiko handiak dauden garai honetan. Ekonomiaren eta moralaren arteko loturatik abiatuta, eta Atzeraldi Handiak Europako herritarrengan eragindako zauriak behatuta, Joxerramon Bengoetxeak Europar Batasunaren etorkizuna zehazten duten balioak hautatzen ditu: giza garapen jasangarria eta gobernantza demokratikoa. Bestalde, Ander Gurrutxagak euskal gobernantza nola gauzatzen den hausnartzen du. Euskal gobernantza diskurtso publikoetan egiten da agerikoa, baina praxia etengabe aldatzen ari diren lurraldeetan egin behar da. Kevin Morganek, Mikel Navarrok eta Jesus Mari Valdalisok modu positiboan baloratu dute Euskal Autonomia Erkidegoko gobernantza ekonomikoak azken hamarkadetan izan duen ibilbidea eta gaur egun egiten ari dena, eta nabarmendu dute ibilbide horrek emaitza onak izan dituela, aditu gehienek euskal ekonomiarentzat etorkizun iluna aurreikusten zuten arren.

Hirugarren multzoa ongizate inklusibo eta erresilienteari, gizarte-kohesioari eta bizi-baldintzei buruzkoa da, eta hazkunde inklusiboaren baldintzak bermatzeko eta biztanleentzako bizi-baldintza egokiak ziurtatzeko giltzarri analitikoak eskaintzen ditu, erreferentziatzat hartuta errentaren banaketa, osasuna, hezkuntza, lana eta etxebizitza. Ricardo Iruarrizagak eta Jose Angel Colinasek errentaren banaketan dauden desberdintasunei buruzko azterlan analitiko zabala eskaintzen dute, eta ondorioztatzen dute 2014-2018 aldian izandako lau urteko hazkunde biziak eta langabeziaren jaitsierak ez dutela erabat irauli krisialdiak Euskadin eragindako desberdintasunaren igoera.

Ricardo Nuño-Solinis-ek Euskadiko osasun-sistema aztertzen du, eta adierazten du biztanleriaren osasun-adierazle askok ez dutela, oro har, okerrera egin krisialdiarekin, eta, are gehiago, nabarmendu du bilakaera ona izaten jarraitu dutela krisialdian.

Francisco Monzonek eta Francisco Lunak hezkuntzaren atala jorratu dute, eta aditzera ematen dute euskal hezkuntza oso egoera onean dagoela, hamarkada askotan egin den ahalegin handiaren ondorioz; edonola ere, sistemaren alderdi estrategiko batzuk berraztertu behar direla uste dute (hezkuntza inklusiboa, besteak beste). Javier Ramosek, bestalde, lan-merkatuak hamarkada honetan izandako aldaketa kuantitatiboak eta kualitatiboak, positiboak eta negatiboak deskribatzen ditu, eta nabarmentzen ditu biztanleria landunaren zahartze nabarmena, biztanleria aktiboaren kualifikazioa handiagoa eta lan egiteko beste modu batzuen agerpena —lan egiteko beste modu horien ondorioz, beste arau-esparru bat zehaztu behar da—.

Mamen Garzok, Laura Gallok eta Antonio Corralek atzeraldiaren ondorioz etxebizitza-politikan izan den aldaketa deskribatzen dute, atzeraldian aurrekontu publikoa gogor uzkurtu zen eta biztanleriaren etxebizitza-premiei erantzuteko gaitasuna mugatu zen. Hartara, etxebizitza-politika aldatu da, etxebizitza sustatzera bideratzen zen politika batetik, pertsonak ardatz dituen eta helburu sozialak dituen politika batera.

Laugarren multzoa lurraldeari eta jasangarritasunari buruzkoa da, eta erakusten du, pertsonen ikuspegitik izan beharreko hazkunde inklusiboaz gain, ingurune fisikoaren ikuspegitik ere hazkunde jasangarria behar dela. Pedro Jose Lozanok, lurralde-antolamenduari buruzko artikuluan, aditzera ematen du ezin dela modu positiboan baloratu Lurralde Antolamenduaren Gidalerroak berrikusteko prozesua, hamahiru urtez atzeratu baita; aitzitik, modu positiboan balora daiteke prozesu horren ondorioz lurralde-antolamenduaren inguruan sortu den eztabaida eta ideia-truke emankorra. Ingurumen-jasangarritasunari buruzko lanean, Alberto Ansuategik erakusten du Atzeraldi Handiak zer-nolako eragina izan duen transformazioaren bideari eusteko euskal ekonomiaren ahaleginean —hau da, euskal ekonomiak karbono gutxiago erabiliko duen eta baliabideen erabilera efizienteagoa egingo duen ekonomia lehiakorragora bidean egindako ahaleginean—.Multzo honetako azken lanean, Jose Morenok azpiegituren egoera eta bilakaera du aztergai. Egileak adierazten du, oro har, krisialdiak inbertsio-erritmoa murriztu duela aktibo guztietan, baina produkzio-kapitalaren stock-maila murriztu gabe. Era berean, aditzera ematen du, krisialditik aurrera, gero eta apustu handiagoa egin dela ekoizpen-prozesuetan azpiegitura teknologikoagoak sartzeko, baina Europako batez besteko mailetara iritsi gabe.

Azken multzoan, Agustin Zubillagak eta Iker Pastorrek krisialdiaren amaieratik —2013-2017 aldian— euskal ekonomian izandako digitalizazioari buruzko ikerketa enpiriko baten emaitzak eskaintzen dituzte. Intentsitate digitalaren araberako neurketa egin dute, lau dimentsiotan/aldagaitan oinarrituta (ekoizpen digitalean, kontsumo digitalean, salmenta digitalean eta informazioaren eta komunikazioaren teknologietako espezialisten kopuruan). Ikerketa horretan ikus daiteke digitalizazioa heterogeneoa dela jarduera-adarren artean eta garrantzi handikoa dela manufaktura aurreratuarekin lotutako industrian; era berean, ikus daiteke digitalizazioa indartu behar dela oraindik digitalizazio txikia duten jardueretan, hala nola lehen sektorean eta zenbait zerbitzu-arlotan.

Azken mezu gisa, Jordi Campàs “Ekonomiaz” aldizkariko zuzendariak adierazi du “hurrengo hamarkadetako erronka izango dela euskal ekonomiak datozen 50 urteetarako izan beharreko oinarriak eta oparotasun-ibilbideak finkatzea. Hemen eta orain egiteko aukerak erantzukizun handia dakar, eta herrialdeko eragile ekonomikoen eta sozialen parte-hartzea eskatzen du. Kolektiboaren garrantzia nabarmentzea eskatzen du, «ekosistema» «egosistemaren» ordez. Etorkizunaren abokatu bihurtzea eta horren arabera jokatzea eskatzen du, erantzukizun indibidualetik eta kolektibotik. Inbertsioa berreskuratzea eta eskura dauden baliabideak ahalik eta gehien aprobetxatzea eskatzen du, transformazioko eta oparotasun jasangarriko palanka gisa jarduten duten etorkizuneko erronkekin koherentziaz eta irmotasunez lerrokatzeko”.

 

 

 

Vitoria-Gasteiz, 2020ko abenduaren 3a

 

 

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak