Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziak babestuko ditu garapen lankidetzako, garapen produktiboko eta gizartea eraldatzeko hezkuntzako 77 proiektu

2020-11-28
  • Onartutako ekimenen %42 emakumeen ahalduntzeari zuzenduak daude, eta %20 Afrikan egingo dira.

Aste honetan, Gobernu Kontseiluak onartu du garapen lankidetzan proiektuetarako laguntzen 2020ko ebazpena. Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziak-eLankidetzak egindako aurtengo deialdian 32 milioi euro bideratu dira 77 proiektu finantzatzera. Azken horiek hiru modalitate nagusietan banatzen dira: garapenerako lankidetzako proiektuak; garapen produktiboko, prestakuntzako eta laguntza teknologikoko proiektuak, eta gizartea eraldatzeko hezkuntza-proiektuak.

eLankidetzaren lehentasun estrategikoei jarraituz, onartutako ekimenen %42 emakumeen ahalduntzeari zuzenduak daude, eta %20 Afrikan egingo dira.

Hiru finantzaketa lerroetan banatutako proiektuak

Garapenerako lankidetzaren proiektuek balio dute pobreziaren aurkako borrokarako eta pobretutako Hegoaldeko herrialdeen prozesuak indartzeko.

Azken horietara bideratu dira funts gehienak ─26,6 milioi euro inguru─ eta 53 proiektuk jasoko dute dirulaguntza. 21 herrialdetan egingo dira, horietatik nagusiak dira Guatemala, Peru eta El Salvador, eta, Afrikan, Kongoko Errepublika Demokratikoa.  

Garapenerako lankidetzako proiektuak Hegoaldeko erakundeen bidez gauzatuko dira, eta, nagusiki bideratuko dira emakumeen ahalduntzera eta emakumeen aurkako indarkeriaren aldeko borrokara, giza eskubideen defendatzaileak babestera, herri indigenekin batera lan egitera, eredu ekonomiko solidarioak eta  jasangarriak sortzera, lurralde eta eskubideen defentsara edota komunikazio proiektuetara, besteak beste.

Garapen produktiborako, prestakuntzarako eta laguntza teknologikorako ekimenei dagokienez, lau proiektu onartu dira Kuban, Brasilen, Ekuadorren eta Euskadin. Guztira, 1,1 milioi euro inguru jasoko dituzte.

Azkenik, gizartea eraldaketarako hezkuntzan 20 proiektu onartu dira, eta ia 4,2 milioi euro zuzenduko zaizkie jorratzera herritartasun globala eta balioak, feminismoa, globalizazioa, giza eskubideak edo migrazioa eta babesa.

Proiektu horiek guztiak Euskadin egingo diren arren, Hegoaldeko errealitatearekin lotura izango dute; izan ere, helburua da munduko desberdintasunak sortzen dituzten egiturazko arrazoien ulermena sustatzea eta, gizartea eraldatzeko, euskal herritarren inplikazioa eta konpromisoa bultzatzea.

 

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak